Ekonomia eta gizarte berdeago bat

Ekonomia eta gizarte berdeago bat –

Arkaitz Urdanpilleta Irazuk BERRIAn.


Azkenaldian, ekonomia berri ikaragarri ikusten ari naiz askori arrotz egiten zaizkien hitzekin: taxonomia, ekonomia zirkularra, bonu berdea edo jasangarritasuna ardatz dituztenak, besteak beste. Argi dago ekonomia-mundua paradigma berri baterantz doala. Klima aldaketaren ondorioei aurre egiteko neurriak ari dira gure egunerokotasunean barneratzen, Europatik datozen aginduak martxa hartzen doaz gurean, poliki-poliki. Erabat beharrezkoak direla ukaezina den arren, enpresa askok bereizgarri gisa erabiltzen dituzte, gizartearen aurrean konpromisoa erakusteko eta markari balio erantsia emateko.

Ekonomia eta gizarte berdeago bat

Gogoratu behar duguna, ordea, zera da: Euskal Herriko enpresa gehienek ez dituztela ekintza hauek borondatez bideratu. Izan ere, legeak derrigortu arte, enpresa askok eta askok ez dute inolako aldaketarik proposatu, ez ingurugiroari dagokionez, eta are gutxiago gizartearen alorrean. Gizartea aipatu dut, bai, sarri alde batera uzten den agente aktiboa delako, eta konpromisoa zor zaiolako, alegia.

Hori guztia kontuan izanik, ondorio argi batera heldu gaitezke: enpresen konpromisoa legearekin batera doala. Legerik ez balego, behartuta ez balitz, zenbat enpresak egingo lukete ahalegina ingurumena zaintzeko? Enpresek mozkinak lortzea dute helburu, argi dago. Ingurugiroaren zaintza marketin kanpaina egiteko aukera paregabetzat jo dute. Kontsumitzaileok garbi izan beharko genukeen ideia da hori.

Hortik abiatuta, honako galdera hau ere bururatu zait: noiz hasiko dira enpresak gizartea hobetzeko eta berdintzeko lan egiten? Datu ekonomikoak aztertuta, inflazioa, soldaten izoztea, horniduren prezioa eta gizartearen arteko mailakatzea geroz eta esanguratsuagoak dira. Eta enpresek izugarrizko boterea dute hori guztia ekiditeko, gizarteak lana egiten baitu eta lan eredua enpresek ezartzen baitute.

Euskal Herriko zenbat enpresak lan egiten dute gizarte orekatuagoa lortzeko? Ez dut esan nahi enpresek dirua gobernuz kanpoko erakundeei bideratu behar dietenik. Badaude bestelako hainbat neurri: mozkinak gutxitu, zuzendariei dibidendurik ez eman eta diru hori langileen artean banatu, esaterako. Zenbat enpresa egongo lirateke prest, modu anonimoan eta kanpoko bitartekari bat medio, langileek enpresaren funtzionamenduari buruz egindako ebaluazio bat jasotzeko eta publikoki erakusteko? Zenbat enpresa egongo lirateke prest irabaziei uko egin eta 30 orduko lan-astea ezartzeko, jende gehiago kontratatuz? Zenbat enpresak egiten dituzte haien jarduerak sortzen duen gizarte inpaktua neurtzen dituzten txosten objektibo publikoak? Egongo al lirateke enpresak prest errentagarritasuna %2 murrizteko eragin soziala hobetzeko? Enpresak beren zuzendaritza nagusian gizarte politiketan adituak diren pertsonak sartuta al dituzte?

Argi dago oraintxe bertan galdera hauei baietz erantzungo dion enpresa gutxi aurkituko ditugula, oker egotea nahiago nukeen arren. Enpresa askok eta askok ez dituzte galdera hauek planteatu ere egiten.

Ingurugiroarekin gertatu den bezala, ziurrenik legeak atera arte enpresak ez dira mugituko gizarte arloan, horregatik uste dut askok saltzen dizkiguten jasangarritasuna, garapen jasangarritasunerako helburuak eta abarrak ez direla batere sinesgarriak.

Hemendik eskakizun bat egin nahi nieke enpresei: mesedez, ez itxaron legeak behartu arte eta hasi lanean gizartearekin batera gizarte berdinago eta justuago bat lortzen, beranduegi izan baino lehenago.

Ekonomia eta gizarte berdeago bat Ekonomia eta gizarte berdeago bat

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.