EHU/UPV enpresa pribatuen esku gera ez dadin
EHU/UPV enpresa pribatuen esku gera ez dadin –
![EHU/UPV enpresa pribatuen esku gera ez dadin EHU/UPV enpresa pribatuen esku gera ez dadin](https://zuzeu.eus/wp-content/uploads/2023/03/ehu-leioa-738x398.png)
Urkullu eta Ferreiraren adierazpenek garbi erakusten dute unibertsitatea enpresen eta kapital pribatuaren zerbitzura jarri nahi dutela. Azken urteotako hezkuntzaren norabidea aztertzen badugu, merkatuaren arabera trebatu nahi dira ikasleak, eta sistemarentzat baliagarriak diren eremu horiek ez beste ikertzeko bidean da. Are nabariagoa da hori unibertsitatean, eta ondorioz, ezin du dagokion funtzioa osotasunean bete.
Bide hori sustatzen da finantziazio publikoa murriztuta. Aurreko urteetan gertatu legez, iazko abenduan Eusko Jaurlaritzak ponpa handiz iragarri zuen hezkuntzara bideratutako partida 32 milioi handiagoa izango zela. Ez zuen adierazi, ordea, kopuru hori aurreko urteetako inbertsio proportzioarekin erkatuz gero, txikiagoa zela. Izan ere, Barne Produktu Gordinaren zati txikiago bat bideratuko da aurten hezkuntzara: BPGaren %3,98 izan zen 2022an, eta %3,82 2023. urtean. Hamarkadetan %4ko langa gainditu izan du hezkuntzako aurrekontuak, baina orain Europako batez bestekotik oso urrun dago. Europako batez besteko finantziaketara iristeko 677 milioi euro gehiagoko inbertsioa beharko genuke EAEn, hau da, %20 gehiago.
Hezkuntzan orokorrean gertatzen den egoera are gehiago gordintzen da unibertsitatean. BPGaren %0,40 esleitzen zaio EAEn. Beste behin ere Europako estatuetako batez bestetik urrun: Danimarkan %1,55, Frantziar estatuan %1,4, Espainiar Estatuan 0,82, Portugalen %0,7… Gure azpifinantziazio publikoak ez du parekorik. UPV/EHUko aurrekontuei propio erreparatzen badiogu, diru publikoaren indarra ere apaltzen joan da kanpoko diruaren mesedetan. Ferreira errektoreak diru publiko nahikoa zuela esan bai, baina diru gehiago eskatu behar zela aitortu zuen, eta horrek esan nahi du diru pribatua nahi duela berak, ez publikoa. Horren adibide da Repsol Fundazioarekin batera zabaldutako Trantsizio Energetikoaren gela. Farmakologiako gela Janssen enpresarekin irekitzeaz ere galdetu zioten Ferreirari, eta ukatu egin zuen multinazional horiek formakuntza prozesuetan eragina dutenik. Nork sinistu dezake Repsol edo Janssen bezalako multinazional batzuek ezagutzan eta ikerkuntzan debalde inbertituko dutenik, deusen truke?
Finantziazio bide horrek hezkuntzaren izateko arrazoia usteldu egiten du, eta zerbitzua okertu. Baita langileen lan baldintzak ere. Gogora dezagun azken hamarkan langileek %20ko erosteko ahalmenaren galera izan dutela, eta irakasle eta ikertzaileen kasuan, lan baldintza duinak lortzeko prekaritate urte luzeak jasan behar izaten dituztela (emakumeen kasuan, genero arrakala are handiagoa izatea dakar horrek). Langile horiek doi-doi gainditzen dute aurreneko urteetan gutxieneko soldata eta behin-behinekotasuna ohikoa bihurtu zaie, urte luzez irakasle jardun arren.
Gainera, prekarietate horri aurre egiteko ekintza sindikalak lortutako garaipenak neutralizatzeko, murrizketak adostu ditu unibertsitateak. Adibidez, erretiroen kasuan gertatuta da hori: errektoretza taldeak jubilazio akordioak bertan behera utzi zituen iazko abenduan. Neurri horrekin, erretiro primak kentzeaz gain, adinagatik eskuratu zitezkeen jardunaldi murrizketa aukerak kendu dituzte. Soldata eta enpleguaz harago, eguneroko lan baldintzetan ere eragin dute. Adibide bat: energia aurreztearen aitzakipean, berogailuak itxi dituzte garaiz kanpoko hotz bolada baten erdian, edota unibertsitatearen historian lehen aldiz kanpusak itxi dituzte oporretan, eta langileen egutegietan aldebakarreko aldaketak egin dituzte.
Hori horrela, ez gatoz bat errektorearen adierazpenekin. UPV/EHUk finantziaketa publiko gehiago behar du enpresa pribatuek ez dezaten baldintzatu, eta unibertsitatearen helburuak betetzeko. Baita ikasleen zein langileen baldintzak errepetatzeko ere. Benetako unibertsitate publikoa merezi dugu, denon zerbitzura egongo dena, enpresa pribatuen interesetatik libre.