EAJ eta PSEren Jaurlaritza berriak langileoi bizkar ematen jarraituko du
EAJ eta PSEren Jaurlaritza berriak langileoi bizkar ematen jarraituko du –
Lehengo lepotik burua: horrela laburtu daiteke lehendakari berria izango den Imanol Pradalesek gaur aurreratutako egitasmoa. Ez dago asmorik orain arteko politika publikoetan aldaketa sakonik egiteko; areago, EAJren eta PSEren arteko akordioan azken lau urteetako kudeaketa goraipatu egiten da. Langileon aldarrikapenei bizkar emanda bizi izan den gobernua izan da, zalantzarik gabe. Lau urte hauetan, lantokietan eta kaleetan borroka sindikal eta sozial ugari egon da. Langileok zerbitzu publiko sendoen beharra, erosahalmenaren galerari aurre egin eta soldatak duintzearen beharra, pentsio duinak eta zaintza sistema publikoa aldarrikatu ditugu.
Horri guztiari bizkar emanda aritu da aurreko gobernua. Orain, berriro, pertsonak erdigunean jarri behar direla, inor ez dela atzean utzi behar edota aberastasuna banatzearen beharraz hitz egiten digu. Aurkeztu duten akordioan ez dago horretarako neurririk. Akordioak ez ditu jasotzen euskal langileon lan eta bizi baldintzak hobetzeko benetako aldaketa lekarketen neurriak. Honako hauek dira, LABen iritziz, hutsune nagusienak:
- Aberastasuna birbanatzeko soldatak duintzea ezinbestekoa da. Akordioan kalitatezko enpleguaz hitz egiten dute, baina neurri eraginkorrik proposatu gabe. Bi euskal langiletik batek 1.400 euro gordin baino gutxiagoko diru sarrerak ditu. Egoera horri aurre egiteko, ezinbestekoa da bertako gutxieneko soldata bat ezartzea, negoziazio kolektibo intersektorialaren bidez eta gehiengo sindikalarekiko errespetuz gauzatutako prozesu baten bitartez, akordio zabalak ezinbestekoak baitira lehentasunezkoa izan beharko lukeen afera hau jorratzeko. Hori zen, hain zuzen ere, 2020ko Greba Orokorreko aldarrikapen nagusienetako bat, eta Eusko Legebiltzarrak berak duela urtebete baino gehiago eskatu zion Jaurlaritzari bere esku dagoen guztia egiteko horretarako. Confebaskek ez du horrelako akordiorik bultzatu nahi, eta ez Urkulluk ez PSEren Enplegu Sailak ez du ezertxo ere egin. Pradalesek, ostera, aipamen hutsean utzi du kontua, eta orokorkeriak baztertu eta neurri zehatz eta egingarriak martxan jartzea premiazkoa dela uste du LABek. Gainera, lan baldintza kaskar horiek milaka eta milaka gazteren emantzipazioa ezinezko egiten dute, eta gaur egun etxebizitza eskubidea ameskeria bilakatu da. Akordioak, zentzu horretan, ez du etxebizitza eskubidea bermatzeko nahiko neurri jasotzen.
- Era berean, pentsiodunen mugimenduak nahiz gehiengo sindikalak 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatzeko egindako eskariei entzungor egiten diete EAJ eta PSEk. Hego Euskal Herrian badira 200.000 pentsiodun 1.080 euro gordin baino gutxiago jasotzen dutenak; horietako gehienak, Euskal Autonomia Erkidegoan.
- Ez da jasotzen zerbitzu publikoak indartzeko neurri zehatzik. Egoera bereziki da larria Osakidetzan. Kalitatezko osasun sistema publikoa dugula esateak Osakidetzaren gainbeherari erantzun egoki bat emateko asmorik ez dagoela erakusten digu. Sistema publikoa ahuldu eta eremu pribatua indartzearen aldeko apustuari eusten diote. Ez dago ratioen hobekuntza, langileen kontratazioa (berau mugatzen duten neurriak bertan behera utziz), inbertsioaren areagotzea eta hori guztia posible egingo lukeen zerga erreformarik. Zerbitzu publikoetako sindikatuok greba eta mobilizazio ugaritan egindako aldarrikapenei muzin egiten diete EAJk eta PSEk. Autogobernuaz hitz egin bai, baina langile publikoen soldatak eta erreposizio tasak bertan negoziatzeko eskaerari irtenbiderik eman gabe jarraitzen dute.
- Zaintzari buruz hala mugimendu feministak nola sindikatuok zaintza sistema publiko komunitario bat eratzeko egindako proposamenek ez dute tokirik gobenu akordioan. Zaintzarekin negozioa egiten jarraitu nahi da, pribatizazio berriei ateak irekitzen zaizkie, makroegoitza pribatuen aldeko apustua eginez. Zaintza eraldatu gabe, gero eta zaintza behar handiagoak dituen jendarte batean ezinezkoa da zaintza duina bermatzea. Era berean, zaintza eraldatu gabe, zaintzako langileak, emakumeak*, migratuak eta arrazialiazatuak nagusiki, prekaritate eta esplotazio egoeran lan egitera kondenatu nahi dituzte, eta erretorikoa da aukera berdintasunaz hitz egitea.
- Industria politikari buruz ere aldaketarik ez da sumatzen. Trantsizio ekosozialak eskatzen duen eraldaketa gidatu baino, lankidetza publiko-pribatua dute eredu; hau da, industria politikarik eza. Diru publikoa esku pribatuetara bideratu eta azken hamarkadan gure industriarentzat estrategikoak diren eremuak transnazionalen esku utzi ditu EAJ-PSEren Jaurlaritzak. Industria lurraldean errotu, lanpostuak sortu eta ekoizpen ereduan egongo diren aldaketei aurrea hartzeko industria politika sendoa beharrezkoa da, eta ez da halakorik ageri EAJ-PSEren akordioan. Erronka energetikoei aurre egiteak desagerraraziko dituen enpleguen aurrean ez dago enplegu politika sendorik, eta ez da lana banatu eta berrantolatzeko horren beharrezkoa den lanaldi murrizketaren gainean zehaztasunik jasotzen. Bizitza sustengatzeko ezinbestekoak diren eremuetan enplegu gehiago eta duinak sortzeko asmorik ere ez da adierazten.
- Azkenik, agortua dagoen eredu autonomikoa gainditzeko anbizio falta erakusten du akordioak. Lan eta bizi baldintzak hemen erabaki nahi ditugu, inolako injerentziarik gabe, eta horrek egungo marko juridiko politikoak gainditzea eta berritzea eskatzen du. Euskararen ezagutzaren zabalpenean eta euskararen normalizazioan aurrera egiteko eta bizi ditugun erasoaldiei erantzuteko planifikaziorik eza ere anbizio falta horren seinale da.
EAJ eta PSEren Jaurlaritza berriak langileoi bizkar ematen jarraituko du