EAJko karguen senide harrobia
EAJko karguen senide harrobia –
Ahoztar Zelaieta, ARGIAn.
Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute. Hirugarren talde baten parte dira burukideak, udal edo foru kargu publiko ohiak, hauteskunde zerrendetako hautagaiak eta haien senideak.
Aspalditik ari dira administrazioan alderdiaren barne-egiturako kideen senideak. Arzalluz EAJko presidente historikoaren seme Asier Arzalluz Bizkaiko Txakolina arautzeko kontseiluko lehendakari izendatu zuten, eta bere emaztea, Isabel Octavio, gaur egun EITBko Komunikazio zuzendaria, Osasun Sailaren Kabineteko zuzendaria izan zen.
Joseba Aurrekoetxea EAJren antolamendu-idazkariaren alaba bat hautatu dute Bilboko Portuan postu baterako. Asier Atutxa burukide ohia, Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu ohi baten semea, Bilboko Portuko presidente izan zen. Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren lehendakaria Bizkaiko Diputatu Nagusiaren Kabineteko buru ohi baten osaba da, Igor Camañorena. Joseba Egibar GBBko lehendakariak bi iloba izan ditu Jaurlaritzako goi-kargu gisa: Eneko Goenaga eta Imanol Goenaga. José Antonio Suso, ABBko lehendakaria, Autogobernuko zuzendariarekin ezkonduta dago, Begoña Pérez de Eulaterekin.
EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. (…) Aspalditik ari dira administrazioan alderdiaren barne-egiturako kideen senideak.
Jaurlaritzako karguen senideak ere aspalditik ari dira administrazioan. Ardanza lehendakari ohiaren alaba Nagore Ardanza Bilbao PortLab-eko koordinatzailea da, eta horren osaba bat bere garaian Jaurlaritzako goi-kargu izendatu zuten. Legebiltzarreko lehendakaria den Bakartxo Tejeriaren senarra, Joanes Labayen, Jaurlaritzako aholkulari gisa kontratatu zuten. Bestalde, Jaurlaritzako Osasun sailburua den Gotzone Sagarduiren senarra, Iñigo Apellaniz, prebentzio zerbitzuko burua da Metro Bilbaon, eta koinata bat, Alfonso Apellaniz, Ertzaintzako prebentzio zerbitzuko burua. Victoria Landa, Ertzaintzaren zuzendaria, Brigada Mugikorraren arduraduna izan zen Patxi Lealekin ezkonduta dago.
Arantxa Tapia sailburuaren senarra (Julián Flórez) eta Jokin Bildarratz sailburuaren emaztea (Ane Garate) administrazioarentzat lan egiten duten elkarteetan ari dira. Urien ahizpak Jaurlaritzako goi-karguak dira. Nerea Urien jelkidea Osasun sailburuordea da, eta bere ahizpa, Izaskun, Segurtasun saileko Giza Baliabideen zuzendaria. Uriarte anaiak ere goi-kargudunak dira. Jon Uriarte, Ertzaintzaren zuzendari ohia, gaur Justizia Administrazioko zuzendaria da, eta bere anaia, Aitor, Joko eta Ikuskizun zuzendaria Segurtasun sailean.