Egunkarien azalak: Sozialisten noraeza, bake prozesua (eta +)
Egunkarien azalak: Sozialisten noraeza, bake prozesua (eta +)
Ezin zaio gainbehera deitu, gain batean ez dagoenaren hondoratzeari. PSOEren egoera are okerragoa da, hondoratuta egon eta norabiderik gabe baitabiltza harea higikorretan dantzan. Hartzen duten erabaki bakoitzean arra bat gehiago dira lurperatzen. Estatu espainiarreko gaurko azal gehientsuenetan agertzen da Pere Navarroren dimisioa, alderdiaren programa gabezia eta zuzendaritza eza.
EHBilduko Pello Urizarrek bota dio abixua jadanik PSE-EEri: “Oinarrien nahiei muzin eginez gero, berdina gerta dakieke PSE eta PSNri”. Tentuz hartu behar da konparazione oro, baina egia da, PSNko eta PSEko kide bateren batzuk parte hartu zutela Gure Esku Dagok antolatutako giza katean. Gemma Zabaleta Lopezen aroko sailburuak esaterako. Eta Jesús Egiguren alderdiko ohorezko presidente denak, askotan agertu du bere adostasuna tesi abertzale askorekin. Adibide garbia da Gara egunkariak editatutako azken liburua: ‘Euskal Herria, por un nuevo nacionalismo, vasquismo y navarrismo’
Dibergentziak ez dira deus, arazo bihurtzen diren arte. Ikusi beharko Euskal Herrian ere gainbeheran doan alderdi sozialistaren eboluzioa.
Bake prozesua
Euskal errotatiba guztiek bake prozesuari egiten diote erreferentzia, izan zuzenki, nola zeharka. Iñigo Urkullu lehendakariak bake ponentzia martxan jartzeko “ahal duen guztia” eginen duela dio Deiako azalean, eta Diario de Noticias guztiak Nanclareseko bideaz mintzo dira: Entzutegi Nazionalak Urrusolo Sistiagari eman baimena albiste baita. Diario Vascok oroitarazten digu, nazioarteko egiaztatzaileekiko presio judiziala medio, ETAren desarmeak izoztuta segitzen duela. Izoztuta segitzen ez duena euskal jendartea da, eta horren erakusle, Gararen azalean agertzen den SARE konponbidearen eta presoen eskubideen aldeko herritar sare berria.
Behean astelehenak utzitako azalak.