«Egia esateko bost zailtasun» [Bertolt Brecht] [poetische samizdat]

Ezinbesteko tresna bat. Okindegira zoazela, kazetaria zarela, idazlea, fresadorea, DVD-CD saltzailea; twitter/identica sareetan talkaka ari zarela, Greba Orokorrean, lantokitik atera berri zarela zigarreta eskuan, Lanbide/Inem/PoleEmploie-ko itxaron gelan zaudela, amamarekin afaltzen, ilobari pardela aldatzen. Izan gertu Brechten hitzok pedeefean:

28 Egia Esateko Brecht

Andreas eta Gudrun

«ezin da edozer defendatu baina bide guztiak dira zilegi» «itzulpena ere mailua da»

1935ko apirilean Parisen Willi Münzenberg-ek editatutako Unsere Zeit aldizkari antifaxistan inprimatu zuten Fünf Schwierigkeiten beim Screiben der Wahrheit saiakera: Egia idazteko bost zailtasun. Aldizkariko erredaktore nagusia Alexander Abusch zen. Walter Benjamin-en hitzetan testu honek «testu klasikoen kontserbagarritasun eta lehortasun mugagabe du»1.

Halere, denbora kontuengatik eta estilo aitzakiengatik ez dugu alemaneko testua itzuli. 1963an Salamankako unibertsitateko zuzenbide politikoko buletinetik itzultzea erabaki zuen gure itzultzaileen zelulak. Enrique Tierno Galvánek egin zuen bertsio historikotik hain justu. Galván jauna Alderdi Sozialista Herrikoieko fundatzaile izan zen eta 1978an PSOEn sartu zen. PSOE-PCE koalizioarekin izan zen Madrilgo alkate 1979 eta 1983 artean2.

Benjamin maisuaren laudorio infinituaren ostean ezer gutxi esan dezakegu. Testua mailua dela. Klasikoa dela. Eta iraultzak testu hau euskaraz behar duela. Gaur egun ere ez delako nahikoa eskuin muturraren aurka borroka egitea kapitalismoaren aurka borrokatzen ez bada. Maltzurtasunez, modu erabilgarri eta zehatzean egin behar delako. Eta Brecht burkideak azaldu beste hainbat modutan.

 >derSchmähschriftFürDenKulturwiderstand<
[web::zuzeu.com [blog::andreasetagudrun.wordpress.com [twitter::@andreas_gudrun [e-posta::andreasetagudrun@gmail.com [zureAuzokoHarategian [samizdatElebiduna [2012ko maiatzak 8, Finantza mundua eta kanitxeak garaitu 1945-2012 (Walhalla- Boliwaria?ska Republika Walhalli)

Bertolt Brecht35& Gudrun Ensslin &Andreas Baader

 

EGIA ESATEKO BOST ZAILTASUN

Gaur egun gezurra eta ezjakintasunaren aurka borrokatu eta egia esan nahi duenak, gutxienez, bost zailtasun garaitu beharko ditu. Egia idazteko adorea izan beharko du alde guztietatik kontrakoa gertatzen bada ere, aurkitzeko nahikoa inteligentzia izan beharko du, arma bat bezain maneiagarri egiteko gaitasuna izan beharko du, hedatzeko maltzurtasun ezinbestekoa izan beharko du. Faxismoaren pean idazten dutenentzat zailtasun hauek izugarriak dira, baina baita erbesteratu eta kanpora bidalitakoentzat; eta demokrazia burgesetan bizi direnentzat.

I. Egia idazteko adorea

Jende askorentzat ebidentea da idazleak egia idatzi behar duela, alegia, ez diola uko egin behar, ezta deformatu behar. Ez da boteretsuen aurrean makurtu behar, ez die ahulei iruzur egin behar. Baina oso zaila da boteretsuei aurre egitea eta oso onuragarria da ahulei iruzur egitea. Boteretsuen aurrean zorigaitzean erortzeak uko egitea esan nahi du; eta lanari uko egiteak lansariari uko egitea esan nahi du. Boteretsuen loriari uko egiteak, sarritan, loria orokorrari uko egitea esan nahi du. Horretarako guztirako adore handia behar da.

Errepresio basatiena nagusi denean gauza txiki eta arruntei buruz hitz egiteko adorea behar da, langileen elikadura eta etxebizitzari buruz, esaterako. Askok nahiago du gauza handi eta nobleei buruz hitz egin. Edonon azaltzen da kontsigna hau: «sakrifiziorako maitasuna baino pasio nobleagorik ez da».

Ez egin gehiegizko gorazarrea nekazariari, goretsitako lana erraztuko luketen makina eta ongarriak goretsi. Antena guztiek deiadar egiten dutenean hobe dela pertsona ezjakina eta ezikasia pertsona jantzi eta ikasia baino, honako galderak egiteko adorea izan behar da: hobea norentzat? Arraza perfektu eta ez-perfektuei buruz hitz egiten ari direnean, adorea izan behar da galdetzeko: ez al dute goseak, ezjakintasunak eta gerrak zoramena sortzen?

Garaitu zaituztenean ere egia esateko adorea beharrezkoa da. Zapaldutako askok haien akatsak onartzeko gaitasuna galtzen dute, zapalkuntza iruditzen zaie injustizia gorena. Borreroak atzetik dituzte, haiek dira gaiztoak eta horregatik biktimek uste dute haien ontasunak berak zapaltzen dituela. Berez, ontasun hori garaitua izan da. Ondorioz, berezkoa ez zen ontasun ahul bat zen. Dudazko ontasuna, ze ez da justua ontasuna ahuleziarekin lotzea, euria hezetasunarekin nola. Adore apur bat behar da onartzeko txintxoak ez zirela garaituak izan txintxo zirelako, baizik eta ahulak zirelako.

Egia idaztea gezurraren kontra borrokatzea da, baina egia ez da orokorkeria goratu eta anbiguoa. Modu honetan aurkeztutako egia gezurra sartzeko arrakalaz josia dago. Gezurtia orokorkeriaren zaletasunagatik da ezagun, praktikotasunaren zalea da, gauza erreal eta ukigarriena. Askok uste du fusilen jopuntuan dagoela, berez, antzokietako mahuka-bikien jopuntuan dagoenean. Eskakizun orokorrak formulatzen ditu kaltegabeko lagunez inguraturik eta behin ere borrokatu ez duen justizia orokorra galdatzen du. Askatasun orokorra ere eskatzen du: jaso ohi duen altxorraren zatia jasotzen jarraitzeko eskubidea da berez. Finean, egi bakarra onartzen du: belarrira ongi ematen diona.

Baina egia modu lehorrean, zifretan eta egitateetan aurkezten badiozu, eta egiaztatua izatea eskatzen badiozu, ez du zer egin jakingo. Egia horrek ez du goratzen. Pertsona egiatiaren itxura du soilik. Haren desgrazia nagusia da egia ez duela ezagutzen.

 

II. Egia aurkitzeko inteligentzia nahikoa

Ez da erraza egia aurkitzea. Behintzat emankorra dena. Hori dela eta, oro har, estatu handiak bata bestearen ostean jausten dira muturreko basakerian. Eta barne gerra bortitza edozein unetan gatazka orokortua bihur daiteke, geure kontinente osoa hondakin bihurtuz. Egiak esaten ari naiz. Ezin da ukatu euriak beherantz egiten duela: poeta askok mota honetako egiak esaten dituzte. Hondoratzen ari zen itsasontziko hormak freskoz margotzen zituen margolaria bezalakoak dira. Geure lehenengo zailtasuna gainditu izanak kontzientzia arazoak sortzen dizkie. Egia da agintariek ez dituztela engainatzen, baina torturatuen oihuak entzuten dituzte? Ez, irudiak margotzen dituzte. Jarrera absurdu honek nahasmendu sakonera daramatza, eta etekinak besterik ez dituzte lortzen: haien lekuan beste edonork kausak bilatuko lituzke. Ez pentsa erraza denik haien euriari buruzko arrunkerietan egiak bereiztea, hasieran lan garrantzitsuak dirudite, operazio artistikoa zerbaiti garrantzia ematean datzalako. Baina begira ezazue gertuagotik, jabetuko zarete hauxe diotela: ezin da ekidin euria beherantz jaustea.

Badira ere ezjakintasunagatik egiara heltzen ez direnak. Eta, ordea, azkar egin beharreko lanak bereizten badakite, eta ez dira boteretsuen ez miseriaren beldur. Baina superstizio zaharrei esker bizi dira, axioma ospetsu ederrei esker bizi dira. Haientzat mundua konplexuegia da: nahikoa dute egitatea ezagutzea eta egitateen arteko harremanak ez jakitea.

Egungo garai nahasi eta eraldaketa anitzekoan idazle orori esan nahi diot materialismo dialektikoa, ekonomia eta historia ezagutu behar dela. Jakintza hauek liburuetan eta praktikan ikasten dira. Oso erraza da egiaren pasarteak aurkitzea, baita egia osoak aurkitzea. Bila ari denak metodoa behar du, baina aurki daiteke metodorik gabe, baita bilatu gabe ere. Halere, prozedura batzuk egiaren azalpena zaildu dezakete: irakurleek ezingo dute egia akzioan bihurtu. Egitate txikiak batzen dituzten idazleek ez dute balio mundu honetako gauzak maneiagarri egiteko. Ordea, egiak ez du beste anbiziorik. Ondorioz, idazle hauek ez dute haien misioa betetzeko nahikoa mailarik.

 

III. Egia arma gisa maneiagarria egiteko gaitasuna

Egia esan behar da entzuleen jarreran izango dituen ondorioak kontuan hartuz.

Badira ondorio praktikorik gabe esandako egiak. Esaterako, basakeriari buruz zabaldu den iritzia: faxismoa, berez, herrialde zenbaiten gainean sortutako basakeria bolada da, izurrite natural bat bezalakoa. Hala, kapitalismoa eta sozialismoaren artean hirugarren indar bat jaio da: faxismoa. Nire ustez, faxismoa kapitalismoaren fase histerikoa da, eta beraz, oso berria eta oso zaharra den zerbait da. Herrialde faxista batean kapitalismoak faxismoaren itxura du. Haren aurka borroka egitea kapitalismoaren aurka borrokatzea da, daukan molde gordinenaren, errespetu gutxikoenaren, zapaltzailenaren eta engainagarrienaren aurka borrokatzea.

Beraz, zertarako balio du faxismoa kondenatzeak, ez bada deus ere esaten hura sortzen duen kapitalismoaz? Halako egi batek ez du inolako erabilgarritasun praktikorik.

Faxismoaren aurka egotea kapitalismoaren aurka egon gabe, basakeriatik jaiotzen den basakeriaren aurka ez egotea txekorraren zati bat nahi izatea da, haren sakrifizioren aurka eginez.

Demokrata burgesek bizilagun basatien metodoak gogorki kondenatzen dituzte, eta egiten dituzten akusazioek entzuleengan zirrara eragiten dute. Baina entzuleek ahantzi dute metodo horiek haien herrialdeetan ere praktikatzen direla.

Herrialde batzuetan beste batzuetan baino bortizkeria gutxiagori esker babesten dute jabetza. Halere, edonongo monopolio kapitalistek sortzen dituzte baldintza basatiak fabrika, mehatze eta landa eremuetan. Baina demokrazia burgesek kapitalistei – bortizkeriarik gabe – ekoizpen baliabideen jabetza ziurtatzen dieten artean, basakeria dakusagu berdin-berdin. Monopolioak bortizkeriaz soilik defenda daitezkeelako.

Zenbait herrialdek ez dute ezarritako legedia suntsitu behar monopolio basatiak mantentzeko, ez dute konfort kulturala (filosofia, artea, literatura) suntsitzeko beharra. Horregatik onartzen dute aleman erbesteratuaren mintzoa, haien erregimenak ez dituelako erosotasun horiek suntsitu. Haien aburuz gerraren aldeko argudio bat gehiago da.

Egia al diote «gupidarik gabeko gerra Alemaniaren aurka, gaizkiaren aberria delako, infernuaren bulegoa, antikristoaren tronua» diotenek? Bada ez. Hala oihu egiten dutenak ergelak dira, pertsona arriskutsu ezgaiak. Haien diskurtsoek herrialde bat suntsitu nahi dute, herrialde oso bat eta bertako biztanleak: gas itogarriek ez dituzte errugabeak barkatzen. Egiari jaramon egiten ez diotenek azaletik hitz egiten dute, orokorkerian eta zehaztasun gabe. «Alemanari» buruz jarduten dute, «gaizkia» estigmatizatzen dute, eta haien entzuleek galdetzen dute: aleman izateari utzi behar diogu? Nahikoa izango al da txintxoak bagara infernua desagertzeko? Basakeriari buruz topikoak esaten dituztenean ekintzak habiatzeko ezgaiak dira. Egia esan ez diote inori hitz egiten. Basakeria suntsitzeko kultura garatzea eta ohiturak hobetzea predikatzen dute, besterik ez. Hala, arrazoien kateko katebegi batzuk isolatzen dituzte eta indar erabakigarri zenbait erremediaezintzat jotzen dituzte, iluntasunean uzten dituzte hondamendia prestatzen ari diren indarrak. Argi apur batekin hondamendien benetako erantzuleak azaltzen dira: pertsonak. Pertsonaren patua pertsona bera den garai batean bizi gara.

