EHUren prekarizazioa salatu eta ordezkoentzako baldintza duinak eskatu ditugu

EHUren prekarizazioa salatu eta ordezkoentzako baldintza duinak eskatu ditugu –

EHUren prekarizazioa salatu eta ordezkoentzako baldintza duinak eskatu ditugu

Ikasturte hasierako ekitaldiaren egunean elkarretaratzea egin dugu Arabako Letren Fakultatearen aurrean, 180 langile inguru bertaratu garelarik. Aldebakarrez erabakitako ordezko irakasleen politika berriak are murrizketa gehiago dakartzanez, aurrerantzean ere mobilizazioekin jarraitzeko asmo irmoa agertu dugu.

2023/2024 ikasturtearen zabaltze ekitaldian, ohi bezala, agintariek unibertsitate publikoaren alde egindakoak azpimarratuko dituzte, dena ondo bidean dagoelakoan edo. Baina ez da horrela, EHUko langile guztien lan-baldintzen prekarizazioa geroz eta larriagoa da; ezin ditugu ahaztu azken ikasturteetan eman diren murrizketa eta aldebakarreko erabakiak, erretiro akordioa bertan behera uztea edo kanpusen itxiera kasu. Unibertsitate publikoak duen finantziaketa falta da langileen eskubideen gainbeheraren arrazoi nagusia.

Azken ikasturteetan salatu ditugun aldebakarreko erabakiei, beste murrizketa bat gehitu behar zaio. Ikasturte bukaeratik EHUko zuzendaritzak ordezko kontratuen egoera larritzen ari da Irakasle-Ikertzaileen arloan. Izan ere, USLOren (Unibertsitate sistemaren Lege Organikoa) ezarpena UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileen lan baldintzak okertzea ekarri du. Ordezkoen egoera jada gogorra bazen ere, orain gehiago okertu dute ordezko irakasle politika berriarekin.

Hartara, UPV/EHUk erabaki du arduraldi osoko irakasle-ikertzaileen ordezkoak lanaldi partzialekoak izango direla nahiz eta irakasle-ikertzaileen lan-hitzarmenak eta 41/2008 dekretuak arduraldi osokoak izan daitezela ahalbidetzen duten. Beraz, arduraldi osoko irakasle-ikertzaileen ordezko berriei askoz jota soldata osoaren %34,29 ordainduko zaie (kasurik onenean, hau da, beraien irakaskuntza zama %75ekoa denean) eta gizarte segurantzan proportzio berdinean kotizatuko dute, plaza hutsak betetzen dituzten irakasleak salbu. Beraz, ordezkoen urteko soldata gordina 7.584€ eta 11.360€ artean egongo da, astean emandako klase kopuruaren arabera. UPV/EHUko zuzendaritza pasa den ikasturte bukaeran hasi da gurasotasun baimen zein bajen ordezkapenak era horretan egiten. Are gehiago, sailetatik jaso ditugun kexengatik, ordezkapen asko ari dira ukatzen behar argia dagoenean.

Jokabide hau guztiz onartezina da eta gure indar guztiarekin aurre egingo diogu. Areago, uste dugunean badirela irtenbideak berme juridikoarekin ordezkapenak osokoak izaten jarraitzeko borondate politiko eta negoziaziorako prestutasuna baino eskatzen ez dutenak.

Ordezkapen politika honek irakasle-ikertzaile GUZTIEN lan-balditzetan eta sailen irakaskuntza ahalmenean izango du eragina, eta gainera lan-hitzarmena eta lanpoltsen akordioa larriki urratzen ditu, zeintzuetan partzialtasuna murrizteko neurriak adostu ziren. Aldaketa honek haserre handia sortu du langileen artean, asteburuan argitaratutako 1.200 irakasle eta ikertzaile baino gehiagok sinatutako gutuna irakurtzea besterik ez dago.

Ordezkapen politika berriak ondorio larriak izango ditu:

Lanaldi partzialean jardungo duten irakasleen kopurua handituz, arduraldi osoko irakasle baten herena kobratuz, alegia, soldata 800 €tik beherakoa izango da, ordeztu eta estali gabeko kreditu kopuruak handituz, irakasle guztion irakaskuntza zama ere gogortuz. Irakaskuntzaren antolaketa lana zailduz Sailei, irakaskuntzaren beraren kalitatearen kontura zenbait kasutan (handituko dira, besteak beste, ikasgai batean hainbat irakasle edukiko dituzten ikasgaiak, irakasleek denborarik gabe prestatu beharko dituzte irakasgaiak, eta gainera askotan, gaian adituak ere ez direnak izango).

Honen atzean EHUk egiten duen Ordezko irudiaren interpretazio hertsia eta mugatua dago, baina baita Eusko Jaurlaritzaren Unibertsitate Publikoa finantzatzeko politika murritza ere, oso urruti dagoena Estatuko Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoak berak agintzen duen ortzimugatik: BPGren %1a, 2030 urterako. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzaren ekarpena % 0,4an dago.

Honen aurrean, LAB, STEILAS, CCOO eta ELA sindikatuok ondorengoa exijitzen dugu:

Lanaldi osoko Irakasle eta Ikertzaileen lanpostu guztien ordezkapen guztiak (baimenak, bajak, nahitaezko eszedentziak, zaintzarekin lotutako eszedentziak…) lanaldi osoko kontratuekin betetzea.
Lanaldi partzialeko kontratu kopurua murriztea, lan-hitzarmenean eta lanpoltsen akordioan kontratu horiek metatzeko lanaldi osokoak sortzeko mekanismoak aplikatuz.

Lanaldi partzialeko kontratuei soldata duina ezartzea klaseen prestakuntza eta zuzenketa lanak, oinarrizko koordinazioa eta kudeaketa, formakuntza eta irakaskuntzari loturiko ikerketa kontuan hartuz.

Eusko Jaurlaritzari, zehazki, eskatzen diogu, eman diezaiola EHUri USLOk ezarritako ordezko irakasleen irudi berria aurreko baldintzen arabera interpretatzeko behar duen babes politiko-juridikoa. Baita, modu esanguratsuan gehitzeko ere EHUri bideratutako finantziazioa langile guztientzako lan baldintza duinak bermatu eta zerbitzu publiko egokia emateko modua izateko. UPV/EHUko zuzendaritzak ere finantzazio gehigarri horren alde publikoki irmoago lan egin beharko lukeela uste dugu.

Horregatik guztiagatik eta baita urtez urte jasan dugun eros ahalmenaren galera eta lan baldintzen okertzea salatzeko (erretiroen hitzarmena bertan behera uztea, zentroen itxierak, ….), ikusita UPV/EHUko zuzendaritzak duen jarrera itxia, LAB, STEILAS, CCOO eta ELA sindikatuok, adierazten dugu mobilizazio dinamika abiatuko dugula, zuzendaritzak negoziatzeko borondate eta planteamendu argirik agertu arte.

Laster plazaratuko dugu mobilizazioen egutegia.

EHUren prekarizazioa salatu eta ordezkoentzako baldintza duinak eskatu ditugu