Egin eta Egunkaria auziak: ideien joan-etorrian
Hilaren 15ean helduko diote Madrilgo Auzitegi Nagusian Egunkaria auziaren sumario nagusiari. Geroago etorriko da bigarren zatia, auzi ekonomikoa (hura ere auzitegi berean). Ipuina aski famatua da. 2003an, Juan del Olmo epailearen aginduz, Euskaldunon Egunkaria itxi eta hamar lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak. Haietako batzuek torturak eta tratu txarrak salatu zituzten epailearen aurrean. Espainiako Barne ministroak kereilak jarri zituen torturak salatu zituztenen kontra. Joan den ekainaren 23an izandako auzi saioan, defentsak eta fiskalak auzia behin betiko zarratzeko eskatu zuten, baina Auzitegi Nazionaleko Zigor Sala epaitzearen alde agertu zen hilabete berantago. Akusazio partikularrik gabeko epaiketa honetan, AVT eta Dignidad y Justicia azaltzen dira herri akusazio gisa. Guardia Zibilaren txostenetako argudioak bere egin eta espetxe zigor beldurgarriak eskatu dituzte auzipetuentzat: 300 urtetik gorako kartzela zigorrak eta 234 miloi euroko isunak.
Hil honetan ere urte bi bete dituzte Egin auziko auzipetuek kartzelan (ahaztu gabe 18/98ko sumarioan emandako 10 urte amaiezinak). Kasu honetan Baltasar Garzon epaileak erabaki zuen 1998an Egin kazetaren, Egin Irratiaren eta Orain S.A. argitaletxearen itxiera. Urte hartako uztailean 11 lagun atxilo hartu zituzten eta 150 langile inguru kale gorrian gelditu ziren. Esan legez, kasua 18/98 sumarioaren barruan zegoen, oinarrizko hainbat eskubide urratzeagatik ezaguna den sumarioa hain zuzen ere. Epaiketa 2006an hasi zen. Urtebete luzez epaileek egunero joatera behartu zituen auzipetuak, euren etxeetatik eta lantokietatik 400 kilometrora. Azkenean, frogarik gabe, zigor gogorrak ezarri zizkieten kazetariei zein administrazio kontseiluko kideei, ETAkoak zirelakoan.
Euskaldunon Egunkaria itxi ostean sortu zen egungo Euskal PEN. Kataluniako PENen eta Martxelo Otamendiren bultzadei zor. PEN Kluba, labur esanda, adierazpen askatasunaren alde aritzen den erakundea da. Egun ez da soilik idazleen jardunera mugatzen. Kazetarien eta kulturako edozein esparrutako lagunen lanari ere begiratzen dio. Sei urtean, bere txikian, adierazpen askatasunari han-hemen eginiko erasoak salatu ditu. Egin eta Egunkaria auziei dagokienez, 2005eko ekainean, International PENeko Ordezkarien Asanbladak, bere 71. nazioarteko kongresuan, aho batez eskatu zuen biak bertan behera uzteko. Hitzez hitz, honela zioen mundu osoko 150 PEN klubek baino gehiagok (Moldova, Errumania eta Herbehereak bakarrik abstenitu ziren) ebatzitakoa: «Eskatu egiten dio Espainiako Gobernuari prozesu hauek bertan behera utz ditzan edo, aurrera egitekotan, arindu ditzala Egin eta Egunkaria kasuak, epaiketa askea eta prentsa zein adierazpen askatasunak bermatuz». 2005eko Kongresuaz geroztik, auzi biak oso presente egon dira International PENen agendan. Urrutira gabe, iaz Glasgow-n, PENeko Idazle Presoen Batzordeak urte birik behin antolatzen duen bileran, terrorismoaren aurkako legeek adierazpen askatasunean duten eragina aztertu zuten. Horren asmoz, Errusiako eta Espainiako egoerak izan zituzten aztergai. Atzera ere agertu ziren Egin eta Egunkaria kasuak. Egin batez ere arrazoi birengatik: auzipetuak kartzelaratu berriak ziren eta Teresa Toda Egineko zuzendari ordea eta Euskal PENeko zuzendaritzako kidea parte hartzekoa zen bileran. Ezin, ordea.
PENeko Asanbladak aitortutako babesa gustura ikusiko genuke, hasieran esan bezala, gure komunikabideek sinatutako editorial bateratu batean. Baina, zoritxarrez, Euskal Herrian ez dugu halakorik ezagutuko. Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan eta Iparraldean ere, zein bere kasa, nekez. Beldurra da nagusi aho txikiaz itxierekin harritzen direnen artean. Eta, jakina denez, beldurra da zentsurara daroan korridore zabala. Batzuetan inoren ideiak isilaraztera bultzatzen du. Beste batzuetan, berriz, nor bere ahoan trapu lodi bat sartzera. Baina beti bultzaka zentsuraren amildegirantz.
Ideiek olatuen antza daukate. Etorri datoz eta joan doaz. Batzuetan, hondartzara suabe ailegatu eta suabe itzultzen dira itsasora. Besteetan, aldiz, hura harro agertzen denetan, talka egiten dute haitzetan. Egin eta Egunkaria auziak abiatu zituztenak eta azken bururaino eraman nahi izan dituztenak olatu hauen beldur dira. Ideia eta usteak kriminalizatu dituzte. Bide horretan komunikabideak itxi dituzte; herritarrak atxilotu, torturatu, epaitu eta, Egin auzian behinik behin, kartzelaratu dituzte; langile ugari lanik gabe utzi dute; hamaika ilusio zapuztu dituzte; urte luzez auzipetuak sufriarazi dituzte; estigmatizatu egin dituzte; proiektu eta jardun profesionalak eten dituzte; eta irakurleoi zein entzuleoi gabetu egin digute. Ez da makala, dignidad eta justicia.
Ardi Beltza aldizkaria ahantzi gabe, bada, 1998tik kalte handiak sortu dizkiote Euskal Herriko prentsari. Baina aurrera begiratu beharrean gaude. Hil honetan Egin auziko lagunek urte bi bete dituzte kartzela-zigorra ezarri zietenetik eta Egunkariaren kontrako epaiketa hasiko da. Hil bizi samarra, beraz. Informazio-eskubide osasungarriago bat lortze aldera, ezinbestekoa da bederen kartzelan daudenak libre gelditzea eta epaiketaren zain daudenei absoluzio-epaia ezartzea. Editorial bateratuaren zain egonean egon barik, mugitu beharrean gaude.
(Lutxo Egia Idazlea, Euskal PENeko Zuzendaritza Batzordekidea)