Faxismoa ez da pertsonaren «naturan» dagoen izurrite bat. Gainera, pertsonaren duintasuna lehengoratzen du hondamendi naturalak aurkezteko modu honek, indar borrokalariari hitz egiten dielako.

Faxismoa eta gerra zorigaitz handi gisa – eta ez kalamitate natural gisa – deskribatu nahi dituenak hizkera praktikoa erabili behar du: azaldu behar du zorigaitzok klase borrokaren ondorio direla; produkzio bideen jabeak langile masen aurka daudela. Egoera ezin txarrago bat aurkeztean, erakuts itzazue konpongarriak diren arrazoiak. Zorigaitzak konponbidea duela baldin badakigu, kontra egin ahalko diogu.

 

IV. Nori esan behar ote zaio egia

Mendeetako ohitura da: idazkien merkataritzarekin lotuta dago. Idazlea ez da bere lanen zabalkundeaz arduratzen. Bere editorea, edo beste bitartekariren bat, arduratuko da munduan zabaltzeaz. Eta diosku: nik hitz egiten dut, eta ulertu nahi dutenek, ulertuko dute. Baina berez, idazleak hitz egiten du eta ordain dezaketenek ulertzen dute. Bere hitzak ez dira inoiz guztiongana heltzen, eta entzuten dutenek ez dute dena ulertu nahi.

Honen inguruan gauza asko esan izan da, baina ez nahiko antza. «Norbaiti idaztearen ekintza» «idaztearen ekintza»n bihurtzea larria eta kaltegarria iruditzen zait. Egia ezin da soilik idatzi; norbaiti idatzi behar zaio. Erabiltzen jakingo duen norbaiti. Idazle eta irakurleek elkarrekin aurkitzen dute egia.

Ongia ezagutarazteko nahikoa da ongi entzutea, baina egia maltzurtasunez esan behar da eta modu berean ulertu. Guretzat, idazleontzat, garrantzitsua da jakitea nori esaten diogun eta nork esaten digun; baldintza onartezinetan bizi direnei haien bizi baldintzen gaineko egia esan behar diegu, eta egia haiengandik heldu behar zaigu. Ez gaitezen sektore batengana soilik zuzendu: beste batzuk aurrera egingo dute eta gu ulertzeko gai izango dira. Borreroengana ere irits gaitezke haien bizitza galtzearen beldur badira. Bavariako nekazariak erregimen aldaketaren aurka zeuden, haien seme-alabak gerra luzetik itzultzean, langabezi behartuan ikusi zituztenean, ideia iraultzaileekiko ulerkorrak izan ziren.

Egiak tonu bat dauka. Geure betebeharra aurkitzea da. Normalki tonu suabe eta mindua erabiltzen da: «euli bati ere ez nioke minik egingo». Halako tonuaren bertutea da entzulea miserian lurperatzen duela. Ez ditugu etsaitzat tonu hau darabiltenak, baina ezingo dira gure borrokako burkideak izan. Egiaren natura gerrazalea da, eta ez da soilik gezurraren etsaia, gezurtien etsaia ere bada.

V. Egia maltzurtasunez zabaldu

Idazlea egia idazteko adoreaz harro dago, pozik dago aurkitu duelako, nekatuta erabilgarria egiten ahalegindu delako, eta irrikatan espero du irakurleek bahetuko dutela. Horregatik uste du egia zabaltzeko ez dela maltzurtasunik behar.

Konfuziok almanaka herrikoi zahar bati zenbait hitz aldatu zizkion: «Kun maisuak Wan filosofoa hilarazi zuen» idatzi beharrean «Kun maisuak Wan filosofoa erailarazi zuen» idatzi zuen. Sundso tiranoari buruz mintzatzen zen pasartean «atentatuan hil zen» jartzen zuen eta Konfuziok «hil» jartzen zuen lekuan «exekutatu» jarri zuen historiaren kontzepzio berria irekiaz.

