Ekainak 11: Txomin Peillenek jasoko du Euskal PEN idazluma
Txomin Peillen lehen Euskal PEN Klubaren sorreran izan zen 1951ean, besteak beste, Jokin Zaitegi, Federico Krutwig, Andima Ibiñagabeitia eta Jon Miranderekin. PEN Club Vasco IDAZKORTZ izenpean, Biarritzen izan zuen egoitza. Lehen saiakera hark,baina, bizitza laburra izan zuen.
1987an hainbat euskal idazlek berriro egin zuten ahalegina, orduko hartan Euskal PEN Kluba izenaz. Txomin Peillen ere izan zen orduko hartan. Egun Txomin Peillen Euskal PEN Klubaren ohorezko lehendakaria da.
Txomin Peillen Parisen jaio zen 1932ko azaroaren 17an. Ikerlaria, idazlea eta euskaltzain osoa da. Hamaika ikerketa lan egin ditu etnografiaz eta hizkuntzalaritzaz.
Hamabi ipuin eta eleberri liburu argitaratu ditu eta bost sari lortu. Literaturan umorea, fantastikoa, politikazkoa, poliziakoa eta erotikoa landu ditu.
PEN Idazluma ez da saria, baizik eta Euskal PENek jendaurrean egiten duen ekitaldia letren arloan buruturiko lana ezagutarazteko asmoz. Agerian utzi nahi da hitz askearen alde egindako lana, edo lan hori burutzeagatik jasandako erasoa.
Txomin Peilleni PEN Idazluma ekainaren 11n emango zaio Bilboko Liburu Azokan, Areatzan dagoen pabiloian, arratsaldeko 7,30etan. Jean-Louis Davant-en aurkezpenarekin.