EAEko Osasun Sailaren diagnostikoak ez ditu jaso LABek egindako ekarpen garrantzitsuenak
EAEko Osasun Sailaren diagnostikoak ez ditu jaso LABek egindako ekarpen garrantzitsuenak –
Gaurko Osasun Itunaren mahaira gobernuak jatorrizko Diagnosia dokumentuari eragile desberdinek egin dizkiogun ekarpenen inguruko “sintesi dokumentu” bat ekarri du. LABek ezin du dokumentu hori sintesi dokumentu moduan baloratu, ez baititugu beste eragileak aurkeztu dituzten ekarpenak ezagutzen, Osasun Sailak horiek mahaikideei ez banatzea erabaki duelako.
LABek egin dituen ekarpenei dagokienez, esan behar dugu garrantzitsuenak ez daudela jasota aurkeztu duten “sintesi dokumentuan”. Honako hauek dira horietako batzuk:
– Ez da azaltzen itunaren helburua osasun sistema publiko indartsu bat lortzea denik, eta jarraitzen du izaera publikoa aitortu gabe. haueki dira horietako batzuk.
– Pribatizazioaren inguruan datu apur batzuk txertatu badira ere, ez dira aipatzen LABek eskatutako pribatizazioari buruzko datuak, ezta politika horien baloraziorik egiten ere. LABentzat pribatizazio politikak Osakidetzaren gainbeheren arrazoi nagusienetariko bat dira, eta diagnosian jasota egon beharko litzateke politika hauek alboratzeko bidea hartu behar dela.
– Langileei aplikatu dizkieten politiken inguruan ere oso datu gutxi jaso dira (ez da plantillaren bilakaeraren azterketarik egiten, ez etorkizunari begirako prospekziorik, ez behin-behinekotasun tasa altuak duen eraginaren baloraziorik, ez kodifikatu gabeko postuen zerrendatzerik, ez MIR eta EIRean dauden langileen egoeraren baloraziorik….), eta ez da politika horiek izan dituzten ondorioez ezer aipatzen, noiz eta lehen arretaren, larrialdien edo itxaron zerrenden egoeran ondorio zuzenak dituztenean. Diagnostikoan jaso beharko litzateke langileen inguruko politikak desegokiak izan direla eta horiek zuzendu beharra dagoela.
– Lehen arretaren egoeraren daturik ere ez da jasotzen, ezta datu horien zergatia (langileak ordezkatzerik ez, errotazioa…) ere. Kasu honetan ere egoeraren arrazoiak diagnosian txertatu beharko lirateke.
– Euskararen erabileraren inguruko daturik eta balorazio berririk ere ez da txertatu, LABek eskatu zuen moduan. Horrekin lotuta, aipatu behar dugu gaurko bilera gaztelania hutsean egitera behartuak izan garela, Jaurlaritzak itzulpen zerbitzurik ez duelako jarri.
Osasun Sailak “sintesi dokumentu”-ari ekarpenak egiteko aukera ireki du, eta LABek ekarpen berriak prestatuko ditu dokumentu hori zuzentzeko, momentuz dokumentuan jasoak izan ez diren diren egoerak bertan txertatuak izan daitezen. Espero dugu oraingo honetan osasun sistemaren izaera publikoa jasotzea, pribatizaziaren inguruko balorazio ezin txarragoa egitea, langileen inguruko politiketan aldaketa sakonak egin beharra jasotzea edo lehen arretaren egoeraren arrazoiak eta hori zuzentzeko beharra agertzea.
Azkenik, salatu behar dugu mahai honetan Osasun Sailak aldebakarrez aplikatzea erabaki duen metodologia ez dela egokia, eta adostasunak eraiki beharrean, adostasunak irudikatzea duela helburu.
EAEko Osasun Sailaren diagnostikoak ez ditu jaso LABek egindako ekarpen garrantzitsuenak