Durangoko Plateruena Kafe Antzokiak ateak itxiko ditu

Durangoko Plateruena Kafe Antzokiak ateak itxiko ditu –

Iñigo Astizek Berria egunkarian.

Euskara eta euskal kultura erdigunean jartzeko asmoz jarri zuen abian proiektua Berbaro euskara elkartearen inguruko herritar talde zabal batek, baina egoera ekonomikoak ateak ixtera behartu ditu.

Plateruena Kafe Antzokia jendez gainezka, 2018ko Durangoko Azokan. Endika Portillo / Foku

Berez, otsailean amaituko zen 18 urterako sinatutako kontratua, baina ez dira helduko. Durangoko Plateruena Kafe Antzokiaren ateak ixtea erabaki dute bazkideek gaur arratsaldean, eta ekonomikoa da arrazoia: «Erabakia egoera ekonomikoak behartua izan da. Azken urteetan Plateruenak izan dituen zailtasunei COVID-19ak ostalaritzari eta kultur arloari eragin dizkien baldintzak gehitu zaizkie, eta horrek ezinezko egin du orain arteko kudeaketa ereduaren bideragarritasunari eustea eta eraikinaren ustiapen epea luzatzeko aukera».

1989an jaio zen Berbaro euskara elkartea, Durangon, eta haren bultzadaz heldu zen Plateruena 2004an. Euskara aisi gunean sustatzen saiatzeko taberna bat ireki zuten herrian 1994an, lehenik. Kontzertuak ere eskaintzen zituzten bertan, hitzaldiak, antzerki saioak, erakusketak… Eta Bilboko Kafe Antzokiaren irekierak piztu zien antzoki bat zabaltzeko ideia. Landako gunea eraikitzen zebiltzan ordurako, eta ostalaritza gune bat ere aurreikusten zuen proiektuak gune hartarako. Hiltegi zaharraren eraikina berritzea erabaki, 900 bazkideko kooperatiba bat osatu, eta orduan hasi zen martxan Plateruena, 2004ko urriaren 28an.

Euskara erdigunean jartzea zen asmoa, eta, horrekin batera, euskal kulturari nazioarteko sortzaileekin konpartitu ahal izateko moduko gune bat sortzea. Mila lagun inguru batu zituen irekierak, eta lehen mailako hamaika kontzerturen gune izan da geroztik.

Irekierarako bidea ez zen trabarik gabekoa izan, ordea. Eraikina udal jabetzakoa da egun ere, eta 18 urterako lizitazioa lortu zuen proiektuak, hamar urte gehiagorako luzatzeko aukerarekin. Baina moldatu egin behar zen eraikina, eta milioi eta erdi euro behar izan zituzten egokitzapenak egiteko. Eusko Jaurlaritzak 120.000 euroko laguntza bideratu zuen, eta udalak ez zuen inolako laguntzarik eskaini, eta ia laguntza publikorik gabe egin behar izan zioten zulo hari aurre kooperatibako kideek. Hala, Berbaro taberna salduz lortu zuten diruaren herena, herritarren babesari esker lortu zuten beste herena, eta zorpetuta eskuratu zituzten azken 500.000 euroak. Eta neurri handi batean, azken heren horrek markatu du espazioaren historia.

Arazoak, lehendik

Proiektua bideragarri izan den urteetan ere, milioi erdi euroko zama hori izan du gainean luzaro Plateruenak. 2014an, esaterako, diru bilketa abiatu zuten herritarren artean, oraindik ere ordaintzeko zituzten 250.000 euroak lortzeko. Kito egitea lortu zuten, baina pandemiak eman dio azken kolpea, nabarmen zauritu dituelako espazioarentzako diru iturri nagusi izan diren bi ekitaldi nagusiak. Hilabete honetan ospatu ohi diren Durangoko festak bertan behera gelditu dira, eta abenduan ere zaila dirudi Durangoko Azokan orain arteko jende jarioa irudikatzerik.

Garrantzitsua izan zen Plateruenaren hamargarren urteurrena ere. Proiektua unean uneko beharretara hobeki egokitzeko prozesua jarri zuten martxan orduan: Zilarberritzen deitu zuten. Gunearen kudeaketa parte hartzaileago bilakatu zuen iritzi bilketa bat egin zuten, eta komunikazio bideak ugaritu zituzten. Proiektua ekonomikoki bideragarria zela ere zehaztu zuten Platerueneko arduradunek prozesu haren amaieran, baina diru bilketa abiatu zuten hasierako obratik arrastatzen zuen 250.000 euroko zorrari aurre egiteko. Herriko mugimendu eta elkarteentzako lanerako espazioak eskaini ditu Plateruenak orduztik, eta kultur programa propioari ere eutsi dio horrekin batera.

Durangoko Plateruena Kafe Antzokiak ateak itxiko ditu

Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude