Donostiako Piratak eta arpilatzea
Donostiako Piratak eta arpilatzea –
Prentsaurrekoa deitu zuen atzo Donostiako Piratak herri mugimenduak, Aste Nagusirako urtero-urtero jartzen dizkioten oztopoez kezkatuta.
Orain dela aste batzuk esan genizuen Donostiako Piratak kezkatuta geundela, Eusko Jaurlaritzak ordainarazi nahi dizkigun tasen inguruan adostasun batetara iristeko borondaterik ez zuelako.
Gaur, oraindik ere kezkatuta gaude: komunikabide batzuetan irakurri dugunez, akordio batetara iritsi gara. Komunikabideetan irakurri dugula esaten dugu, guk ez baitugu honen berri izan… Jaurlaritzaren izenean jaso genuen azken mezuak esaten zuen hitz egin beharreko guztia hitz eginda zegoela, ez zutela beste bilera bat egiteko beharrik ikusten.
Orain dela egun batzuk Aste Nagusia antolatzeko beharrezkoak diren baimenak jaso genituen, eta bertan zehazten ziren bete beharreko baldintzak ere. 21.500€ ordaindu behar izan genituen pasa den urtean. Eta gure kalkuluen arabera, 14.300€ ordaindu beharko ditugu aurten. Ikusten duzuen bezala, ez gara kopuru txikiez ari. Bai, egia da pasa den urtean baina kopuru baxuagoaz hitz egiten ari garela. Baina ez, ez da inola ere guk egiten genuen proposamenaren antzekoa. Murriztu da kopurua? Bai. Herri mugimendu batek ordaindu behar izateko kopuru beldurgarria da? Bai, hori ere bai.
Horregatik erabaki dugu gaur horrela jantzita agertzea prentsaren aurrean. Badirudi administrazioak uste duela Piratak diruz gainezka gabiltzala. Badirudi Jaurlaritzak uste duela mundu guztiarentzako irekiak diren jai herrikoiak antolatzeak izugarrizko diru sarrera ematen digula. Bestela, ulertezina da ordainarazi nahi diguten kopurua.
Bestalde, oso larria iruditzen zaigu azken momentura arte ziurgabetasun honetan dantzan aritu behar izatea. Aurreko prentsaurrekoan esan genuen, eta errepikatu egingo dugu: mundu guztiari irekiak diren jai herrikoiak antolatzen dituen herri mugimendu batek ez luke xentimorik ere ordaindu beharko gune publikoak erabiltzeagatik. Administrazioak erraztasunak eman beharko lituzke, ez tasa izugarriak ezta burokrazia itogarria ere.
Ez gara edozein gauza dirugosez eta poltsikoak betetzeko asmoz antolatzen duen enpresa bat. Donostiako Piratak gara, herria gara, milaka pertsona gara. Bestelako jai eredu batean sinesten degu, auzolanean sinesten degu. Benetako auzolanean. Eta ez lelo batean agertzen den auzolanean. “Euskadi, auzolana”. Ezaguna egiten zaizue?
Donostiako Piratak gara eta 15 urte daramatzagu benetako auzolanarekin jai herrikoi eta partehartzaileak antolatzen.
Hiri honek, eta batez ere, bertako hiritarrok bestelako jai batzuk merezi genituela uste genuelako abiatu genuen abentura hau eta 15 urte beranduago berdin-berdin pentsatzen jarraitzen dugu: Jai herrikoi, euskaldun, askatzaile eta parekideak antolatzen jarraitzeko asmoa daukagu.
Urtero oztopoak besterik ez ditugu jasotzen administrazioaren aldetik: berandu iristen diren baimenak, herri mugimendu batentzat onartezinak diren tasak … Nahikoa da. Honek ezin du honela jarraitu. Guztiona den gune bat erabiltzeagatik ordainarazten dizkiguten tasak arrastaka eramaten ditugu urtetik urtera. Aurten ordaindu beharko duguna ere zaku horretan sartu beharko dugu. Eta honela, urteak joan eta urteak etorri. Honek amaitu behar du.
Oztopo guzti hauek helburu argi bat dute, badakigu: piratak, herritarrak, kaletik eta kaitik kanpo nahi gaituzte. Batzuk nahiago dute piratarik eta herritarrik gabeko kaia, diru-gosea duten enpresen mesedetara egongo den kaia. Donostiako Piratok oso argi dugu: Ahal den moduan, edozein modutara, Piratok kalean jarraituko dugu, kaian jarraituko dugu. Donostiak eta donostiarrok merezi ditugun jaiak eraikitzen jarraituko dugu, Dono$tia abordatzen jarraituko dugu!
Ekimenez, kontzertuz, alaitasunez eta ilusioz betetako 9 egun ditugu aurretik. Eta beti egiten dugun moduan auzolanean eta irrifartsu arituko gara lanean. Festarako prest gaude, lanerako prest gaude eta hemendik mundu guztiari gonbidapena luzatu nahi diogu, etor daitezela Aste Nagusi Piratara, izan daitezela jai erraldoi honen parte. Gauzak aldatzera goaz, eta entzungo gaituzte.
Kaian ikusiko dugu elkar, Flamenkan elkartuko gara! Gora Piratak Kaian!