Egin topa Euskal Eskola Publikoaren alde!

Egin topa Euskal Eskola Publikoaren alde! –

Egin topa Euskal Eskola Publikoaren alde! Gaur, Durangon, Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunea osatzen dugun tokiko plataforma eta eragileak elkartu egin gara. Eta elkartu gara Topa egiteko Eskola Publikoaren alde, horren aldeko apustua berresteko eta gure eskaerak aldarrikatzeko. Egin dezagun topa!

Bukatu berri da aurre matrikulazio prozesua eta gure salaketa plazaratu nahi dugu berriro ere. Araudiak eskola publikoaren aurka jokatzen du: eskola publikoa aukeratzeko eskubidea oztopatu, gain eskaintza pribatua baimendu, ikastetxe kontzertatu askoren praktika txarrak (kuotak, zentzu gabeko garraioa…) onartu, eta hala eta guztiz ere, gehiengo batek eskola publikoari, denon eskolari, eutsi egin dio bere hautuarekin. Egin dezagun topa! Jarrai dezagun borrokan orain arte bezala, sare publikoa defendatuz, noizbehinka kalean, eta egunero ikastetxez ikastetxe.

Eusko Jaurlaritza berria izango dugu laster eta eskola publikoarekiko guztiz kaltegarria den Hezkuntza Lege berriaren garapena egin beharko du. Jarraituko al du irakaskuntza pribatuaren aldeko politikekin eskola publikoa zokoratzen?

Hauexek gure eskaerak gobernu berriari, gure Dekalogoan bilduta daudenak:

  1. Eskola publikoa sistemaren ardatza izan eta lehentasun osoa behar du baliabideen aldetik, azpiegituretan, plantilletan eta aurrekontuetan. Gobernu batek ezin ditu parekatu bi hezkuntza-sareak gauza bera balira bezala. Pribatua ez da publikoa!
  2. Hezkuntza planifikazioa eskola publikoari begira egin behar da: 0-18 urtera arteko eskaintza publiko nahikoa bermatu behar da auzo zein udalerri guztietan eta ez da plaza pribaturik eskainiko, eskaintza publiko nahikoa dagoen bitartean.
  3. Eskola publiko bakarra euskalduna eta laikoa behar du izan hezkuntza-politiken helburua. Egin dezagun topa!
  4. Gure hezkuntza-sistemak duen arazorik larrienetakoarekin, eskola-segregazioarekin alegia, bukatu behar da gizarte-kohesioa lortuko bada. Segregazioa hezkuntza sistemaren pribatizazioaren ondorio zuzena da. Horregatik, eskola bakarra behar dugulako gobernuari eskatzen diogu kontzertazioa amaitzeko era progresiboan.
  5. Eta pribatizazio dinamika eteteko, ikastetxeen publifikazioa ahalbideratuko lukeen araudia sortu behar da eta publifikazio dinamikak bultzatu behar dira.

Honetaz gain, galdera gehiago ditugu gobernu berriari egiteko: Noiz egingo da eskola publikoaren aldeko apustu sendoa? Noiz amaituko da ituntze unibertsala? Noizko hezkuntza-itunen errebisioa?

Bukatzeko, datorren ekainaren 2an, Ordizian ospatuko den Euskal Eskola Publikoaren aldeko Jaian parte hartzeko dei egin nahi dugu. Han egongo gara eskola inklusiboa eta berdintzaile bakarraren alde. Gero eta gehiago gara. Eta bitartean, ez ahaztu aste honetan Euskal Herrian zehar Palestinarekin elkartasuna adierazteko egingo diren mobilizazioetan parte hartzea.

EGIN DEZAGUN TOPA EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAREN ALDE!
GORA EUSKAL ESKOLA PUBLIKOA!

Durangon, 2024ko maiatzak 11
EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAZ HARRO TOPAGUNEA

Egin topa Euskal Eskola Publikoaren alde!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude