Egin gabe dauden museo nazionalak
Egin gabe dauden museo nazionalak –
Ramon Zallo BERRIAn.
Zer museo nazional behar diren erabakitzeko, abiapuntutzat hartu behar litzateke zer eduki izango luketen, zer zentzu, zein izango litzatekeen kontzeptua, zer eragin komunitario izango luketen gizarte jakin batean; gero, zehaztu behar litzateke zer eraikinetan kokatu, zer komenientziaren arabera, non jarri, eta zer eragin ekonomiko izango luketen. Euskal Autonomia Erkidegoan, zoritxarrez, atzekoz aurrera egin ohi dugu, eta, beraz, normalean ez dugu eztabaidatzen horren premia dagoen ala ez, baizik eta garai egokia den edo ekipamenduak kanpotik kudeatu behar diren. Ohikoa da, era berean, proiektu kolektiboetan parte hartzeko aukerarik ez izatea.
Zein dira, nire ustez, oraindik egiteko dauden museo nazionalak?: euskal historiaren eta gizartearen museoa, batetik, eta industriaren eta teknologiaren museoa, bestetik.
Euskal Historiaren eta Gizartearen Museoa. Euskal Hiria Zentroa. Oparoak gara museo etnografikoei dagokienez (jatorria, kultura, objektuak, lehengo bizimoduak, usadioak, lanbideak…), eta lurralde guztian ditugu halakoak, handiak nahiz txikiak. Onuragarria da oso. Baina, herri gisa, museo nazional bat falta zaigu gure historia modu globalean interpretatuko duena, eta kontuan hartuko duena zer dialektika dagoen komunitatearen, hizkuntzaren, gizartearen, gatazken, boterearen eta erakundetasunaren artean, eta museo nazional bat falta zaigu, beraz, maila kolektiboan finkatuko duena zer eta zein garen islatzeko irudi bat —gutxienezko irudi bat behintzat—, zientziaren bermerik handienak edukita.
Ibarretxeren gobernuaren garaian ahalegin batzuk izan ziren halako egitasmo bat eratzeko. Jendaurrean eztabaidatzeko asmoa zegoen —hala zehaztua zegoen, eta bazuen aurrekontua—, baina, hurrengo hauteskundeen ezaugarrien ondorioz (2009), Patxi Lopez atera zen gailen, eta haren gobernuak beste lehentasun batzuk izan zituen. Egitasmoa zoko batean geratu zen. Eredua, sinple-sinple esanda —neu izan nintzen apailatzailea—, hauxe zen: Zibilizazioaren Quebeceko Museoaren eta Kataluniaren Historiaren Museoaren arteko hibrido bat. Non jarri erabakitzeko orduan, toki bat baino gehiago ibili zen tartean: Donostian (Odon Elorzak geldiarazi zuen); Bilboko Zazpikaleetan, lehen Etnografia Museoa eta orain Euskal Museoa dena handituta (eliza ez zegoen prest Donibane plaza ingurukoa uzteko, eta ezin zen pentsatu ere egin Zararen tokia hartzeko aukera izango zenik); eta Zorrotzaurren.
Egitasmoa erakundeek ahaztutako proiektuen karpetan dago… eta nire ordenagailuan.
Gernika ere egon zen hautagaien artean. Eta Gernikako Bakearen Museoa bestelakotu eta Memoriaren Museoa bihurtu nahi duten honetan —pentsatzekoa da 37ko bonbardaketa ez ezik Gerra Zibila, frankismoa, trantsizioa eta hura amaitu arteko indarkeria ere landuko lituzkeela—, bada, neure buruari galdetzen diot ea ez ote den hauxe garai aproposa auzia berriz planteatzeko. Kontua litzateke ikuspegia zabaltzea eta batasun gisa lantzea gure Historia sozial, ekonomiko eta politikoa; Historiaurreak Euskal Herrian Historiari lekukoa ematen dion garai hori ere hartuko luke, gizartearen eraikuntza eta XX. mendeko nazio eraikuntza barne. Bistan denez, Gernikan kokatuz gero, bonbardaketaren eta memoriaren gaiak ere landuko lituzke, nodo moduan, eta areto bat prest edukiko luke Picassoren Gernika hartzeko. Ez galdu esperantza, hortxe baitaude aurrekontuei buruzko negoziazioak!
