Edan edo ez edan

Edan edo ez edan

Urumea ertzeko petrilean eserita jendea nola zebilen begira nengoen. Begiak gelditzen ez zen jendearengan pausaturik nituen arren gogoa urrutira joana zen. Nola bizi gara? Zein da dagigun bidea jarraitzea eragiten diguna? Ba ote da biderik? Lehendik hor egon eta jarraitzen duguna edo guk egiten duguna. Ba ote haririk? Guztion gainetik? Bakoitzaren barnetik? Laino gutxi zebilen zeruan baina lainotuta nakusan dena eta jendea gelditu gabe zebilen estratatik. Zergatik iruditzen zaigu gainontzekoa mugitzen denean norbera geldirik dagoela? Ez aurrera egin nahi ezagatik, agian ezintasunagatik. Horrelako eta gogoratzen ez ditudan beste gogoeta quasi-filosofikoetan murgilduta ez nuen ikusi kalatxoria ibaiak agertzen utzitako harri batean pausatzen.

Edan edo ez edanHor zegoen itsasoa. Hain arrotz. Imajinatzen dut gertu eduki behar duzula zerbait, zeureganatu behar duzula, hori bera ahaztu ahal izateko. Denbora aurrera zihoan eta ni ez. Itsasoa bazihoan, ibaia bere atzetik. Halako batean ezezagun bat gerturatu zitzaidan, zerbait galdetuz. Dirua nahi zuela pentsatu nuen hasieran eta zertan ari nintzen konturatzerako buruarekin ezetz egiten hasi nintzen. Are gertuago etorri zitzaidan eta orduan ulertu nuen – bere hitzei erreparatu nielako eta eskuan itzalita erakusten zuen zigarroarengatik – sua zela behar zuena, zigarroa pizteko sua. Utzi nion sua, zigarroa piztu eta bera ere bazihoalarik buelta emanez galdetu zidan ea zerbait hartu nahi nuenen.

Despistatu aurpegia ikusiko zidan, berak erakutsi baitzuen bidea. Inoiz ikusi gabea nuen taberna batera heldu ginen eta ezer esan aurretik zerbitzariari bi kaña eskatu zizkion. Horra nola heldu ginen pentsatzen ari nintzen artean barra gainean zeuden edalontzietako bat hartu eta bestea eskuan jarri zidan. Edan edo ez edan? Metxeroa nahi ote zuen galdetu nion. Ezetz erantzuten zidan bitartean kaña betea egurraren gainean utzi eta alde egin nuen handik. Zergatik? Garai batean asko edaten nuen, ez ni neu alkoholikoa nintzelako (agian bai), baizik eta sozializatzeko nuen aukera bakarra zelako.

Txikitan lagunekin Oteizaren eskulturaren ondoan geratzen ginen, dirua zuenak gozokiak erosten zituen eta besterik gabe jolasten genuen. Handitzen joan ahala plan ezberdinak egiten genituen. Adin batera iritsita egon zitezkeen kontrol eta lege guztiak hautsi (edo hori uste genuen) eta larunbat batzuetan edaten hasi ginen. Urte xalo horiek atzean utzita lagunekin geratzeko modu bakarra tabernan geratzea bilakatu zen. “Lau t’erditan [Oteizaren] eskulturan” zena “seietan tabernan” bilakatu zen eta ez zitzaidan gustatzen. Tabernara edatera joaten baikinen, ez zen inoiz hasieran asmo onez eskatutako limoizko KAS ziztrin horretan geratzen kontua. Horregatik, ezezagun hark tabernara eraman eta kaña bat atera zidanean alde egin nuen. Zigarro bat piztu eta etxerako bidea hartu nuen inoiz erretzeari ere utzi beharko diodala pentsatuz.


Orain irakurri duzuna ez da sekula gertatu baina errazagoa iruditu zait drogen kontsumo ohituren inguruko iritzi artikulu bat idatzi baino istorio txar bat kontatzea.

Edan edo ez edan

3 pentsamendu “Edan edo ez edan”-ri buruz

  • Ona. Tratatu beharreko gaia adin ( goiztiar ) batetik aurrera sozializatzeko era nagusia, ohikoena, kaña/ardo/kubata baten inguruan dabilen gure herri hontan.

  • Oso ona, Peru. Arazo larri bat daukagu, baino ez diogu heldu nahi. “Ohitura” da, “gure kultura da” ta antzeko topikoekin estaltzen ez dena. Zer da ba Maritxu Kajoi atxurtzeko aukera -beste bat- besterik?

  • Itxurakeriari stop 2015-10-26 09:43

    Gai honi buruz idaztea ausarta da eta zoriontzekoa zara dudarik gabe horregatik, hasteko.
    Alkol eta droga kontsumo “sozialaren” ondotik datorrena ez baita arrunta.
    Alkolismoa edo bestelako adikzioak hurbiletik ikusi duenak badaki, kontsumo sozialaren eta patologikoaren arteko muga erraz iragaten dela. Eta hortik aurrera dakarrena: desozializazioa hain zuzen, bortizkeria, garapen eza eta abar.
    Ordu da beste begirada bat ematea kontuari.