Egoera zaurgarrienetan dauden langile kolektiboetan egin du gora nagusiki langabeziak
Egoera zaurgarrienetan dauden langile kolektiboetan –
Ezinbestekoa da kalitatezko enplegua sortzeko politika publikoak garatzea.
Azken hilabeteetan salatu izan dugun moduan dagoeneko langabezia tasa ez da neurgailu fidagarria lan merkatuaren egoera neurtzeko. Enplegu prekarioak biderkatu izanak langileen egoera irakurri ahal izateko langabezia baino elementu gehiago aztertzea eskatzen du. Edonola ere, langabeziak izan duen igoera ikusirik, ezinbestekoa da enplegu prekarioak sortzeak langabeziaren igoeran daukan eragina aztertzea. Izan ere, egoera zaurgarrienetan dauden langile kolektiboen langabeziak egin du gora nagusiki.
Egoera horren aurrean, ezinbestekoa dugu kalitatezko enplegua sortzeko politika publikoak garatzea: Euskal Herrirako gutxieneko soldata bat ezartzetik hasi, langileen artean sortzen ari diren arrakalak ezabatzeko urratsak ematearekin jarraitu edota negoziazio kolektiborako eskubidea urraturik duten sektoreetan eskubidea egikaritzeko pausuak emanaz, etxeko langileak kasu.
Hilabete honetan langabeziak gora egin du %2,45, Hego Euskal Herrian 140.770 langile direlarik lan bila daudenak.
Datuak sakonago aztertuta badira ezberdintasunak langabeziak eragiteko orduan. Langabeziak egoera kalteberena bizi duten langile kolektiboei eragiten die bereziki, lan eremuan bizi duten prekaritate egoeraren ondorio ere badelako ezegonkortasuna eta horren ondoriozko langabezia igoera. Azken hilabeteetan behin baino gehiagotan salatu izan duguna ekarri nahi dugu gaurkoan gogora, sortzen ari zen enplegua prekarioa eta ezegonkorra zela, alegia. Gaurko datuek hori berau berresten dute, izan ere, emakumeen*, gazteen eta langile migratuen langabeziak egin du bereziki gora abuztuan. Sektoreei dagokienez, zerbitzuen sektoreak izan du langabeziaren igoera nabarmenena. Azken urteetan bizitzen ari garen tertziarizazio prozesuak lan prekarioagoa sortzen du, ezegonkorragoa, eta hilabete honetako langabeziaren datuek joera horren arriskua erakusten digu.
Iaz baino 2.948 langabe gehiago badaude orokorrean, horietatik 2.062 emakumeak* dira (%70), eta lan bila izena emanda duten langabeen %59,20 ere emakumeak* dira. Gazteei dagokionez, igoera orokorra bikoiztu du euren langabezia igoerak, pasa den urtetik hona %5,84 igo baita gazte langabeen kopurua. Langile migratuak dira azkenik bataz bestekoaren gaineko langabezia igoera izan dutenak, azken urtean 1.382 migratu gehiago ari baita lan bila.
Afiliazioari dagokionean ere joera bera azpimarratzen dugu: behera egin du orokorrean, eta batik bat emakumeei* eta gazteei eragin die jaitsiera horrek, gazteen artean %8,4 jaitsiz eta emakume* gazteen artean %10,6.
Gainera, iaztik hona sorturiko afiliazio handiena (%89,56) zerbitzuen sektorean izan da, afiliazio osoaren %73ra iritsiz. Euskal Herrian gero eta langile gehiago ditugu zerbitzuen sektorean lanean, sektore industrialen pisua murrizten ari da, eta horrek, tamalez, langileen lan baldintzen prekarizazio batera garamatza.