Egoak ebaki banizkio…
http://alteretaego.wordpress.com
- Argazkia: Air Force One
Egilea: Mr. Chopski
Artxibo mota: JPEG
Neurria: 5760×3840 px (3:2)
Sortze data: 2013/09/29
Latitudea: 43º 24,715´ N
Longitudea: 2º 43,748´ W
Kamera: Canon EOS 5D Mark III
Objektiboa: Canon EF 100mm f/2.8L Macro IS USM
Distantzia fokala: 100mm
Irekidura: f2,8
Esposizio denbora: 1/320?
Sentikortasun eskala: 400 ISO
Flasha: –
Alter dixit.
Ume-plana egin genuen joan den igandean. Garai bateko groupie haien antzera, modako pailazoen Lekeitioak entzutera joan ginen. Herri polita da, gustura bisitatzen den horietakoa. Bizi ere, biziko nintzateke bertan, lasai asko.
Bazkalostean, kafe bat hartzeko leku itxuroso baten bila, Zubieta hotelera abiatu ginen. Terrazan eserita, Eurodisney bisitatu genueneko estanpak zetozkidan burura. Hari horri tiraka kontatu nion alabari Edurnezuri, gaztetan, etxe hartan bizi izan zela. Begiak zabal-zabal jarrita bisitatu zuen hotela. Hemen afaltzen zuen, hemen irakurtzen zituen liburuak, hau zen bere komuna… Baina, gehien, arratsaldero bera agurtzera etortzen ziren txoritxoak biltzen ziren leihoa gustatu zitzaion.
Orduan iritsi zen eguneko estutasunik handiena, ea zergatik orain Edurnezuri ez zen han bizi galdetu zidanean. B planik gabe harrapatu ninduen, zer esan ez nekiela. Ume madarikatuak! Eskerrak harrerako neska, euskalduna izateaz gain, adi-adi zegoen, berak eman baitzion nik aurkitu ezin izan nuen erantzuna: ezkondu eta printzearen etxean bizi da orain. Noski, nola ez nintzen biziago ibili: Paris inguruan erosi zuten etxean dago.
Baina beste sorpresatxo bat ere bazuen gordeta leku hark: Gotzon Barandiaran aurkitu nuen kafetegiko terrazan. Berak, noski, ez ninduen ezagutu: Ego-ren katamaloaren atzean ezkutatzeak badu abantailarik berekin. Flashback baten moduan, Argia-n behin egin zioten elkarrizketaz oroitu nintzen.
Bat nator post honi izenburua ematen dion elkarrizketan (ez pentsa hitz-jokoaren meritua nirea denik) kontatzen dituenekin, batekin izan ezik. Idazleak xede zehatz batekin idatzi behar omen du, bestela, hobe dela beretzat bakarrik idaztea, hau da, idatzitakoa ez argitaratzea. Niri, behintzat, biek laguntzen didate: bai idazteak, baina baita blog honetan idatzitakoa argitaratzeak ere. Sasi-anonimotasunak eskaintzen duen babesetik, klaro, hori tranpa apur bat egitea bada ere. Berarengana hurreratu eta nire ikuspuntua azaltzeko adorerik ez nuen izan. Edo agian, berea zirudien haurra lotan jarri ezinik inguruetan eman zituen pasierek ere apur bat lagunduko zuten. Kultur eragile moduan barik, aita baten paperean ikusi nuen. Gainera, igandea ere bazen.
Bitxia da gero, guraso garenean, nola aldatzen diren gauzak, kamarada! Aberasgarria da seme-alabak izatea, duda izpirik gabe, baina bidean galdu ere egiten dela ukaezina da. Bikotekidearekin dugun harremanak, adibidez, eta nahi ez dugula ere, beste maila batera egiten du salto. Eta egiak kontatzen hasita, argi dakusat nik ere ez diodala, orain, merezi duen arreta guztia eskaintzen neureari, noizbait merezi duena eskaini badiot.
Igande iluntzean ateratako argazkia da hau. Nik ere ez dizkiot alabari hegoak (egoak bai) inoiz ebakiko, baina bai hegan egiten ikastea ahalbidetuko dion soka luze bat hankan lotu. Hori bai: datorrela azkar etxetik eramango duen printzea/printzesa, etxeko erreginari merezi duena eta gehiago lasai-lasai eskaini ahal izateko.
Ego dixi.