El conquis: ikurrina eta gaztelania
El conquis: ikurrina eta gaztelania –
Badaukat lagun katalan bat, katalanista. EAEn asko, eta seguru asko Nafarroan ere, eta Errioxan eta abar dezente ikusten den “El conquis” programa maiz aipatzen dit. Horko balentria epiko, eta emozio liriko eta sesio komiko-dramatikoez gainera, beti salatzen dit bi oinarri dituela Katalunian onartuko ez liratekeenak. Zuzeuko irakurleari ez dago aipatu beharrik ere zein diren: ikurrina eta gaztelania. Berak dio Katalunian ez lukeela horrelako arrakastarik izango estelada eta gaztelania horrela lotuko lituzkeen programa batek.
Sekulakoak eta bi egin, lokatzetan txerriak bezala iraulkatu, kasu, eta zein da sari preziatua? Ikurrin handia, harro-harro eutsirik lau haizetara astintzen duena talde garaileko kapitainak. Proba guztietan. Garrantzi handiko ikurra, beraz. Ala oihal folklorikoa?, ala iparretar batek batere konplexurik gabe programari ezarriko liokeen espainol izenondoa estaltzeko?
Programaren bigarren zutabea gaztelania da, izaera ezberdinak dituzten partaideak elkarrekin harremanetan jartzeko, hots, elkarlanean taldean eta beste taldeekiko lehian aritzeko, ezinbestekoa guztiz. Lehiatik kanpo, telebistaren platoan egiten den debate edo hausnarketa eta iritzi trukean zer esanik ez! Jakin dezakezu euskara eta frantsesa, edota euskara eta ingelesa edota beste edozein hizkuntza; gaztelaniaz ez badakizu, jai duzu, eta gaztelaniarekin aski.
Frankismoan guztiz debekatua zela, euskal erresistentziaren ikur nagusietakoa zen ikurrina altxatzen du aipatzen dihardugun programa honetan ere, harro-harro, gainerako taldeekiko lehian garaile atera den taldeko kapitainak, baina ez du zerikusirik frankismo garaian ikurrinak zuen balio nagusiarekin, hots, erresistentziarekin.
Bai, okerragoa izango zen bandera gorri-horia altxatuko balute, garaile gertaturiko bakoitzean, baina nire lagun katalanak arrazoi guztiz behin eta berriz esaten didan bezala, EAEko herritarra izateko ikurrina garrantzizkoa den bezala, gaztelania ere oso garrantzizkoa dela adierazten du programak egitateekin, eta euskara, ez; bakarrik, “egun on”, eta “bat, bi, hiru” eta horrelako klixe batzuk esateko, eta ez besterik, balio sinboliko edo folkloriko huts bat baino ez du euskarak programa horretan, jakina den arren partaideetako asko elebidunak direla.
Orain hasten da benetan artikulu honen gaia, orain artekoa nahiko bistakoa baita, bistakoa bezain esanguratsua eta adierazgarria. Nork erosi eta lau haizetara zabaldu du ETB2n 2005az geroztik, hamabost urteotan, Globomediaren euskal filiala den Hostoil ekoizpen etxeak ekoitzitako programa? Bistan da aginte publikoek.
2005ean, ikurrina eta euskara ardatz zituela hasi balitz programa hori, ez al zen programa garrantzitsua izango euskararen normalizaziorako eta euskal gizartearen kohesio hizkuntza gisa finkatzen joateko Euskal Herrian? Entzuten ari naiz, ez zen egun bezain arrakastatsua izango ikusleen kopuruari dagokionez. Ados, baina bere ekarpen baliotsua egingo zuen.
Nire iritzian, lehenik, aginte publikoek dute erantzukizunik handiena; herritarrek egindako ongietorria eta onarpena ahaztu gabe.
Noiz izango dugu ikusterik Munduaren amaieraren konkistatzailea programa, euskara eta ikurrina ardatz ezinbesteko dituela?
Okerragoa da kontua: gauzak aldatu ez badira, programan euskara DEBEKATU egiten da; parte-hartzaileei ez zaie uzten elkarrekin euskaraz aritzera. Salbuespen bakarrak probak. dira. Horietan, eskuzabalki, elkarrekin euskaraz aritzera uzten zaie.
“Iparretar”? 🙂
Ipartarrak “eskandinabiarrak eta” Euskaltzaindiaren hiztegian, Iparraldekoak jar nezakeen, beno, talde armatuak izen hori erabili zuelako ez dakit zergatik ezin den erabili…irakur “iparraldekoek, lapurtar, baxenabartar eta zuberoarrek”.
