Egiak eta gezurrak sozialismoan eta sozial asmoan. Mitoak (I)
Egiak eta gezurrak sozialismoan eta sozial asmoan. Mitoak [I] –
Federiko Krutwig Sagredo –‘Heiko Sagredo de Ihartza’ ezizenez (Getxo, 1921 – Bilbo 1998)– filosofo eta ideologo abertzaleak idatzitako testu zatia ekartzen da hona, euskara batura egokitua. Aitzinekoa bada ere (1976), garai egokiak dira bere hitzak berreskuratu eta hausnartzeko.
Ekartzen den testu atalak beste lau zati ditu, blog sarrera honetara lehenengoa ekartzen delarik. Testu osoak, Krutwigek lapurteran oinarrituko batuan idatzita, “Egiak eta gezurrak sozialismuan eta sozial asmoan” du izena, ‘Ihartzatar Heiko Sagredo’ ezizenpean.
Irakurleak Udako Euskal Unibertsitatearen Zabal aldizkarian topa dezake testua, aipatutako urteko uztail-abuztuko alean (19), 23-26. orrialdeetan. Sarrera honen egileak eskerrak ematen dizkio Baionako IKER ikerketa-zentroari, bertan topatu baitzuen Zabal-en ale hura.
Pertsona* guztiak sortzez inteligente bezain berdinak direlako mitoa
Biologian, landare, pizti eta gizakietan egindako ikerketek, gorputz eta adimen** karakteristikak kromosomen bidez aldatzen direla erakutsi digute. Honi buruzko lehen ikerketak egin zituena Gregorio Mendel izan zen. Bere legeak, Mendelen Lege izendatzen dira. Hauek marxismoaren printzipioen kontra zeuden, batez ere sobietar marxisten baieztapenen aurka. Esan dugu baieztapen hauen heroia Lysenko*** zela, eta nola honek proletalgoaren biologia antolatu nahi izan zuen, eta nola honela fabrikatu zuen ‘marxkeria’, tontokeria baizik ez zela. Halere, Errusian, Stalinen epokan, sasi zientzia hura fusilen, poliziaren eta kontzentrazio esparruen bidez ezarri nahi izan zuten. Eta haren lerdokeria ikusten zuten biologoak, egia aitortzen bazuten, Siberiara bidaltzen zituzten.
Euren poliziaren metodo horiek pertsonak kartzelatan sarraraz ditzakete. Baina natura, Stalin eta bere marxkeriez trufatzen da. Naturak ez zituen proletalgoaren sasi zientzia horren printzipioak ulertzen, Mendelen zientzia ‘burgesarenak’ baizik. Gaur egun, biologiaren ikerketan ari diren zientzialariek, gorputz eta garun ezaugarriak bezala, karakteristika intelektualak ere kromosometan finkatuta daudela ikusi dute, eta inteligentzia burmuinaren zelulekin bat datorrela ere bai. Baina hau guztia, dirudienez, ez dator bat sobietarren ereduarekin, eta “materialista” horiek, inteligentziaren oinarri materiala ukatzen dute.
Baina hau ez da nahikoa. Sobietarren dizipulu zintzo izan gabe, egon badaude beste sozialista batzuk ere, musika honen erritmora dantzan. Hauek ere ez dute biologiak esaten duena onartu nahi. Biologiak erakusten digu gure karakteristika psikologikoen % 80a kromosometan finkaturik dagoela, eta beraz, inteligentziak oinarri fisikoa baduela. Soilik % 20a honelako karakteristiketan ingurunearen bidez alda daiteke. Honen arabera, munduan pertsona batzuk besteak baino inteligenteagoak dira sortzez.
Egi honen kontra, sasi intelektual sozialistek euren ahotsa altxatzen dute, eta sozialista askorengan, badirudi jakintzaren egia proklamatzea biraoa dela. Halere, horrelako sasi zientziaren baieztapenik ez da sekulan egon sozialismoaren kontzepzio oinarrizkoetan, sozialismoaren helburua ez baita gezur biologikoak baieztatzea, pertsona orori eta bakoitzari, sortzez mundura dakartzan talentu eta berezitasunak garatzeko posibilitate materialak ematea baizik, norberak bere esku daukana gara dezan. Batzuk, besteek baino ezaugarri intelektual gehiago ekartzen dituzte kromosometan, baina bakoitzak bere mugetan, naturak emandako talentuak garatzeko posibilitatea eduki behar du. Dudarik gabe, fruituak ezberdinak izango dira, naturak emandako talentuak ere desberdinak baitira.
Epoka batean, sasi jakintzaren baieztapen horiek Sobiet Batasunean fede-artikulu ukiezinak ziren. Eta horiekin, Errusiako ministro batzuk tontokeria handienak esan ohi zituzten: «Gaur, ni ministro naiz; eta harakinak, bere harakindegian lan egiten du. Bihar, ni harakin izango naiz, eta harakina ministro, edo ingeniari». Zeren eta edonork, edozer ikasi ahal zuen. Naturaren emaitzei buruz ez dira pertsona guztiak berdin, ez gorputz ezaugarrietan, ezta adimen posibilitateetan ere. Hemen egi biologikoa daukagu, eta faktu honen kontra ez du batere balio proletalgo printzipioak ex-cathedra proklamatzea.
.
* Jatorrizkoan, ‘gizon’. ‘Gizaki’, ‘humano’ edota ‘pertsona’ lehenetsi dira itzulpen honetan gizon-emakumeei erreferentzia egiten zaienean.
** Jatorrizkoan, ‘izpiritu’.
*** Trofim Lysenko (Karlivka, Ukraina, 1898 – Mosku, 1976), sobietar biologo eta ideologoa. Lamarckismoaren eta Mendelen Legeen aurka gogor egin zuen. Bere teoria-sortak, lysenkoismoak, Sobiet Batasunean eragin handia izan zuen.
Egiak eta gezurrak sozialismoan eta sozial asmoan. Mitoak [I]
gai interesgarria da eztabaidatua izateko.
Egia da geure genetika eta kromosomen dosiak balduintzatzen duela gizakia, hala inteligentziaro nola generoari dagokionean.
Halere báda beste balditzapen berdin edota are eraginkorragoa; inguruneko ñabardura soziala, dela familiako, leinuko zein gizarte hezkuntzakoa.
Ñabardura horiek guztiok pisu nabarmenagoa dutela uste diat, genetikak berak baino.