Begirada zabalago horrekin, Gernikak —askatasunaren sehaska sinbolikoa— lotura izango luke, bakearen eta indarkerien analisiarekin eta pedagogiarekin ez ezik, gogoeta kolektibo batekin ere: zer izan ginen eta zer garen herri eta gizarte gisa. Ikuspegi zabal horrek modua emango luke zoliago aztertzeko oraintsuko garaia ere (1936-2011), jakinik azken hamarkaden interpretazioa polemikoagoa dela, ez oso baketsua, eta gai minbera dela.
Bakearen Museoa hartzeaz gainera, egokia litzateke Euskal Herria Museo txikitxoa ere beretzea —Gernikako Batzar Etxetik 60 metrora dago—, haren funtzioak eta bilduma jasota. Hartara, libre geratuko litzateke Alegria jauregia, eta leku ona litzateke Bizkaiaren historia instituzionalari eskaintzeko. Horrek behar bezala osatuko luke Juntetxearen bisita, gaur egun laburregia eta eskas samarra baita (arbola, Leiarpeko aretoa, batzar aretoa eta lorategia).
Industriaren eta Teknologiaren Museoa. Era berean, harritzekoa da, oso, XIX. mendetik halako ibilbide industrial sendoa duen herri batek ez edukitzea industriaren museorik: funtsezkoa litzateke herri honen historia ulertzeko eta transmititzeko, eta, gainera, agerian utziko luke zer garrantzi izan duten industrializazio batzuek eta besteek gure eraldaketetan.
Lehen aipatutako hamarkadan, eta gaur egungo Industria Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkartearen bitartez, oso proiektu interesgarria aurkeztu zen Industriaren Museoa sortu eta Zorrotzako Grandes Molinos Vascos eraikinean jartzeko (erraza litzateke Zorrotzaurreko gunearekin batzea, parean baitago). Dena dela, bere burua laugarren aldiz eraldatu nahian berrikuntza teknologikoaren aldeko apustu egin duen herri honetan, egokia litzateke teknologiari buruzko atal batekin osatzea Industriaren Museoaren edukia, ondoko eraikin batean jarrita halako atal bat. Hala, Industriaren eta Teknologiaren Museoa litzateke.
Hutsune ezin ulertuzkoak. Harrigarria da ez edukitzea ez mota bateko eta ez besteko museorik, kontuan harturik Euskal Herria herrialde industriala dela, eta nazionalismoa hegemonikoa dela gizartean, bai eskuinean eta bai ezkerrean. Eta are harrigarriagoa, gogora ekartzen badugu Modernitateko nazio erakuntzaren teoria eta praktika dela euskal nazionalismoa, eta estatu bat eratzeko prozesura berandu iritsi zen komunitate batean gertatu zela gure industrializazioa. Sozialismoak ere izan behar luke interesa.
Bi egitasmoak desiragarriak dira, baina ez daude agendan. Halako proiektu handirik ez edukitzeak, irudimen falta agerian uzteaz gainera, pentsarazten du nazio eraikuntza bukatua dagoela, eta ez da hala, ezta hurrik eman ere. Agenda publikoan, bi zabaltze proiektu daude oraintxe: Guggenheimek Urdaibain duen egitasmo aldizkakoa eta Gernikako Bakearen Museoaren moldaketa, Memoriaren Museoa izan dadin —oraingoz isilpean dago—.
Museo horiek beharrezkoak zaizkigun museoak ez izateak ez du esan nahi haien kontra egon behar denik nahitaez, baina bidea zabaltzen du, nolanahi ere, baldintza zorrotzak eskatzeko proiektu horiei, egiaz baliagarriak izan daitezen, eta hobetzeko modukoak, erakundeak aurrera eramaten tematzen badira. Berriro helduko diot gaiari.
(Erredakzioan itzulia)