Baina axolazkoena. Eusko Jaurlaritza eta ETB. Koronabirusarekin ezin argiago ikusten den telebista publikoaren kontrol eta erabilera publizistaz gain (kazetariak sarri askotan Urkullu eta Tapia eta gainerakoen bozeramaile dira, politikarien interpretazioak plazaratzen dituzte, ez beraiek datuak aztertu ondotik ondorioztatuak; Urkullu berdin berdin agertzen da ETB2n, Espainian erregea TVE1en bezalatsu, eusko gizarteari mintzo edota etxean dauden ikasleei eskola ematen, berdin da, kontua da telebistan produktu komertzialen iragarkiak agertzen diren bezain maiz agertzea), euskaldunak erdal gizartera eramateko eta “bertan goxo” eginarazteko tresna da, gaur egunean darabilten bezala.
Niri Joseba Arregi etortzen zait gogora: hura hasi zen esaten iragan mendean euskaldunok erdal gizartean txertatu behar genuela natural-natural eta horretan ari dira. “Audientziak” lagunduta. Euskaldunak txinatarrak bagina, edo gaztelaniadunak baino gehiago oso ondo egongo litzateke “ikusleen datuak” Jainko bihurtzea, baina gure historia eta egungo egoera soziolinguistiko-politikoa kontuan, oso politika txarra da. Neurri eraldatzaile sakonak behar ditu, ez erreforma arinak!
Atzo bertan ETB2n ez ezik ETB1en, EAEko euskotar baten nobela baten propaganda, autoreak liburuaren zati bat gaztelaniaz irakurri zuela, eta ETB1eko ikusleei gaztelaniaz mintzatu zitzaigula.
Irakaskuntzarekin alderatuta, ETB da B eredu txar bat, ze ETB2ri ematen dio dirua eta lehentasuna arlo giltzarrietan: albisteak, aktualitatea, eta fikzioa.
Erdal telebista, ETB2, euskal telebistaren, ETB1en lehiakide gaizto bilakarazi du EAJ-PSEren gobernuak.
Askoz baliabide gehiago bideratzen dira ETB2ra, ETB1era baino. Albaitari batek ere igarriko luke hori, bateko eta besteko saioak alderatuta.
Funtsean, EAJ-PSEk, euskaldunak erdalduntzeko makinatzar horretan dirutza inbertitzen dute. Berdintsu gertatzen da Radio Euskadi eta Euskadi irratiarekin ere.
EiTB-irratiarena ere aipatzeko modukoa da. Bertan eskainitako musika ingelesez sortua da, oso nagusiki; euskaraz dezente gutxiago (hiruzpalautik bat), gaztelaniazkoaren pare-edo. Tartekatzen diren grabatutako iruzkinak, erdiz erdi españolez eta euskaraz dira…
EiTBk baina, “euskarazko” kateen multzoan sartzen du EiTB-irratia, lotsatu barik…
EAJ-PSEren hizkuntz politika hilgarria delako (beste) adibide mardul bat.
Bestalde, baina, Ezker Abertzaleak eta bestelako eragile abertzaleek ez dute egoera honen berri? Ez zaie ardura? EAJ-PSEren laguntzaile dira?
Bat nator Pakok adierazitakoarekin. Aitortzen dut programaren (motaren) zaletzat dudala nire burua, produktu erakargarria da, dudarik ez da. Horregatik beragatik, uste baino garrantzi handiagoa du programak, batez besteko EAEko herritar normalizatuaren (harmoniko eta desiragarriaren) eredua proiektatzen du, gizarte-bakerako oinarrizko adostasun mota finkatzen duena, ikusle tasa handiak babestuta. Ikurriña bai, baina badakigu duela hamarkada batetik gutxienez, Ikurriña, “Euskadi” bezala, EAEko autonomia-erkidegoaren sinboloa dela EAEko agintarientzat, Espainiako administrazio-unitatea. Euskaldunak desagertu gara.
Programa aukera ederra izango zen euskal eredua, bestelakoa, mundura zabaltzeko, hasieratik ausardiaz elebitasunaren alde apustu egin izan balute, normaltasunez euskara erabiltzearen alde, eta gogoa izanez gero, parte-hartzaileak (kamera aurrean) naturaltasunez EUSKARAZ ARITZERA ZIRIKATZEKO. Tamalez, ez da hori kasua, eredua erabat DIGLOSIKOA da, euskaldunaren asimilazionista: euskaldun jator, hitz-urriko, kirolzale, apustuzale, egoskorraren hauspotzaile.
Ez dakit euskaraz egitea zuzenean DEBEKATZEN duten, Naparroanek esan bezala. Esango nuke, gaurko terminologia “positibora” lerratuz, kameren aurrean (HOBE) GAZTELANIAZ egiteko ESATEN (“ADITZERA EMATEN/PROPOSATZEN”) dietela. Ez da dudarik batzuk jo eta ke dabiltzala irlandar ereduaren alde: euskara bai, dekoraziorako!
Aupa Pako. Bete-betean jo duzu. Ikurrina folkloriko hutsa da. Baina horren atzetik ibiltzen dira agintariek, eta gainera harro-harro daude, arrakasta edukiz gero haiei bost. Pena da agintari hauek edukitzea, eta penagarriagoa da ikustea jasotzen dugun egoeraren aurrean zer ikusle gutxi planteatzen diren zer edo zer… Teleboina zoritzarrez ez dago herria sortzeko, herria egiteko, baizik eta agintarien sasilorpenak helarazteko… EITBren proiektuaren berplanteatu beharko genuke sustraietatik… Asko gustatu zait hausnarketa…
Milesker Berrotza
Iñakiren iruzkinarekin bat nator, oro har.
Nik ere uste dut, Pakok bezala, El conquisen gisako saio bat euskara hutsez beharko lukeela. baina bestalde, ez nuke gaizki ikusiko ele bietan egindako saio bat MAKULU gisa erabilitako balizko ETB2 batean, ETA1eko saioaren osagarri. Hots, egungo egoera iraularazita.
ETB1ek behar luke izan telebista kate nagusia, eta ETB2 erdaldunei euskal munduratzeko eskainitako zubia…
Lehenik, Iñaki, eskerrik asko zure ekarpenagatik. Bestalde, nirekiko, euskaraz izan behar luke programak baina, jakina, ez dago nire esku eta ez zure esku Iñaki, eta ezta zuzeuko irakurleen esku ere.
Baina, demagun, elebidun planteatu nahi dugula. Nola planteaturik izango litzateke ona euskaldunontzat?
Hasteko, partaide guztiek jakin beharko lukete euskaraz (ahoz C1 maila gutxi gorabehera; ez azterketa batean egiaztatua baina ahoz frogatua). Ona izango litzateke euskaraz eta frantsesez edo euskaraz eta ingelesez dakiten batzuk ere egotea. Eta axola handiena duena: hizkuntza nagusia euskara. Aurkezleak euskaraz.
Utziko litzaieke euskara bigarren hizkuntza dutenei gazteleraz egiten, barrua asaskatzen, maldizioak eta gaztelaniaz botatzen, baina ez nagusiki gaztelaniaz mintzatzen. Hizkuntza nagusia euskara.
Eta telebistako platoan egiten diren debateak euskaraz.
Horrela bai. Bestela ez, nire uste apal edo harroz.
Egun on Pako, Jonjo eta besteak (badirudi beste argazki bat jarri didala… zer egingo diogu), eredu errazik eta zuri-beltzik ez dut ikusten, baina bai argi izan zein eredu transmititu nahi dugun.
Erdal mundua hor dago, ni Lasarten bizi naiz, euskarazko mundua harrien azpian begira aurkitzen da. Nahiko lan euskaraz normaltasun pixka batez hitz egiteko. Laburrera begira, alegia, ETB2 existitzen dela eta programa horrek ikusle asko dituela ukatu gabe, barne-hartzailea izan behako luke, EUSKARA BEREZKO EZAUGARRITZAT/baliotzat (balio nazionaltzat) hartuta. Orain ere badu identitatea, baina espainiarra da, autonomikoa, Gaztela Leonek duen beste. Eta euskaltasunari dagokionez, El Conquisen guk identitate SUZEDANEO bat jasotzen dugu, ordezko bat, identitate “espainiar-sinpatikoa”, indioa.
Irakurri beharko lirateke ETBren estatutuak, esango nuke elebiduna dela (barka, buruz ari naiz, ETB2 sortu zen garaiaz!). EITB ez da erakunde pribatua, ez luke behar, berehalako irabaziei lotua; aldiz, lan publikoa egiten du.
El Conquis programak izan zuen antzeko euskarazko programa bat, Invictus, baina argi dago baliabideetan murritza zela. Ia dena Leitzaranen errodatu zen (ez da berdina, noski!); argitasuna bera itzala zen, denbora guztian zuhaitzen pean noski, itsasorik ez. Hori baliabidez hornitzea da gakoa, EUSKARAZKO ELEBAKARRA indartzea.
ETB2ko programa, berriz, jarraitzekotan (eta baditu urteak), beste hizkuntza- (botere-)harreman batzuk islatu beharko lituzke, euskarari berezko indarra emanez: HITZ EGIN LASAI eta OZEN (NAHI BADUZU) EUSKARAZ kamera aurrean (izan ere, hori transmititu nahi dugu), eta aurkezleak euskaraz jarraitzea lehiakideak euskaraz egin badu.
Une honetan, gaztelaniazko giroan (eta programa horretan oso argi), euskaldunak HANDICAP BAT du (baina handicap maitagarria eta exotikoa…): bere hizkuntza-identitate hori ezkutatu behar du. Aldiz, euskarak berezko pisua behar du. El Conquis ez da zuzenean egiten, eta posprodukizoa ere hor dago azpitituluetarako. Batez ere transmititzen den hizkuntzen/hiztunen arteko Euskal Herriko HARREMAN EREDUA aldatzea da gakoa, gaztelaniaren (frantsesaren) morrontzarik gabe.
Nik adierazi dudan aukera inork posibilistatzat joko du, baina beste aukera izango litzateke El Conquis programa zuzenean pribatuen eskuetan uztea, eta ETB1/2ri buruz hileta hotsak entzuten ibiltzea beti… Horra nola ikusten dudan.