#EGA-ren zinta. Kritika eta kontrakritika
Atzo (otsailak 24) #EGAri buruzko zinta bat marraztu nuen. #EGAri buruz diot, traola barne, zeren Twitter en segitu nuen traola eta bertan zenbat gaztelera egiten zen harritu ninduen.
Bada mezu bat jaso dut minduta azaltzen den irakurle batengandik eta “EGA gainditzeko ahalegin ikaragarria egiten ari direnekin txantxa gutxi, mesedez” idatzi du.
Nire erantzuna hau izan da:
“Atzoko zintan marraztu nuena ez zen txantxa bat”.
(Jatorrizkoa Zaldieroak @zaldieroa-k ‘De Rerum Natura blogean argitaratu du)
Zintan errealitate gordin bat besterik ez nuen islatu, hau da: EGA egiteko adina
euskararen ezagutza duten askok eta askok erabilpenean huts egiten dutela.
Ezagutu bai, erabili ez.
Hau da errealitate gordin bat eta, kasu, zintan ez diet leporatzen errua beraiena denik ere.
Horren inguruan soziolinguistikak oso ongi azaltzen du erabilpenean zergatik gabiltzan hain motz
eta zuzenean instituzioen hutsa dela azaltzen du.
Zintan agertzen den “jarrera” hori, twitterren bertan larunbatean EGA azterketa egin zutenen iruzkinetatik atera dut. Bertan %70 batek-edo gazteleraz idatzi zituen iruzkinak. Hau datu bat da, ez da txantxa bat.
Adibide batzuk [#EGA]:
-Miierda de #EGA , dudoo muccho ke haya suuerte..!
-Me pregunto que tal les habrá salido el #EGA a @XXXX @XXXX y a @XXXX
-Con @XXXX y @XXXX en el tren de camino a casa despues de una larga mañana haciendo el #EGA -#EGA hecho @XXXX
-Me pregunto que tal le habra salido el #EGA a @XXXXX ?? 🙂
-La hora mas corta de mi vida la del examenn #EGA
-Acabao el #EGA ahora a dormir y a la tarde fiesta en @XXXXX
-el jueves se sabra ketal el #EGA
-La próxima vez que suban el nivel un poco, porfavor #EGA
-……..
Ni ere minduta nago, ez noski errealitatea islatzen duten marrazkitxoekin, ni minduta nago
Euskal Herriko instituzio guztiekin Hezkuntzatik hasita EITBraino, ardurak hortxe daude-eta”
(Jatorrizkoa Zaldieroak @zaldieroa-k ‘De Rerum Natura blogean argitaratu du)
Zaldierok arrazoia dauka ehunetik ehunean, guztiz eta erabat.
Barkatu, Zaldieroa, baina disidente naukazu zure ikuspuntuan, Palestinako Askapen Nazionalekoa edo. Txantxa balitz, zer? Marxek, bibotea margotzen zuenak, esan omen zuen umorea oso gauza serioa zela. Egia berdaderoa. Eta oso gauza serioa bada, bi arrazoirengatik da: bata, munduko gauza serioak deskribatzen eta erlatibizatzen dituelako; eta, bestea, umorea (ona) egitea dohaina delako, pertsona gutxi batzuen esku dagoen dohaina. Zuk, nire ustez eta urte hauetan guztietan eragin dizkidazun barreak kontuan hartuta, ederki betetzen dituzu bi baldintzak. Umoreak, gainera, ez du gai debekaturik izan behar, akaso momentu debekatuak. EGA azterketaren errealitate linguistikoaren gaineako zure tira komikoak inor mindu badu, haren arazoa da, harena eta ez beste inorena. Azken finean, EGAn idatzian zein ahozkoan euskaraz maila ona edukitzea baino ez da eskatzen, gero eta irizpide malguagoekin, bide batez esanda, hiruzpalau ergatibo janda ere. Euskara gogoz ikasi eta demontrezko azterketa gainditu ez duenik ez dut ezagutu, eta “ahalegin ikaragarririk” egin gabe, gogoz ikasiz baizik, gustura. Oztopoa ez da hizkuntza edo azterketaren zailtasuna, buruko harresiak dira oztopo. Baina umorea bahitu nahi izatea? Inondik ere ez! Beraz, zentzura egiten diot zure erantzunari eta beste hau proposatzen dizut: “Atzoko zintan marraztu nuena ez zen txantxa bat, UMOREA ZEN”. Eza zaitzatela aldatu, arren! Seriotasun osoz diotsut.
Zinta hori oso ondo ekarria dago. Ororostorm-en koinatarenak ere niri ikaragarri gustatzen zaizkit.
Zaldieroa fin eta txukun jardun da. Oso ona!
Zaldierorekin guztiz ados, ni euskara irakaslea izan naz eta pertsona askori laguntzen saiatu izan naz EGA edo Hizkuntza eskakizunaren bat ateratzen eta gehienetan bidai luzea eta gogorra iruditu zaie; euskarari amorrua hartzen diete maite beharrean, baina guk, euskaldunak garenok eta geure bizitza normalean ahal dugun neurrian euskara erabiltzen dugunok, jakin badakigu euskararen inguruan Herri Administrazioak eta Erakundeek etekina atera nahi dutela eta kriston negozioa dagoela hoenen inguruan; mila eta mila langilek, ikaslek eta pertsonek azken finean daukaten etsitasuna handiegia dela azterketa ezin gaindituz daudenean …Baita ere aipatu behar dut euskaltegi batzuk euren etekina ateratzearen asmoz, gainditzeko zeuden azterketa asko suspenditzea erabakitzen dutela hurrengo urtean matrikulazio kopurua jeitsiera ikaragarria dagoelako, beraz, egoera honetan, errudun asko, eta biktimak ere…baina neri tristura gehien sortarazten didan biktima hizkuntza bera da, euskarak, ni euskal filologa izanik ze esango dut nik ba hizkuntza honi buruz, maitemindurik naukana, hizkuntza eder eta harrigarri honetaz, baina dirua tartetik sartzen den einean euskara ahulduz doa, gero eta pertsona gehiagok ikasten du esaten dute baina zenbatek ikasten dute euskaldunon hizkuntza delako edota hizkuntza paregabea delako? Tamalez gutxik…eta horrek zeharo tristetzen nau; hausnarketa bat egin beharko genuke eta hezkuntza mailan mentalidadeak aldatu hizkuntza naturala den modu batean ikas ditzagun, beti euskararen alde baina euskaran negozioa hutsik ikusten dutenen aurka beti ere!
