El puerto de los aromas
Lehenago ere estimatzen genuen John Lanchester-en lan bat. Agian horrexegatik hautatu genuen EL PUERTO DE LOS AROMAS (Anagrama, Bartzelona) hau ere gure oporraldirako. Hautatutako bi liburuetatik bat izan da bera. Bestea, Chesterton-en EL HOMBRE QUE SABÍA DEMASIADO, baina honetaz mintzatuko gara aurrerago. Lurrinen portua Hong Kong-i ironiaz ematen zaion izena da, preseski horixe esan nahi du Hong Kong izenak. Antza, hango ur ustelen usain txarra dela eta, txiste txinatar bat dugu hori. Lanchesterrek hiru pertsonaren bizitzak kontatzen dizkigu nobelan zehar, bakoitza garai eta koordenada desberdinetakoa. Tom Stewart 1935an joan zen estraineko Hong Kongera eta han bizi da oraindik ere. Gizon maitagarria, Maria izeneko moja txinatar baten eskutik ikasiko du kantonera eta beste zenbait gauza ere bai. Tom honi eskainita dago nobelaren zatirik handiena. Bigarren protagonista Dow Stone izeneko emakume kazetaria da, Ingalaterrako bere bizitzaz aspertu eta Hong Kongera joaten dena. Pertsonaia ziznikoa benetan. Hirugarrena da gazteena, Mattew Ho, negozio gizon gazte onbera bat… Hiru bizitza eta bizimodu, beraz, baina askoz gehiago ere bada Lanchesterrek kontatzen diguna: hiria bera, historia hurbila, negozioen mundua, gizatasunaren balioa… Zoragarria egin zitzaidan irakurketa, interesez gainezka irakurri nituen pasarte guztiak, nobela luzea den arren. Bikaina, zinez. Ez dakit Lanchesterrek beste eleberririk idatzi ote duen, baina begira hasiko naiz, irakurtzeko. Hiru egunetan likidatu nuen, etzanda, palmondoen azpian. Gozamen handi baten oroitzapena gordeta daukat eta Lurrinen portuarekiko halako konplizitate samur bat.
[…] ALUA MUNDUA! Sinto-me nascido a cada momento/ para a eterna novidade do mundo… « El puerto de los aromas […]