Gaur egun «herri» esan beharrean «populazio» esaten duenak, «lur» beharrean «landa-eremu» dioenak, uko egiten dio zenbait gezur zabaltzeari, zenbait hitzi magia kentzen die. «Herri» hitzak interes komunak ditu ondoriotzat. Eskualde bereko «populazioa»k interes ezberdin eta are antagonikoak ditu. Ez dezagun egia hau ahaztu. Ildo beretik, «lurra» dioenak lilura adierazten du, lurrinaren eta koloreen aurrean estasia eragiten du, klase zapaltzailearen gezurrak hobesten ditu. Azken batean, ze axola du lurraren emankortasunak, pertsonak harekiko duen maitasunak eta hura lantzean duen gar nekaezinak! Gariaren prezioak eta lanaren prezioak axola du. Lurrarengandik etekina ateratzen duena ez da inoiz garia jasotzen duena, eta «ereilearen keinu agurgarria» ez da burtsan kotizatzen. Adiera egokia «landa-jabetza» da.

Zapalkuntza nagusi denean, ezin «diziplinaz» hitz egin baizik eta «mendekotasunaz» zeren diziplinak klase zapaltzailearen existentzia alboratzen baitu. Modu berean, «duintasun» berbak «ohorea»k baino gehiago balio du, pertsona gehiago hartzen duelako kontuan. Denok dakigu ze jende motak nahi dituen herri baten «ohorea» defendatzeko abantailak, eta ze liberaltasunez banatzen duten aberatsek «ohorea» haiek aberasteko lan egiten dutenen artean.

Konfuzioren jakituria gaur egun erabil dezakegu. Baita Tomas Mororena. Azken honek garaiko Inglaterraren berdina zen herrialde utopikoa marraztu zuen, baina injustiziak onartutzat jotzen ziren bere idazkian.

Tsarraren poliziak Lenin pertsegitzen zuenean, Leninek Sajalingo errusiar burgesiaren zapalkuntza azaldu nahi izan zuen. Errusiaren ordez Japonia idatzi zuen, eta Sajalinen lekuan Korea. Bi burgesien identitatea argi zegoen, baina Errusia Japoniarekin gerran zegoenez zentsurak Leninen lana argitaratzeko aukera eman zuen.

Estatu irudikor bat engainatzeko hamaika maltzurtasun daude. Voltairek garaiko erlijio superstizioen kontra egin zuen «Orleanseko dontzeila» istorio galaia idatziz: handi-mandien bizitzetatik sortutako abentura galaiak estilo ederrean deskribatu zituen. Voltairek pertsonaiak erlijioa alboratzera bultzatu zituen (ordura arte haien bizitzako ezinbesteko zerbait zen). Bat-batean Voltairen lanak hedatu zituzten eta haien pribilejioak babesten zituzten poliziez trufa egin zuten. Handi-mandien jarrerari esker irakurle burgesen artean hedatu ziren ideiok, haiek seinalatzen zituen, hain justu, Voltairek.

Lukreziok zioen bere bertsoen edertasuna alde zuela ateismo epikurearra hedatzeko. Lan baten literatur bertuteek haren zabaltze klandestinoaren alde egin dezakete. Baina onar dezagun sarritan susmoak pizten direla. Horregatik, hobe genuke sarri nahita kasurik egingo ez bagenie. Esaterako, polizia nobela batean – merezimendu gutxiko generoa – gizarte baldintza onartezinak deskribatuko balira, nire ustez, polizia nobela erabat justifikatua legoke.

Shakespeareren lanetan egiaren eredua aurki dezakegu maltzurtasunez zabaldua: Antonioren diskurtsoa Zesarren hilotzaren aurrean. Brutoren errespetagarritasuna berresten du etengabe, egin duen krimena kontatzen du, eta egiten duen irudia kriminalak egindakoa baino leziatzaileagoa da. Egitateek garaitu dute, Antoniok haiei esker lortu du konbikzioa epaitik lortu beharrean.

Jonathan Swiftek panfleto batean proposatu zuen harategietan haur txiroak saltzea herrialdea ugaritasunean bizi zedin. Kalkulu zehatzak egin ostean idazle entzutetsuak frogatutzat jo zuen aurrezpen handiak egin zitezkeela logika hori burura eramanaz. Swift munstroarena egiten ari zen. Gorroto zuena pasio absolutistaz defendatzen ari zen. Lotsagarrikeria salatzeko modu bat zen. Edonork aurki zezakeen berea baino irtenbide zentzuzkoago bat, edo behintzat gizatiarrago bat; bereziki, bere arrazoitzea nora zihoan ulertu ez zutenek egin zezaketen hori.

Edozein pentsamenduaren aldeko militantziak zapalduen kausa laguntzen du. Zapaltzaileen aldeko gobernariek jakintza arbuiatzen dute. Haien ustez txiroentzat erabilgarria dena txiroa da. Azken hauek jateko duten beharra, gosea garaitzeko nahia, zitala da. Zitala da ohore militarrak mespretxatzea fabore kalkulaezin hori izateko aukera eskaintzen digutenean: herrialde baten alde borroka egiteko aukera eskaintzen digute jendea gosez hiltzen ari dela. Zitala da desgraziara zaramatzan buruzagia zalantzan jartzea. Zitala da elikatzen ez duen lanari izua izatea, zitala den bezala zoramen inposatua eta ezer ere eskaintzen ez digun familia. Gose direnak jatun eta idealik gabeko pertsonak balira legez tratatzen dituzte, zapaltzaileekiko konfiantzarik ez duten koldar gisa, indarrean sinesten ez duten ezkor gisa, lan egiteko ordaindu baina alferrak balira bezala, etab. Erregimen horien pean pentsatzea ekintza susmagarria eta gaitzetsia da. Nora joan gaitezke pentsatzen ikastera? Errepresioa nagusi den edozein lekura.

Hala ere, oraindik pentsamendua garaile da diktaduraren ezinbesteko eremu batzuetan. Gerraren artean, adibidez, edo tekniken erabileran. Ezinbestean pentsatu behar dugu, ordezko ehundurak asmatuz, artile urritasunak eragozteko. Ezin dugu pentsamendua alboratu jakien kalitate txarra edo gazteriaren militarizazioa azaldu nahi badugu. Baina maltzurtasuna erabiliz ekidin dezakegu pentsamenduaren maisu berriek egiten duten gerraren laudorioa. Hala, «nola egin gerra?» galdera egiten digutenean «merezi al du gerra egiteak?» galde dezagun. Eta beraz, galde dezagun «nola ekidin alferrikako gerra?». Egiazki, zaila da kontu hau publikoki azaltzea gaur egun. Baina horrek ez du inolaz ere esan nahi egia modu eraginkorrean erabiltzeari uko egin behar diogunik.

Bizi garen garaiko sistemak gutxiengoak gehiengoa esplotatzeko aukera eskaintzen du, honen arrazoia populazioaren nolabaiteko laguntza da, maila guztietan dago laguntza hau. Norantza analogoan zuzendutako laguntzak sistema suntsi dezake. Adibidez, Darwinen aurkikuntza biologikoek sistema guztia arriskuan jar zezaketen, baina Eliza soilik kezkatu zuten. Poliziak ez zuen ezer kaltegarririk susmatu. Fisikako azken aurkikuntzek filosofiako ordena zalantzan jarri eta zapalkuntzak erabiltzen dituen dogma irrazionalak agerian utz ditzakete. Logikaren alorrean, Hegelek egindako ikerketek balio handiko metodoa eskaini zien langileen iraultzako Marx eta Lenin klasikoei. Zientziak solidarioak dira elkarren artean, baina alorren arabera gorabeheratsua da garapena, Estatuak ezin ditu guztiak kontrolatu. Hala, egiaren aitzindariek zaindu gabeko eremuak topa ditzakete. Garrantzitsuena metodo egokia irakastea da, denari galdekatu behar zaio izaera iragankor eta aldakorrei buruz. Buruzagiek gorroto dituzten aldaketak: dena geldi egon dadin nahiko lukete, milurteko batez ahal dela: ilargia geldi dadila eta eguzkiak bere lasterketa albora dezala. Orduan inork ez luke goserik eta ez lituzke elikagaiak eskatuko. Inork ez luke erantzungo haiek tiro egitean; haien agur tiroa duten azken aukera da.

