Donostia, parke tematikoa. Horren aurrean, zer jarrera izan?

Donostia, parke tematikoa. Zer jarrera izan? – 

Donostia, parke tematikoa. Zer jarrera izan?

Orain egun batzuk, bueltaska bat eman nuen goizean Donostiako Erdigunean eta Alde Zaharrean zehar. Egoerak, hiria zer-nola zegoen ikusiteak, egia esatera, beldurra, nazka, higuina… hitzik ere daukan atzerakada-sentipena eman zidan. Badakit abuztua dela, eta horrek esplika dezakeela, hein batean bederen, hiria ezagutezin bilaka dakigun, badakit buelta horretako 4-6 asteetan, bat-bateko turismoaren gorakada tarteko, hiria aspadiskotik egin izan zaigula arrotz samarra donostiarroi. Hala eta guztiz ere, nire begiak usatuak zeuden betiko hori ondo ere ondo gainditu zuela lehengo eguneko argazkiak. Marka guztiak ondo hautsiak zeuden, nire ikusirako. Halere, tamalez, nazka izugarriz hauteman nituen zenbait eta zenbait gauza, gehienak ez esatearren, ez dira abuztuarekin batera igaroko diren horietarikoak: iraungi-iraungipean dagoen tokiko komertzio eskasa, bortizkeria handiz sarturiko komertzio-kateaka, “VT” eta “AT” direlakoen plakak, etxe-komunitate izorratuen berri ematen diguneak… Alde Zaharreko egoeraz hobe hitzik ez. Auzotarrak hor daude, kexu aspaldiko partez, eguneroko mandatu txiki eta sinpleena egiteko direnak eta ez direnak egin eta pairatu beharrean, oihanera bortxatuak bezala portaletik atera bezain pronto… Bien bitartean, gure alkatea, fenomeno atmosferikoetan espezialduak diren horiek antzo, gertakariaz, hiriko beste zenbait arazoez bezala, kezkatuetan kezkatuenaren plantak egiten. Hori bai, kontuak berarekin zerikusirik batere ez baileukan, euriaren halabeharrezkotasunaren aurrez aurre bezala. Zer egin euriaren kontra? Bada, deusik ez, ezin deusik ere egin; horrelatsuko zerbait botako digu, mila buelta emanik eta hitzez ondo jantzita adierazita. Gertakari globaletik duela kontuak esango digu, eta, noski, badakigu. Halere, erraztu edo zaildu, politikari dagokio, hori ere badakigu. Dena den, ez gaitezen engaina, orain hamar urtetik-edo hona hiriak pairatu duen endekatze horren aurrean, ezer egin gabe egon bainoago, askoz larriago izan da kontua, euriarekin bat eginda-edo ura “baldeka” botatzen ari ziren horien guztiorien interesen eraztaile hutsa izan da gure alkatetza.

Hiriarenak atzera bueltarik ote duen, ez dakit nik. Gero eta hiri inautentikoago ari zaigu bilakatzen gurea, donostiarrontzat, auzotarrontzat gero eta arrotzago. Behin neurria pasata, ez dut uste nik honi buelta eman ahal izango zaionik. Orain, egungo Donostiaren argazki hau hona ekarri ostean, ez naiz balizko soluziobidez mintzatzen hasiko, hona errealitate honek ekarri didan hausnarketa-ideia batto baino ez nuke ekarri nahi; Donostiarron erresistetzia eskasak edo horren faltak eman dit zer pentsaturik. Euskal gizartea ez da inoiz otzana izan, ez da sekulan esaneko izan arazo handien aurrean, ez eta horren baitako gure donostiarrak ere.

Erresistentzia/horren faltaren harira Herbert Macuse-k Uko Handia” (La Gran Renuncia) kontzeptua jorratu zuen Gizaki dimentsio bakarduna (“El Hombre unidimensional”) izeneko bere obran. Ukazioaren baitatik ernatutako energia eskergarekin dago hertsiki lotua kontzuptua, egun gizarte izan-moduari ezezkorik ematen dion gizarte-espiritu batekin, ez ezein abstrakzio teorikoren izenean, baizik-eta, oraindik zehazgabe izanda ere, egingarri eta bizitza errealarekin lotuta legokeen balizko aurkera batekin. Baina, zertan zehaztu zuen bada aipatu Uko Handi horren nondik norakoak Hebert Marcusek? bada, gizarte-molde hegemonikoaren ohiko “guneetatik” alde egite modutsuko batekin loturiko zenbait jarrerarekin: kontsumo molde zenbaiti uko egitearekin, leku eta ospakizun zenbaiti uko egitearekin, ez bozkatzearekin, zerga batzuk ez ordaintzearekin, are lanpostu mota batzuk ere egunetik biharrera abandonatzearekin eta horrelatsuko beste alde egite zenbaitzuekin…

Dagoenari, aurrez-aurrekoari, ezezko emate hori jada kasik pentsaezin-irudikaezin den horren sumatik dator “Uko Handia”, jada intuizio baino ez den horretatik jaioa. Ez da uko hutsa, edo huts-hutsik ez, harago doa-eta kontua; bizaren aldeko sormen baztergabetik ernatutako aitor batekin dago estuki lotuta. Bizitzaren formak eta beharrak berrikusi nahi ditu “uko-aitortzaile” horrek, bizitzaren baitatiko elkartasuna eta elkarlan ez-merkantilizatua berriz ere balioetsita, merkatutik kanpoko asisialdirako eta disfrutatzeko aukera zokoratuak berreskuratuta… “Uko Handia” indar handiko keinu sinbolikoa da, oso estetikoa, baina bere indar eta ahalmen guztia galdu ez duen estetikotasunetik ulertuta betiere. Gizartearen ahalmena, indarra eta sormena suspertu nahi ditu Uko Handiak, errealitarekiko azken hitza selulan betiko emanda ez dagoelako uste sendoz.

Bada, Marcusek era zabalago eta unibertsalago batean burutan hartu zuen Uko Handia kontzeptuak “uko” agian “txikietarako” inspira gintzake, Donostian behintzat. Txikiak liratekeenak bere norainokoan, baina handiak kualtitaboki, handiak gure hiriak harturiko ibilbidea zuzendu balezakete, handiak ere gure hiria berriz “bizigarri” bilakaraziko balute… Zuhurrak izan gaitezen gure hirian barrena, zuhurrak gure pasealdietan, kontu handiz eta ondo neurtuki har ditzagun gure bisita eta kontsumo aukerak hirian… Has gaitezen behingogatik gure uko txikiak handi egiten!

Donostia, parke tematikoa. Zer jarrera izan?

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude