Egiak eta gezurrak sozialismoan eta sozial asmoan. Mitoak (II)
Egiak eta gezurrak sozialismoan eta sozial asmoan. Mitoak (II) –
Federiko Krutwig Sagredo (Ihartzatar Heiko Sagredo) filosofo eta ideologo abertzaleak idatzitako testu zatia ekartzen da hona, sarrera honen egileak euskara batura egokitua. Aitzinekoa bada ere (1976), garai egokiak dira bere hitzak berreskuratu eta hausnartzeko.
Pasa den astean, testu osoaren lehen atala (lau daude) aurkeztu zen hemen. Gogora beza irakurleak Krutwigen artikulu osoa Udako Euskal Unibertsitatearen Zabal aldizkarian topa dezakeela, aipatutako urteko uztail-abuztuko alean (19) eta “Egiak eta gezurrak sozialismuan eta sozial asmoan” izenburupean.
Produkzio bitartekoen “nazionalizazioaren“ bidez, sozialismorako lehen urratsak egiten direlako mitoa
Baieztapen amarrutsu honen kontra, praktikaren emaitzak daude. Errusian, 60 urtetan zehar, eta beste “demokrazia herrikoietan” gero, industria basikoak, garraioak, industria handiak eta, askotan, lur jabetzak ere “nazionalizatu” dituzte, beren sozialismorako ez baitira atzeratu herri horiek. Lehen zegoen jabe, industri eta burges klasearen ordez, beste klase burges bat sortu da: burokratena. Eta burokrazia ez da kapitalismoa baino herritarrago, ezta ekoizle edo humanoagoa ere.
Nazionalizazioak, bere jantzi azpian, beste gauza batzuk estaltzen ditu, eta kasu guztietan “estatalizazioa“ besterik ez da izan. Burgesen kapitalismo pribatizatzailearen ordez, burokraten estatu kapitalismoa sortu da. Langileak ez du lurralde batean, ez bestean, bere lanaren kontrolik, eta lanabesen sehi da.
Beraz, langileen morroi egoera hori kentzeko beste bide eta metodorik asmatu behar dugula dirudi, Errusiaren praktika negatiboa izan baita…
Nola egin? Zer egin? Honetan ere dogmakeria eta ex-cathedra baieztapen faltsuen ametsa alde batera utzi behar dugu. Dudarik gabe, Marxen aitzinean izan diren teorialarien aburuak, berriro eta zintzoki aztertu eta ikertu beharko genituzke. Oraino ez dakigu metodo hauek praktikan utopikoak ote diren. Baina jakin badakigu ongi Marxek proposatu zituenak, praktikan euren utopikotasuna erakutsi dutela.
Ezin diezaiokegu euskal langileriari, zinikoak ez bagara behintzat, Errusian dagoen egoera helburutzat eskaini. Errusian dagoena ulertaraztea mila bider hobe, estatu kapitalistan baitaude. Eta hori horrela dela Errusiako propagandak erakusten digu, Ipar Amerikako egoera lortzea beti helburutzat hartzen baitute. Edo Polonian, Mendebalde Alemaniako egoera paradisu bezala presentatzen dutenean.
Egiak eta gezurrak sozialismoan eta sozial asmoan. Mitoak (II)