EAEko Hezkuntza Sailari lan baldintzen inguruko oinarrizko akordioa bideratzeko dei egin diogu
Garbiñe Aranburuk adierazi duenez, bi dira datozen hilabeteetan askatu behar diren korapiloak; batetik, hezkuntza lege berria; bestetik, hezkuntzako langileen lan baldintzak. Euskal Hezkuntza Sistemak eraldaketa sakona behar du, eta bide horretan langileen lan baldintzei ezinbestez erreparatu behar zaie. Aipatutako lehenengo korapiloari dagokionez, aurkeztu zen Lege Aurreproiektuan zuzendu beharreko hainbat gai ikusi eta berau zuzentzeko proposamen zehatzak aurkeztu genituen, Euskal Hezkuntza sistema propio, euskaldun eta sare publiko bakar eta deszentralizatu bakarrean antolaturikora trantsizioa egiteko. Ikusteko dago testu berriak zein neurritan jasoko dituen ekarpenok, eta horren araberako balorazioa egingo du LABek.
Bigarrenari dagokionez, hurrengo urteei begirako oinarriak negoziatzea eskatu izan dugu behin baino gehiagotan: pasa den urteko apirilean, adostu beharreko eduki eta prozedura zehaztuko lukeen bide-orria aldarrikatu genuen; eta irailean, lan baldintzen inguruko xedapen gehigarriak aurkeztu genituen.
Orain arte ez da egon aukerarik Jaurlaritzarekin gai hauek negoziatu eta adosteko. Eta blokeo horren aurrean, greba eta mobilizazioetara jo behar izan dugu, beste zenbait sindikaturekin batera. Greba eta mobilizazio horiek hezkuntzako langileen babes zabala izan zuten eta besteak beste lan eremuko eskaerak erdigunera ekarri zituzten, egoera desblokeatzeko baldintzak sortuz.
Honela, greba eta mobilizazioen indarraz baliatu eta azken asteetan Hezkuntza Sailarekin izan dituen elkarrizketak aintzat hartuta, akordioa bideratzeko aukerak ikusten ditugu LABeko kideok. Ildo honetan, sindikatu guztiekin eseri eta oinarrizko akordio bat negoziatzeko, datozen asteetan sindikatuen arteko mahaia deitzeko, deia egin dio Jaurlaritzari. Horrela egin ezean, greba eta mobilizazio berrien aldeko hautua egingo genuke.
Irati Tobarrek lan eremuari begira oinarriak finkatzeko akordio orokorra behar dela berretsi du. Negoziazio kolektiboa kaltetu gabe, era orokorrago batean hezkuntzako langile guztiak (publikoak, itunduetako ikastetxeetakoak zein azpikontratatuak direnak) aintzat hartuko lituzkeen akordioa behar dela azaldu du.
LABen iritziz honako hauek lirateke lan eremuaren inguruko akordio orokor horretan jaso beharko liratekeen oinarriak:
1- Langile publikoei dagokienez:
- Kolektibo guztietan (Irakasleak, Heziketa Berezia, Sukalde eta Garbitzaileak, Haurreskolak Patzuergoa) lanpostuak mantentzea eta hauek esleitzeko irizpideak adostea. Haurreskoletan doakotasunaren ondorioz sortuko liratekeen behar berriei erantzuteko lanpostu berriak sortuz.
- Jantoki-ereduaren gaineko azterketa egitea, langileen kudeaketa publikorako aukera aztertuz.
- Kategoria berdina duten eta lan eta funtzio berdina egiten duten langileei soldata ekiparatzea. Bide batez, kolektibo feminizatu eta prekarizatuenen lanari duen balio politiko, sozial eta ekonomikoa aitortzea.
- Euskalduntzea: langile kolektibo guztiak euskalduntzea; batetik, LPZetan hizkuntz-eskakizunak zehaztuaz; eta bestetik, plan bereziak eginez Lanbide Heziketan edo Sukalde eta Garbiketan.
2. Itundutako ikastetxeetako langileak:
- Sarbidea gardena ezartzea, meritu, gaitasun eta berdintasun printzipioetan oinarritu eta eskaintzen publizitatea bermatua duena.
- Langileen soldaten ekiparazioa eta lan-baldintzen homologazioa adostea.
- Publifikatuko liratekeen ikastetxeetako langileak subrogatzeko akordioa jasotzea.
3. Azpikontratako langileak:
Lehentasunez garbitzaile, jantokiko hezitzaile eta autobusetako langileak lehengoratu edo langile publiko bilakatzea aztertzea. Eta hori egin ezean, lehentasunez ekiparazio eta homologaziorako azterketa egitea.