EHKOlektiboa portugaleten

Ehkolektiboa portugaleten

pikunietatik-hausnarrean

Ehkolektiboa portugaleten

Etxean garbiketa egiten duzunean, konturatzen zara zenbat gauza duzun alferrik. Bizitzan dituzun harremanetan pentsatuz gero, beharbada, jabetuko zara zenbaitetan jarraitzen duzula inertziaz, zer esanik ez partaide zaren elkarteei erreparatuz gero.

Elkarte horietan parte hartzea erabaki zenuenean, ziur asko, interes komunak ziren tartean, identifikaturik sentitzen zinen, eta parte hartzen zenuen. Denbora pasa da, eta orain bazkide-kuota ordaintzen duzu eta ezer gutxi gehiago. Kuota bakoitzaren ordainagiria jasotzen duzunean, pentsatzen duzu zer edo zer egin behar duzula, baina, akaso, denbora faltak estaliko du ausardia falta –berriz ere–.

Baserriaren munduan asko dira mugimenduak eta elkarteak, eta baserriko lanaz gain horietara behar bezala heltzea zaila da. Elkarte horietara lotzen zaituen haria, denboraren joanean, gero eta maiztuago dago, eta une batean, tak! Eten egin da.

EHKOLEKTIBOren lehen pausuak orain dela urte batzuk eman ziren, eta denboraren joan-etorriak ez du maiztu lotzen gaituen haria. Are gehiago, nonbait eroso bagaude, inon identifikaturik sentitzen badugu geure jarduna, hemen da, EHKOLEKTIBOan.

EHKOLEKTIBOko partaide gara Euskal Herri osoko etxaldeak –denak bio edo ekologikoak– eta herritarrak. Europako araudiak ezartzen duenaz gain, geure buruari bestelako irizpideak edo helburuak ezarri dizkiogu; gure jardunari koherentzia handiagoa emango diotenak. Ez naiz hemen azaltzen hasiko orain oso modan dauden kontzeptuak –ekologikoa, elikadura burujabetza, agroekologia…–, zehaztasunetara joan nahi dut; hortaz, gure jardunaren ezaugarri nagusiak, hauexek:

Hurbilekoa

Nekazaritza gertukoa nahi dugu, bertan erosi –gure etxaldean, adibidez, ardientzako pentsua…–, bertan ekoiztu eta bertan saldu –oso zaila egingo litzaidake gure etxea ekologikotzat hartzea gaztak eta arkumeak urrun salduko bagenitu–.

Giza neurrikoa

Zer gaitasun du gure etxeak –dugu guk– nahi dugun hori egiteko? Gure gaitasunez haratago egingo bagenu, zer ondorio izango genituzke geure buruengan, artaldearen bizi-baldintzetan, gazten kalitatean…? Ziur aski, gainezka egingo genuke eta gure jardunean arazo gehiago izango genituzke, ezin dena behar bezala zaindu eta.

Konpromiso soziala

Janari biologikoa ekoizteak, nahitaez, joan behar du soziala den jarduera ekonomiko bati lotuta. Ezin ditugu ekoitzi elite batentzako produktuak; eta, aldi berean, duin bizitzeko lain lortu behar dugu –oreka bilatu behar–. Ezin dugu esan guk egindakoa biologikoa dela, kontratatu dugun langile horren lan-baldintzak duinak ez badira. Ezin gara izan eskrupulurik gabeko jarduera ekonomikoaren partaide.

Horregatik –eta gehiagogatik– gara EHKOLEKTIBOren partaide. Horregatik ere, aurtengo topaketara gonbidatu nahi zaitut, Portugaletera, etzi, hilaren 12an. Bertan EHKOLEKTIBOaren partaideok izango gara, gure etxaldeak gerturako dizkizuegu. Gainera, aspaldian ikusi ez ditugun kideekin egoteko probestuko dugu, erditzeak heldu baino lehenagoko azkenetariko egun pasa…

Ehkolektiboa portugaleten
Ehkolektiboa portugaleten

PIKUNIETATIK HAUSNARREAN