Egonkortasuna irakasle guztientzat
Egonkortasuna irakasle guztientzat –
Ez faltsutu behin-behinekotasuna hezkuntza publikoan.
Ekainaren 23an onetsi zen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko Foru Legea, PSN, Geroa Bai eta Podemosen aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin. Talde horiek beren botoarekin erraztu zuten lege gisa izapidetzea Gobernuak berresteko aurkeztutako lege-dekretua. Oso kezkagarria da zilegitasuna ematea PSNren proposamenari PAIren Legea gogor kritikatu zuten indar politikoek.
Legeak zenbait aldaketa egiten ditu lege-dekretuaren baremoarekin alderatuta, baina egonkortze-eskaintzari ez dio lanposturik gehitzen. Aldaketa kosmetikoa da, haren ezarpena onargarriagoa gerta dadin. Nafarroan ez da inolako neurririk hartu Estatuko araudiaren gabeziak konpontzeko; alderantziz, Espainiako araudia modu murriztailean ezarri da eta, gainera, funtzio publikoaren foru eskumena baliatu da PAIren Legea asmatzeko. Lege hori luzarorako dator, eta langileen ordezkapen masiboa egitea du helburu, prekarietatera kondenatuz edo atzerriko hizkuntzako C1 titulua ez duten irakasleak kaleratzera.
Hezkuntza Departamentua errealitatea itxuraldatzen saiatzen da, interinitate bi kontzeptu erabiliz. Bata interinitate erreala litzateke, Kontuen Ganberaren datuen arabera 2020an % 54koa baitzen, eta bestea egiturazko interinitatea, Departamentuaren arabera % 8ra jaitsiko litzatekeena egonkortze-plana aplikatu ondoren. Lanpostu gehiago ez ateratzea justifikatzeko, lanpostu gehienak egiturazkoak ez direlako aitzakia erabiltzen dute, ustezko behin-behinekotasun egoera bat argudiatuta: egonkortu beharreko plazak kentzea, lanpostu hori betetzen badute adinagatik edo beste arrazoi batzuengatik murrizketak dituzten irakasleek.
Datuak oso adierazgarriak dira. 2021eko irailean, Hezkuntza Departamentuak ikasturte osoko 4.400 kontratu egin zituen. Horietatik 875ek atzerriko hizkuntza eskakizuna zuten, eta 3.548k ez. Egonkortze prozesuan, guztira, 766 plaza aterako dira: 352 atzerriko hizkuntza eskakizunarekin eta 414 hizkuntza eskakizunik gabe. Hizkuntza-eskakizunarekin egonkortzen diren lanpostuen ehunekoa % 40koa da, eta hizkuntza eskakizunik gabekoena, berriz, % 11,7koa. Guztira, lanpostu huts horien % 18 baino ez da egonkortuko, eta, beraz, benetako bitartekotasun-tasa % 40tik gorakoa izanen da. Oso deigarria da PAI lanpostuen aldeko desoreka nabarmena, alde batera utzita PAIn diharduten irakasleak gainerakoen baldintza berberetan aurkeztu ahal izan direla oposizioetara.
Ez dira kasualitatez gertatzen Hezkuntza publikoko behin-behinekotasun tasa handiak eta horri erremediorik jarri nahi ez izatea. Gogora ekarri behar dugu 2012tik aurrera izan ziren murrizketak, 800 irakasle baino gehiago kontraturik gabe gelditu eta zuzeneko irakaskuntzako ratioak eta orduak gehitu egin baitziren, eta nabarmen okertu baitziren hezkuntzaren kalitatea eta lan baldintzak. Murrizketa horiek ezinezkoak izanen ziren interinitate tasa handirik gabe, eta tasa hori 2012koa baino dezente handiagoa da 2022an. Ikastetxe pribatuek, aldiz, ziurtatuta dute beren plantillaren egonkortasuna, itunen bidez.
Beraz, eskatzen dugu errotik aldatzea irakasle publikoak egonkortzeko politika, bermatzeko jarrai dezaten ikastetxeetako irakasleen plantillek, eta hezkuntza publikoa blindatzeko murrizketa berrien uholde baten aurrean.
Egonkortasuna irakasle guztientzat