EiTB “galderarik gabeko” kazetaritzaren aurka agertu da
Kazetaritza fakultateetan erakusten ez zen kontzeptu bat oso ohiko bilakatu da azken denboran: galderak onartzen ez diren prentsaurrekoak. Baita goiko argazkian ikusten duzuen moduan, plasmaurrekoak. Asko dira burla honen aurka agertu diren hedabideak, baita aurkako ekimenak, ‘galderark gabe, hedapenik ez’ esaterako.
EiTBko Erredakzio Kontseiluak eta Zuzendaritzak “galderarik gabeko kazetaritzarekin” bat ez datozela adierazi dute ohar batean. Bide batez, jokabide komunikatibo hauek bertan behera uzteko eskatu diete erakundeei. Era berean, aipaturiko eskariarekin bat egiteko gonbita luzatu diete gainerako kazetari eta informazio taldeei.
Adierazpena atzo, irailaren 10ean, Gasteizen egindako Administrazio Kontseiluan aurkeztu zen. Hona hemen oharra osatzen duten 7 puntuak.
1. EiTB taldeak ez ditu begi onez ikusten gero eta ohikoago bihurtzen ari diren zenbait jokabide komunikatibo kezkagarri. Hala nola: “ galdetzeko aukerarik gabeko prentsaurrekoak”, “galdera kopuru mugatu bat soilik onartzen dutenak”, “pantaila bidezko agerraldiak”, “errealizatutako telebista-seinale itxien distribuzioa” edota “aldez aurretik editatutako adierazpenak”.
2. Guztiek ere informaziorako eskubide unibertsala murrizten dute.
3. Kazetaria, subjektu pasibo bihurtzen dute. Izan ere, lanabes nagusia ebasten diote: galdera. Galderarik gabe kazetariak ezin du lortu ez argibiderik, ez xehetasunik, ez ziurtapenik, ez eta testuingururik ere albistegai diren gertaera eta dierazpenen gainean.
4. Galderarik gabeko kazetaritzaren bidez herritarrei ohostu egiten zaie sistema demokratiko ororen tresna nagusietako bat: informazio kontrastatu baten eskutik landutako espiritu kritikoa.
5. Hau guztia horrela izanik EiTBko zuzendaritzak bat egiten du telebistako, irratiko eta Interneteko Erredakzio Kontseiluek adostutako irizpidearekin eta honenbestez, talde honetako albistegietan espreski aipatuko da bertan eskainitako dierazpenen nahiz irudien jatorria baldin eta 1.go puntuan aipatutako moduren batean jaso badira.
6. Bide batez eta EiTBk euskal gizarteari zor dion zerbitzu publikoa kontuan hartuta, Euskal Irrati Telebistak honako dei hau egiten die gizarteko agenteei: aipatutako portaerak bertan behera utzi eta lehenbailehen ahalbidetu ditzatela baldintza egoki batzuk non eta kazetariei bide emango zaien informazio zehatza, egiaztatua eta kontrastatua lortzeko.
7. Era berean, EiTBtik gonbitea zabaltzen zaie gainerako kazetari eta informazio taldeei ere hemen aipatutako eskariarekin bat egin dezaten.