EHUn ere, euskalduntzeak tentsioa behar du

EHUn ere, euskalduntzeak tentsioa behar du – 

Azken hamarkadetan, euskalduntze prozesuan arlo eta zonalde batzuetan aurrerapauso esanguratsuak eman badira ere, administrazio publikoetan euskarak oztopo eta mehatxu gordinak ditu aurrean. Epaitegietan garatzen ari den euskararen kontrako ofentsibaz gain, eta Euskal Herrian, orokorrean, gutxitzen ari den euskararen erabileraz gain, zerbitzu publikoak euskaraz jaso ahal izatea ez dago inolaz ere bermatuta. Administrazioari dagokio, nagusiki, neurriak hartzea hizkuntza-eskubideak bermatzeko; EHU barne.

Azkenaldian hartutako zenbait neurrik zein ekainaren 11ko EHUko Gobernu kontseiluan onartu den EHUko IV. Euskara Planaren edukiak kezka sortu digute. EHU euskalduntzeko erronka neketsu horretan, hankamotza zen III Plana baino hankamotzagoa geratzen da plan berria. Emaitza beste bat izaten saiatu arren, zirriborroei egindako ekarpenak atzera bota dizkigute. Planean zehaztasun falta oso nabarmena da, helburuak eta ekintzak oso orokorrak izanda eta betekizun maila neurtzeko oso adierazle gutxi jasota. Horrekin batera, beharrezkoak diren neurriak hartzeko ausardia falta argia da. Plana kontinuista da, inertziaren erosotasunaren eremuan murgilduta. Baina EHUn daukagun inertzian mehatxu argiak ikusten ditugu, elementu kezkagarri berri batzuekin nahastuta. Izan ere, azken bi hamarkadetan EHUko zuzendaritzek izandako euskalduntze irizpide batzuk pitzatzen hasi direla sumatzen dugu. Hautematen da egoera bat non, egindako ahaleginek nahiko fruitu emanda ere, irizpideak arin daitezkeelakoan dauden. Agian euskalduntze prozesuaren inflexio puntu batean gaude non aldapa behera leuna hasi den? Denborak esango du, baina neurri eta joera batzuek hori ohartarazten dute.

Graduetako irakaskuntzari dagokionez, euskaraz eskaintzen diren derrigorrezko kredituen %94,4tik %96ra heltzea finkatu dute helburu moduan 2027rako. Zailtasunak eta salbuespenak kontuan hartuta (filologietan nagusiki), ez da onargarria, EHU martxan jarri zenetik 44 urte igarota, ikasle euskaldun askok unibertsitate publikoan graduetako irakasgaiak euskaraz jasotzeko eskubidea bermatuta ez izatea. Zein irakasgai diren identifikatuta dago, baina ez dugu ikusi plan ezta egutegirik irakasgai horiek euskaraz eskaintzeko. Eta zer esan graduko hautazko irakasgaiei dagokienez, non eskaintza askoz baxuagoa den. Finkatu den helburu bakarra euskaraz hautazko irakasgaiak dauzkaten graduak 53tik 56ra heltzea da; gradu bakoitzean irakasgai bana euskaraz eskaintzearekin lortuko litzatekeena…

Masterren kasuan, Planean proposatzen den euskarazko kredituen igoera (%14,1etik %19ra) nabaria izan arren, oso master gutxitan kontzentratuko litzateke. Izan ere, master gehien-gehienek euskararen presentziarik gabe jarraituko dute.

Euskara Planean jasota ez badago ere, ingelesezko eskaintzaren goraldi progresiboak zalantzak sortzen dizkigu. Nazioartekotzean murgilduta eta beste hizkuntzen ezagutzaren garrantziaz kontziente izanda (ez bakarrik ingelesa), euskararekiko lehia suposatzen du. Gero eta irakasgai gehiago eskaintzen dira ingelesez, baina sail askotan, graduetako irakasgai batzuk (bereziki hautazkoak) ez dira oraindik euskaraz eskaintzen (eta masterretan, zer esanik ez…). Baliabideak ez badituzte era nabarian handitzen eta irizpideak ez badituzte argi finkatzen (eta ez daude argi finkatuta) suma dezakegu nor aterako den galtzaile lehia horretan…

Irakasleen euskara profilari dagokionez, egun %66ak C1 profila dauka eta helburu moduan lau urtean %70era heltzea jasotzen da. Ehuneko horietara heltzeko ahalegin handia egin da urte askotan zehar eta horrela aitortu behar da. Hala ere, kezkagarriak diren alderdi zehatz batzuk sumatu ditugu. Lehen, salbuespenen bat izan ezik, iraunkorrak izango liratekeen lanpostuek euskara profila zeukaten. Azkenaldian, gero eta euskararik gabeko plaza gehiago heltzen dira erabaki batzordeetara, eta zuzendaritza taldeak gero eta gehiago onartzen ditu.