Zuriñe, euskara irakaslea izan zarela diozu, baina oso gaizki informatuta zaude. Gauza batzuei buruz hitz egiteko jakitea ona da, batez ere inori delitua izan daitezkeen jarduerak leporatzekotan. Lehenik, administrazioek negozio galanta egiten dutela esan duzu. Ez da egia: matrikulazioen bidez jasotzen den dirua ez da gastuak ordaintzeko nahikoa. Ideia har dezazun, esango dizut 2HEko idazlana zuzentzeko, adibidez, aztertzaileari hamar bat euro ordaindu behar zaiola. Aztertzaileen prestakuntza eta denbora ere ordaindu behar da, lokalen alokailua, azterketak inprimatzea… Matrikula, EGAn eta HABEn orain arte 18 eurokoa izanda, ez dut inon etekinik ikusten, azterketari bakoitzeko batez besteko gasdtua 40 eurokoa baita. Bigarrenik, eta larriena, euskaltegiei matrikulaziorik ez galtzeko azterketak ez gainditzea leporatzen diezu. Hori iraingarria da, gezurra, eta sistema zein egoera ez dituzula batere ezagutzen adierazten du.
Barkatu Zuriñe, baina “hizkuntza paregabea”ren kontu horrek hotz uzten nau. Eta ez dut bakarra naizenik. Are gehiago, euskararen berezitasuna, jatorri misteriotsua etab. etab. behin eta berriro azpimarratzea aho biko aiztoa da: euskara Mikeldiko idoloarekin edo estela diskoidalekin batera museo batean gordetzeko gehiago balio du jendea mintza dadin baino. Euskal Filologoa baldin bazara, Unamunoren pentsamendua ezagutuko duzu, berez haren garaian ikerlari askoren artean ikuspegi arras zabaldua zena: ondo, euskara iker dezagun, bitxia, arraroa eta jakingarria delako, baina gero enbaltsama dezagun. Venerable lengua de nuestros antepasados, reliquia de tiempos pretéritos etab. etab. Katalanak, ordea, ez dira horrenbeste harrotzen euren hizkuntzarekin, azken buruan haiena “beste” hizkera erromaniko bat besterik ez delako, latinaren ezpalekoa, frantses edo gaztelaniaren hurbileko ahaidea, baina horregatik ez dute gutxiago maite, ez erabiltzen. Bestalde, ematen du euskaldunen kirol nazionaletako bat euskara-irakasleak jipoitzea dela. Bizimodua hala-hola aurrera ateratzea lortzen duten euskara-irakasleak dexente dira -gogorarazi behar da euskara irakasleak ez daudela salbuetsita fakturak edo eguneroko erosketak ordaintzetik? Airetik bizi behar al dute?-, baina nik ez dut ezagutzen euskara irakasten aberastu denik. Aitzitik, jakin nahiko nuke sektorearen baldintza kaskarrek zenbat profesional on uxatu dituen. G. Etxaguek ondo dioenez, iradokitzen ari zarena delitua da: azterketa ofizial bat balio ofizialeko agiria da, hain zuzen, eta hura manipulatzea edo emaitzak faltsutzea prebarikazioa da. Onartezina iruditzen zait halako akusazio larriak botatzea, hori kolektibo oso bat arinkeria barkaezinez kakaztea da.
“Maita nazazu gutxiago, eta erabil nazazu gehiago”
Don`t feed the troll! LEÑE!
Ni ez naiz minduta sentitu, ezergatik ere ez… Ez erdaraz hitz egiten duten ikastolerongatik, ez EGAren kontura txantxetan aritzen direnengatik, ez inorengatik.
Jendearen gehiengo zabal batek ez du ezagutzen ez duen hizkuntza bat ikasten behartzen ez badute edo beharrezkoa izango ez bada beraien bizitzarako, bain lanean edo kalean.
Alemaniera ikasten dutenak Alemaniera xarmangarri delako da? Ala etrokizunean erabiliko dutelakoan egiten dute,edo lan bat izateko egiten dute, Alemaniera joateko.. baina gutxiengo bat ikasiko du bakarrik Alemaniera xarmangarria delako.
Finlandiari begiratu behar dautsogu pentsatzen dut nik, ulertuta daukat han finlandiarra ikastea dohainik dela (askotan ordaintzen dautzute ikastearren) eta lanpostuetarako baldintza dela. Euskal Herrian dagoen sistema ez dau balio (datuak begi-bistan daude) eta askok euskera, titulu bategaz betetako paper bat legez ikusten daute. Enpresek egiten dituzten elkarrizketetan pertsonek euskeraz egiteko eskatzen dautenean, ikusiko dugu zelan igotzen den euskeraren erabilera baina paper bategaz nahikoa den bitartean ez da igoko.