Donostia: bizitzeko hiria edo parke tematikoa. Erabakitzeko ordua
Donostia: bizitzeko hiria edo parke tematikoa. Erabakitzeko ordua
Itsaso Latasa Zaballosek Irutxuloko Hitzan.
Donostia: tamaina ertaineko hiria dugu, abegitsua; itsasorako balkoia, ikuskizuna gozatzera gonbidatzen gaituzten muino ederrez inguraturik. Hori bai, muinoen anfiteatro honek hiri hazkundeari muga jartzen dio, eta, ondorioz, espazioa ondasun urria bilakatzen da. Lurzoruaren eskasia eta edertasun handiko ingurune naturala konbinatzen dira eta hiri espekulaziorako ongarritutako lursail bat sortzen dute.
Beraz, ez gaitezen engaina, Donostian bizitzea bada, eta izan da, garestia eta eskaria ere eskaintza baino handiagoa da beti. Hori dela eta, prezioak igo egingo dira (egin dute eta egiten jarraituko dute) leku pribilegiatu honetan bizitzeagatik gehiago ordaintzeko prest norbait dagoen bitartean. Eta horrela iritsi gara gauden lekura, hau da, Espainiako estatu osoko etxebizitza garestiena duen hirira (alokairuan zein salmentan), Bartzelona edo Madril gisako hirien gainetik.
Etxebizitzaren arazoa larriagotu egiten da etxebizitza parkeak hazi beharrean behera egiten duenean. Horixe ari da gertatzen Donostian, hiriko bizitegi erabileraren zati bat turismo erabilerara pasatzearen ondorioz. Errentagarritasun handiko jarduera ekonomiko batek beste bat ordezkatzen duen prozesu batean murgiltzen ari gara. Pentsa daiteke logika ekonomiko eta espazial sinple baten aurrean gaudela, baina beste irakurketa bat ere egin dezakegu: urria den eremu batean negozio turistikoa egoitza espazioaz jabetzen ari dela.
2021eko uztailean bi hotel berrik ireki dituzte ateak bizitegi eremuan. Eta hauek 2016tik sortutako ia 35 hotel establezimenduetatik pare bat besterik ez dira. Galdetu dezakegu noraino turistifikatu daitekeen hiria bizitegi eremuaren kontura. Batek galdetuko du ea jarri behar zaizkion mugak jarduera ekonomiko errentagarri bati. Baina, hiriak biztanleei zerbitzua eta bizi kalitatea emateari uzten dionean negozio edo merkantzia bihurtzeko, jada ez da hiri bat.
Parke tematikoa bihurturik, bertakoak antzeztutako hiri-eszena baten figurante bihurtzen dira eta jabeak eta zuzeneko onuradunak (putre funtsak ote) kanpo bizi dira. Hori da, behintzat, guk geuk Donostiako alde zaharrean bizi izan duguna, eta, urrunago joanez, veneziarrei gailendu zaien (edo ezarri dieten) errealitatea. Hau bada nahi dugun etorkizuna, hor konpon, Marianton! Baina Donostiak hiri izaten (eta ez Donostialand) jarraitzea nahi badugu, arazoa larria eta premiazkoa dela onartu beharko dugu. Zeren esperoan gaude?
Donostia: bizitzeko hiria edo parke tematikoa. Erabakitzeko ordua