Gauzen izaera iragankorra nabarmentzeak zapalduak laguntzen ditu. Gogorarazi diezaiogun garaileari egoera ororen baitan proportzio handiak izan ditzakeen kontraesan bat dagoela. Metodo hau – dialektika, gauzen mugimenduaren zientzia – alor ezberdinetan aplika dezakegu: boteretsuen kontroletik at dagoen biologian eta kimikan, baina baita familiaren azterketan aplika dezakegu, ez dugu zertan arreta deitu behar. Gauza oro etengabe aldatzen ari diren beste batzuen menpekoa da, egi hau arriskutsua da diktadurentzat.

Bada, hamaika modu daude ere poliziaren muturren aurrean erabiltzeko. Gobernuek pertsonak miseriara daramatzate, eta miserian daudenean kosta ala kosta nahi dute pertsonek ez dezatela gobernuan pentsatu. Horregatik mintzo dira gobernuak patuaz. Erregimenaren gabezien ardura patuari egozten diote eta ez gobernuari. Eta inork gabezion jatorria zein den jakin nahi badu, gobernura heldu aurretik neutralduko dute.

Baina, oro har, patuaren inguruko leku komunei mozorroa kendu dakieke eta pertsonak bere patua eratzen duela ikusaraz daiteke. Hortxe dago madarikatuta zegoen etxalde islandiarraren adibidea. Emazteak bere burua ibaira bota zuen, gizonak bere burua urkatu zuen. Egun batean, semea emakume gazte batekin ezkondu zen, emakumeak zenbait hektareako dotea zuen. Bat-batean madarikazioak alde egin zuen. Herrixkan modu ezberdinetan interpretatu zuten gertakizuna. Batzuk gizon gaztearen izaera alaiari egotzi zioten, beste batzuek etxaldea hobe kudeatzeko aukera eskaini zuen dotearekin lotu zuten hobekuntza. Paisaiei buruz idazten duen poetak ere zapalduen alde egin dezake pertsonen lanari buruzko zertzelada bat gehitzen badu egin duen deskribapenean. Labur esanda: maltzurtasuna erabili behar da egia zabaltzeko.

Ondorioa

Gure garaiko egi handia – ezagutzea ez da dena, baina jaramonik ez egiteak beste egi garrantzitsuak aurkitzeko aukera alboratzen du – hauxe da: gure kontinentea basakerian lurperatzen ari da produkzio bideak jabetza pribatuak kontrolatzen dituelako. Zertarako balio du basakerian lurperatzen ari garela esateak ez bada argiki esaten zergatik gertatzen ote den? Produkzio bideen jabetza pribatua mantentzeko torturatzen dute.

Lagun asko galduko ditugu bidean hau esateagatik. Tortura estigmatizatzen dutenek uste dute berau ez dela ezinbestekoa egungo jabetza formak mantentzeko.

Derragun egia gure herrialdean nagusi diren baldintza basatiei buruz, hala izango da posible deuseztea, alegia, egungo produkzio harremanak aldatzea. Derraiegun statu quoa pairatu eta, beraz, aldatzeko behar handiena dutenei: langileei, langile klasearen balizko aliatuei, egungo egoerarekin kolaboratu arren produkzio bideen jabe ez direnei.

1Informaziook eta bestelakoak Klaus Völker-en Crónica de Brecht, datos sobre su vida y obra liburuan topatuko dituzu. Jatorrizko Brecht-Chronik. Daten zu Leben und Werk Munichen argitaratu zen 1971n. Espainolerako itzulpena María Luz Rovirak egin eta Joaquim Vilar-ek zuzendu zuen eta 1976an argitara eman Anagramak Bartzelonan. Honen gainekoa 81 orritik hartu dugu.
2Testua dijitalki La insigniak argitaratu zuen 2004ko urtarrilaren 22an: http://www.lainsignia.org/2004/enero/cul_062.htm

Andreas Bernd Baader (1943ko maiatzaren 6a) Alemaniako ezker muturreko Armada Gorriaren Fakzioaren (R.A.F.) sortzaileetakoa da, astia duenean margotzen du. UMPS Angiolillo PamphletistInen zelulako kide da. ||| Gudrun Ensslin (1940ko abuztuaren 15a) Alemaniako ezker muturreko Armada Gorriaren Fakzioaren (R.A.F.) sortzaileetakoa da. Hegelen ondorengoa da, biolina jotzen du idazteaz gainera. UMPS Angiolillo PamphletistInen zelulako kide da. ||| [zuzeu.com [g.ensslin&a.baader-blog [@andreas_gudrun-twitter [andreasetagudrun@gmail.com [zureAuzokoHorman [samizdatElebiduna