EAJ-PSoEren Jaurlaritza eta “los del euskera”

EAJ-PSoEren Jaurlaritza eta “los del euskera” –

EAJ-PSoEren Jaurlaritza eta "los del euskera"

Bizkaian zer gertatzen den ez dakit, baina Araban, “Euskal” Administrazio Publikoetako langile euskaldunak (euskaraz artatuak izateko eskubidea dutela uste dutenak behintzat), osasun-azterketak egitera Donostiara bidaltzen dituzte, Gipuzkoako euskal erreserbara, Gasteizen ez baitago euskarazko arreta bermatuko dien zerbitzu medikurik, XXI. mendeko 2025. urtean ere, Eusko Jaurlaritza 40 urte baino gehiago jardunean.

Lakuako Eusko Jaurlaritzako hainbat langileren salaketa izan da azkena, baina ez da lehena.

Jaurlaritzako langile euskaldun temoso koadrilla abiatu da Jaurlaritzak agindutako zerbitzu medikura:

–Gasteiztik gatoz…
–Son los de euskera… (langile batek besteari ahopeka).

Donostiako Mediku-zerbitzu horretan ere, oharrak español hutsez (Recoja su muestra de orina, Admisión al final del pasillo…), hara non.

Hala ere, lehenengo probak, erizainarekin, euskaraz. Bigarren multzokoak, medikuarekin, euskaraz ere bai. Baina hirugarren txandakoak, batzuei medikuek euskaraz, eta beste batzuei españolez. Eta eman diete egiaztagiria, eta bertan ere «El trabajador (sic) bla-bla-bla…», (aman)komuneko hizkuntzan.

Eusko Jaurlaritzak berak erditutako “Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzekoa den 19/2024 Dekretuak” hauxe dio:

«Euskal sektore publikoa osatzen duten entitateek neurriak hartuko dituzte euskararen erabilera mugatzen duten oztopoak ezabatzeko, bai eta euskararen erabileraren kalterako diren bereizketak, bazterketak, murrizketak edo justifikaziorik gabeko lehenespenak ezabatzeko ere», baina Jaurlaritzak berak ere ez ditu betetzen bere buruari jarritako lanak. Bere zerbitzuko langileei ere ukatzen badizkio, urteak joan eta urteak etorri, zerbitzurik oinarrizkoenak, zer sinesgarritasun aitortu behar zaio beste eremu batzuetan euskaldunen hizkuntz eskubideak bermatzeko garaian?

EiTBri, Hezkuntza Legeari, Lanbide Heziketari eta lan munduari, ikusentzunezkoei edota Jaurlaritzaren beraren jardunari erreparatu, eta ondorioa argia da:
Oldarraldia eta larrialdia ez datozkigu soilik Espainia eta Frantziatik. Etxean ere ez dugu uste bezainbeste lagun.

EAJ-PSoEren Jaurlaritza eta “los del euskera”

Oinezkoa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude