ELA-Ertzaintzak Guardia Zibilaren “figuranteak” izan zirela salatu du
Ertzaintzako ELA sindikatuak ahotsa altxatu du. Gogor kritikatu du Eusko Jaurlaritza eta Segurtasun Saila. Ohar baten bidez eman ditu aditzera bere iritziak.
Polizia operazioaren “eszenifikazio politikoan Ertzaintzak figurantearena” egin zuela eta suminduta agertu da ELA-Ertzaintza. “Ertzaintzak Guardia Zibilarekiko erabateko menpekotasuna erakutsi zen operazioan”, dio ELAk, eta, gehitu, “Ertzaintzaren izaera integrala” aldarrikatzen dutela. “Beharrezkoa ez zen oihartzun mediatikoaren bila” eginiko operazioan ertzainek Barne Ministerioaren jolasa segi dutela salatu dute.
Espainiako Barne Ministroak aurrera eramandako atxiloketak ez zirela inondik inora beharrezkoak esan du, “pertsonak ezagunak eta gizartean txertatuak ziren, ez zegoen ihes egiteko arriskurik eta beraz epaitegira deituak izan zitezkeen“. “Espainiako Gobernuak nahiago izan zuen erresoluzio judizialen aurretik atxilotuak errudun bihurtu eta gizarte tentsioko eszenak sorrarazi“, dio oharrean.
“Operazioak salbuespen juridiko garaietara itzuli gaitu”, dio ELA-Ertzaintzak, “atzean utzi nahi ditugun ertzainak mehatxatuak ziren garaietara”. Bakea egonkortzeko ordua dela uste dute, eta atxiloketak helburu horren kontra joatea nahi zutela argudiatu.
Eusko Jaurlaritzari eta Segurtasun Sailari gertatutakoaren larritasunaren tamainako erantzun politiko eta instituzionala emateko eskatu dio.