Egoera urduriak

Egoera urduriak –

Mikel Iturriak Harrikadak blogean.

Urtarrilean irakurritako liburu bati dagokio izenburua. Aste honetan Zaldibar inguruan gertatutakoak hizpide.

William Davies irakasleak idatzitako Estados nerviosos (Egoera urduriak) liburua irakurri nuen urtarrilean. El Salto Diarion Pablo Elorduy kazetariak eginiko elkarrizketa batengatik iritsi nintzen bertara.

Davies-en tesia liburuaren azpitituluan jasota dago: Cómo las emociones se han adueñado de la sociedad (Emozioak nola jabetu diren gizarteaz).

Davies-ek dio Ilustrazioaren ondoren mendebaldeko gizartearen zutabe izandakoak kolokan daudela egun. Gobernuek erabakiak hartzeko orduan estatistika eta, batez ere, adituen autoritatea gainbehera daudela. Gaur egun ez du inporta zer gertatu den benetan, baizik eta jendearen pertzepzioa, gizarteak sentitzen duena. Eta egoera horri etekina ateratzen populismoak dira abilenak.

Emozioen kudeaketa hori, sare sozialen garai histeriko honetan, oso garrantzitsua bihurtu da.

Egoera urduriak
Argazkia: Aritz Loiola (Foku) Berriarentzat.

Liburuko hainbat kontu izan dut buruan duela hamar bat egun Zaldibarko zabortegiko lurrek autobidea blokatu eta bi pertsona irentsi zituztenetik.

Handik hiru bat egunera, suhiltzaile bati irakurri nion Twitter-en hauxe izango zela gure Prestige. Hasiera batean gehiegizkoa iruditu zitzaidan konparazioa, baina ikusirik agintariek zer gaizki egin dioten aurre krisiari, jada ez dakit zer esan.

Ez dut gertu-gertutik jarraitu egun hauetan gertatutakoa, baina harrigarria egiten zait Erkoreka bezalako hain eskarmentu handiko politikari batek Anbotoko puntan ateratako argazkia igotzea larunbatean sareetara (ostegun arratsaldean izan zen Zaldibarkoa). Edo Urkullu lehendakariaren haserre aurpegia kazetari baten galderari erantzuteko orduan astelehen arratsaldean. Segundo asko behar izan zituen bere tonua errekuperatzeko.

Astelehen horretan, Urkulluk hauteskundeak aurreratu zituen apirilaren 5erako eta hau kanpainaren zentralitatean egon daiteke. Aspaldian ez nituen ikusten jeltzaleak hain gainezka, datorrena aurreratu beharrean besteek markatutako erritmoan dantzan arituz.

EITB Focus delakoaren emaitzak plazaratu ziren ostiralean. Luizia gertatu aurretik egindakoa da, baina kosta egiten da pentsatzea EAJk gora egingo duenik gauzak dauden bezala. Nahikoa lan emaitzak mantentzearekin.

Askoz ere posibleago iruditzen zait Juanjo Domínguez politologoak plazaratutako estimazioa.

Hor PSOE da egoera honetan hoberen ateratzen dena, nahiz eta jeltzaleekin batera hainbat erakundetan lanean ari aspaldian.

Egia da oraindik asko gelditzen dela apirilaren 5era iristeko. Baina lan handia egin beharko du EAJk egoera honi buelta emateko, zeren ostiral arratsaldean kaleratutako haizearen kalitateari buruzko emaitzek ekarri dute, besteak beste, igande arratsaldean Ipuruan jokatu beharreko Eibar eta Realaren arteko partida atzeratzea. Eta hor jada gaiak Euskal Herria eta Espainia gainditu eta nazioartera egin du salto.

Egoera baretzeko Jaurlaritzako goi kargu honen moduko adierazpenek ez dute batere laguntzen.

Ezta zabortegia ondo ezagutzen zuen garraiolari honen adierazpenek ere.

Eta txio hau ere…

Egoera urduriak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Egoera urduriak”-ri buruz