Era berean, aldaketa kualitatibo baten aurrean gaude. Izan ere, I3/R3 akreditazioa daukaten ikertzaileak, ikertzaile iraunkor lanpostuetara bideratu ordez, irakasle iraunkor plazetara bideratzen ditu zuzendaritzak, lanpostuaren hizkuntza-profila pertsona bakoitzari doituta. 2023ko EPEn 35 irakasle iraunkor plaza onartu ziren kolektibo horrentzat. Orain arte sortutakoek ez dute euskara eskakizunik eta, ikertzaileen hizkuntza-errealitatea ikusita, aurrera dezakegu sortuko diren plaza gehienak euskararik gabekoak izango direla. Hori ez da zuzena, gainerako irakasleei euskara C1 maila exijitu baitzaie. Horrez gain, euskararik gabeko irakasle berriek ezin izango dute bere gain hartu lankideen euskarazko irakaskuntza, azken horiek bat-bateko baja hartzekotan. Kontratatzeko bide berri hori ireki izanak berebiziko arriskua dauka. Espero daiteke sail batzuetatik euskararik gabeko lanpostuak sortzeko presioa gero eta handiagoa izatea: beste irakasle horri ez badiozu euskara eskatu, zergatik gure hautagai honi, denbora luzean sailean egonda, irakasle plaza ukatzen diozu? (bai, endogamia oso presente mantentzen da unibertsitateetan, EHUn barne…). Atea pixka bat irekita, handituko den presioak (izan sail, sindikatu edota pisu handiko pertsonek eraginda) atea gero eta gehiago ireki dezake, atzera egitea asko zailduz.

Teknikari eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen kasuan, Planean jasotako helburuak xumeak dira, nahiz eta lau urtean 3. hizkuntz profila akreditatuta daukaten langileen %42tik 50era igotzea, lortzekotan, aurrerapauso aipagarria izan. Hala ere, Planak ez du bermatuko euskarazko arreta barne zerbitzu ugaritan eta euskara eskakizunerako derrigorrezko datak bete gabe jarraituko du lanpostu askotan, besteak beste, martxan dagoen EPEn legez lanpostuek duten derrigorrezko euskara profila ez izatea ahalbidetuko baita hainbat lanpostutan.

Euskarazko arreta ez da egongo bermatuta kanpoko enpresetako zerbitzuetan ere. Nahiz eta enpresek azpikontratatzeko klausuletan euskarazko arreta ziurtatu behar dutela jasota egon, ez da betetzen gune askotan. Campusetako kafetegi, kopia-denda eta beste guneetatik pasatzen den edozein euskaldunak ondo daki hori…

Unibertsitate publikoa ez da soilik titulazio akademikoa lortzeko edo lan egiteko leku bat. Euskal jendartean eragiteko gune oso garrantzitsua ere bada, euskalduntzerako eta euskara bizirik mantentzeko gakoa. EHUn gauzatzen ari diren erlaxatzea eta zarata gutxiko aldaketen emaitzak hurrengo urteetan eta hamarkadetan ikusiko ditugu; agian beranduegi izango denean. EHUn gauden langile eta ikasle euskaltzale guztioi aktibatzea dagokigu, baita hurrengo belaunaldientzako euskarazko kalitatezko hezkuntza nahi duten sektore guztiei. Bai neurriak hartzeko baita neurriak inplementatzea exijitzeko ere. Tentsioa mantentzea ezinbestekoa da. Tentsiorik gabe, euskarak asko dauka galtzeko, baita unibertsitate publikoan ere.

Iñaki Etaio eta Nere Alkorta

EHUko LAB sindikatuaren sail sindikalaren izenean

EHUn ere, euskalduntzeak tentsioa behar du

Internazionalista. EHUko irakaslea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude