Drogetxeak eta jabetza estatusa
Drogetxeak eta jabetza estatusa –
Albiste eskasa zabaldu zen pasa den astean Iruñeko alde zaharretik Euskal Herrira: droga kontuetan nahastuta dabiltzan pertsona batzuk Bar Katuko tabernaria jipoitu zuten. Tabernaria aski ezaguna da auzoan herrigintzan betidanik azaldu duen konpromisoagatik, eta ustezko erasotzaileak taberna horren ondoan kokatuta dagoen drogetxean (uzta propioko hitza, narcopiso) bizi dira. Alde zaharreko tabernariek sustengua erakutsi nahi izan diote adiskideari, eta larunbat gauean tabernak ordubetez itxi eta elkarretaratzea egin zuten tabernaren eta drogetxearen parean, hainbat herritarren babesarekin. Hemen Ahotsak egindako bideoa eta txio haria:
Gente ya concentrada en jarauta pic.twitter.com/P093DejAQ7
— Ahotsa.info (@AhotsaInfo) June 8, 2019
Kontu honek baditu hamaika koska:
- Drogen presentzia eta erabilera gure gizartean; tartean, heroinaren itzulera.
- Droga (gogorren?) menpekotasunean erortzen diren lagunekin egin beharrekoaren inguruan, interesgarria litzateke minutu bat dedikatzea Arrasateko guraso talde batek beraien semeen harira idatzi duen gutun honi.
- Iruñean jendeak eman duenaren erantzuna baloratu egin behar da. Adiskide bati elkartasuna helarazi, drogetxe bat markatu eta “poliziaren salatari” gisa definitu dituzten zenbait lagun seinalatu dituzte. Herritarren autodefentsa praktika interesgarria izan da.
- …
Gai honek baditu mila eta bat ertz, besteak beste, okupazioari eman zaion protagonismoa. Hedabide zenbaitek, albistearen berri emateko hautatu dituzten izenburuetan, azpimarratu nahi izan dute aipatutako drogetxea etxe okupatua dela.
Niri ere zenbait lerroburu otu zaizkit aurrekoak irakurri eta gero:
- “X” pilotaria jasandako lesiotik osatzen ari da “Y”-n alokatuta daukan etxean.
- Emakume bat erasotzeagatik gizon bat atxilotu dute kooperatiban erosita zeukan etxean.
- Pertsona bat bere gurasoengandik herentzian jasotako etxeko balkoitik erori eta sorbalda hautsi du.
Ze inporta zaigu drogetxe hori okupatua, alokatua edota erosia izatea? Kontua da drogetxe bat dela, eta kito. Begibistakoa da, ordea, zenbait hedabidek okupazioa kriminalizatzeko edozein aukera baliatzen dutela, azkenekoa kasu.
Krisi ekonomikoari buelta eman zaiola entzuten dugu han eta hemen; eta egia izan daiteke agian, baina izatekotan marko makroekonomiko batean, ez aberastasunaren banaketan. Bi adierazle: batetik bankuak “erreskatatzeko” diru publikoa, itzuliko ez dutena; bestetik, etxe kaleratze masiboen ondorioz, bankuen etxebizitza jabetza asko handitu da azken urteetan, eta etxe hutsak perretxikuak bezala ugaldu dira asfaltozko oihanean.
Kuriosoa da metro eskas batzuko tartean ikusi ahal ditugun muturreko bi errealitate: Jarautan drogetxe bat munizipalek babestua, eta Nabarrerian poliziak desalojatutako gaztetxea hutsik.
Arg: Ahotsa.info
Okupazioa = kriminala. Hemen, orain eta beti. Gaiak ez nahasteko diozu, drogetxea eta okupazioa ez nahasteko diozu. Zuk ere ez nahastu okupazioa eta bankuen erreskateak.
Jendilaje horrek blokea utzi omen du zorionez. Halere aipatzeke dago botere publikoek horrelako lunpenarekin daukaten permisibitatea. Herria (gazteria bereziki) drogatuta eta lotura sozialik gabe nahi dute geure etsaiek, eta horrelakoez baliatzen dira lan zikina egiteko. Herri aske eta duina nahi badugu, goitik lapurtzen diguten parasitoak ez ezik azpitik izorratzen gaituzten elementu hauek ere pikutara bita behar ditugu.
Gameluak herriaren etsaiak!
PD: drogetxea hitza euskaltzaindiari proposatu!