Doakotasuna itunpeko ikastetxeetan: zer dela eta?
Doakotasuna itunpeko ikastetxeetan –
Zertarako irakaskuntza kontzertatua?
Eskola publikoko eragile gehienen kontra EAEn onartu den Hezkuntza Lege berriak irakaskuntza kontzertatuaren doakotasuna bermatzea du helburu, beti ere botere publikoek finantzaketaren bidez, jakina. Espainiako Estatuan ere gobernukideek hartara esleituko duten diru publikoaren igoera handia iragarri dute: “El objetivo, explica el ministerio, es garantizar la gratuidad de la enseñanza en los centros concertados. De ahí que espere (¡) que la actualización de los conciertos vaya de la mano de un compromiso por parte de los colegios concertados respecto a la eliminación de las cuotas…” (El País, 24/10/23).
Baina, benetan desiragarria al da itunpeko irakaskuntzaren doakotasuna? Hori baino lehen, aurretiko eztabaida bat dago, gure ustez: zehaztu zein den irakaskuntza mota horren eginkizuna gure egungo gizartean, zer papera jokatzen duen baloratzea, alegia. Horren arabera, erabakiko genuke bere finantzaketa merezi duen ala ez.
Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunean lan egiten dugunon ustez, irakaskuntza pribatuak hezkuntza publikoaren funtzio subsidiarioa behar du izan, eta soilik itundu behar da ekimen pribatu bat eskaintza publikorik ez dagoen tokietan (eta egon arte), hezkuntza eskubidea bermatuko bada. Irakaskuntza pribatuak irakaskuntza publikoarekiko bete behar duen eginkizun subsidiario hori onartzen baldin badugu, eta hezkuntza-plangintza eta diru publikoaren erabilera denona den eskola publikoari begira egiten bada, ez lirateke gastatuko 820 milioi euro baino gehiago (2023-24ean) toki gehienetan beharrezkoa ez den sarean.
Doakotasunarekin eskola-segregazioa bukatu? Txakur ametsak
Diru publiko gehiago emateak itunpeko irakaskuntzaren doakotasuna erraztuko lukeela eta segregazioa murriztuko lukeela pentsatzea eta defendatzea txakur ametsak dira. Itunpeko irakaskuntza ez da inoiz doakoa izan eta, sekulan izan duen finantzaketarik handienarekin ere, ez da izango, nahi ez duelako: ikasleak (eta irakasleak) aukeratzen jarraitu nahi duelako, bereizteko beharra duelako, merkatuaren menpe dagoelako, eskaintza etengabe hobetu behar duelako (zerbitzu hobeak, eskola-ordutegi handiagoa, instalazioak…) eta eskola publikoarekin lehiatu behar duelako. Kuotak kobratzea ilegala da legez 1987tik, eta inpunitate osoarekin egin eta egiten dute; pentsatzea diru gehiago emanez eta inolako zigor-neurririk planteatu gabe hori lortuko dela, eta ondorioz, segregazioa gutxitu egingo dela, inozokeria handia da. Kontzertazioa bera da segregazioaren iturria. “La segregación escolar es la base del sistema concertado. Este sistema está pensado para que no sea inclusivo. Pensar que ellos quieren voluntariamente ser inclusivos no es una realidad, está en sus propias bases el no serlo” (Daniel Turienzo).
Irakaskuntza pribatua kontzertatu? Diru publikoa eskola publikoarentzat
Irakaskuntza kontzertatuaren doakotasuna ez da, beraz, lortu beharreko helburua. Zertarako, ordea? Familia guztiak joan ahal izateko? Hori al da politika publikoen jokamoldea, herritarrei bidea erraztea zerbitzu pribatuak erabili ditzaten? Hori herriari iruzur egitea da, politika pribatizatzailea da, zerbitzu publikoaren prekarizaziora baino ekartzen ez duena. Zer administrari mota da berea zaindu ez eta beste batena den enpresa bati dirua ematen diona? Kontua ezin da inola ere familiak bideratzea zerbitzu pribatura baizik eta saiatzea eta lan egitea gehienok eskola publikoa aukera dezaten. Horretarako zerbitzu publiko horrek lehentasun osoa behar du, baliabide eta planifikazioaren aldetik. Onena nahi dugu-eta gure seme-alabentzat.
Erantzun liteke planteamendu honek zalantzan jarriko lukeela familiek ikastetxea aukeratzeko duten askatasuna. Eztabaida ez da hori, ordea. Familiek gustukoen duten eskaintza aukeratu dezakete beti, baina ez dute horregatik eskatu behar aukera hori egin ez dutenek ordaindu dezagun. Gainerako sektoreetan bezala, edozein arrazoi dela-eta, irakaskuntzako zerbitzu publikoa erabili nahi ez eta pribatua nahiago duten familiek beren baliabideekin aurre egin beharko liekete gastuei. Familia batzuen aukera indibiduala gainerako guztien diruarekin laguntzen jarraitzea bidegabea da. Ezin da hezkuntza planifikazio osoa familiek egiten duten ikastetxearen aukeran oinarritu, orain arte bezala, eta ezagutzen ditugun ondorio kaltegarriekin.
Gure proposamena garbia da: eskola publikoak bere tresnekin gehienon aterpea izan badaiteke, ez du zentzurik enpresa pribatuen bitartez egitea. Ez dezagun erabili denon dirua beharrezkoa ez den hezkuntza-eskaintza pribatuan, auzoan edo herrian eskaintza publiko nahikoa dagoenean; ez diezagun diru gehiago eman sekulan doakoa izango ez den eta, beraz, diskriminatzailea den sare pribatuari; ez dezagun jarraitu kohesioaren kontra jokatzen duen sistemarekin. Logikoagoa da diru hori zentzuz eta eraginkortasunez erabiltzea eskola publikoan. Aurrekontuak eztabaidatzeko eta onartzeko gauden honetan, garaia da irakaskuntza pribatuaren ituntze sistema birplanteatzeko.
…
Maribel Lopez de Luzuriaga Alonso
Xabier Iglesias
Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneko partaideak
Eskola publikoa oso garestia da, eskola kontzertatuak antzerako zerbitzua eskaintzen du prezio merkeagoa. Zergak ordaintzera behartuta gauden hiritarrok nazkatuta gaude eskola publikoan xahutzen dituzuen baliabideekin.
Azala behar da gero, Erramun…. eskola kontzertatuan bai xahutzen dela diru publikoa, gero kuota ilegalak ezarri eta klasismo hutsez jendea uxatzeko. Uxatutako jende hori bai dagoeka nazkatuta kontzertatuen pijismoa ordaintzen.
Nork erabakitzen du sare bat edo bestea beharrezkoa denentz? Zuek?
Gure seme-alabek Espainia ikasi ordez Euskal Herria ikasi dezaten nahi badugu, zuei eskatu behar zaizue baimena?
Herriko ikastetxe “publiko” batek ez badu euskalduntzea bermatzen, ezin dugu euskalduntzea bermatzen duen ikastetxe batera jo?
Nongo kohesioaz ari zarete berbetan?
Herri-ekimeneko ikastetxeak (ikastola gehienak) ez dira “publiko”?
Edo soilik dira “publiko” PSOEk ezarritako baldintzak betetzen dituztenak?
Ez, ez dira publiko. Nik beste 100 pertsonarekin ospitale bat sortzen eta finantzatzen badut, ospitale publikoa ez den bezala. Eta gero kexatzen banaiz ospitale publikoak garestiak direla…
Curriculumarekin ados ez egotea (arrazoi politikoengatik, erlijiosoengatik, etab.) ez da arrazoia gauza ebidenteak kuestionatzeko.
Ebidentea da “publikotasun” eredu hau Espainiar estatuak erabakitzen duela oraindik ere.
100 lagunen artean euskaldunon euskaraz aritzea ahalbidetuko duen dena delako zerbitzua eratzen badugu, ez da “público” izango espainiarren begietara, baina guztiz zilegi, publiko eta herrikoia bai, herritar askoren begietara.
Zeren eta ikastetxe “público” eta “pribatu” askotan, Asun Garikanok salatutakoa gertatzen baita, adibidez, besteren artean:
“Lotsagorritu behar lirateke hezkuntza arduradunak, ikasketa guztiak euskaraz egindako gazteek euskal kulturaz duten ezjakintasunarekin, ez dakitelako Genikako Arbola zeren sinbolo den, gure historian mugarri izan diren figurak ez dituztelako izenez ere ezagutzen…”
Públiko / pribatu eztabaida pozoindu eta mutilatuan aipatzen ez den beste “ñabardura” bat. Espainiak baldintzatutako sistema “publikoari” esker, honelakoxe faxistak irakasle izan daitezke Euskal Herriko ikastetxeetan:
Javier Barrientos @todomejorqenada (institutu “publiko” bateko filosofia irakasle jubilatu berria)
“Los maquetos se aguantaban por complejos raciales o por miedo a ETA pero los nuevos camareros inmigrantes no se andan con remilgos para plantar cara a los hipócritas misioneros de la Iglesia de la Normalización Lingüística”
Oso eredugarria, ezta?
Esan gabe doa, horrelako lebatzak ez direla gutxi ikastetxe pribatu askotan ere… Baina nekez aurkituko duzu horrelakorik ikastola batean.
“Herrikoia” (ez dakit oso ondo zer den hori) baliteke, baina publikoa ez.
Katoliko talde batek bere mundu-ikuskera ahalbidetuko lukeen dena delako zerbitzua eratzen balu, guztiz zilegi eta “herrikoia” izan liteke bai, herritar askoren begietara, baina publikoa ez.
Berriro diot, curriculumarekin ados ez dagoenak (ni ere baliteke ados ez egotea) iritzi arazo bat du, arazo politikoa nahi baduzu, baina zure gustoko curriculuma ezarri ezinak ez du publikotasunaren kontzeptua zer den (eta, bereziki, zer ez den) aldatzen.
Zuek “publiko” deitzen duzuen hori estatala eta espainiarra da. Eta eskola estatal horietan bazkatzen diren irakasle gehienek euren seme alabak ikastoletako Edo kontzertuetara bidaltzean dituzte. Gure gizarteko sektore hipokrita eta zinikoena da, inondik inora daude “harro” eskola horrekin.
baietz, hezkuntza publikoa izan daitekela espainiarra, kutrea, euskalduna, txarra, ona, eszelentea, laikoa, pekatugilea, erlijiosoa… eta nahi duzun beste adjektibaziokoa. Eta uste dugun adjektiboaren arabera, izan daiteke gure gustukoa ala ez.
Baina publikoa da gauza bat, eta publikoa ez dena da beste gauza bat. Ez da zaila ulertzen.
Bai. Erraz ulertzen da. Zuek “publiko” kontzeptu espainiarrarekin eroso zaudete. Beste batzuk “publiko” kontzeptu euskalerritarra nahiago.
Ez, ez da ulertzen erraza, auzia ez baita zu edo ni eroso egotea, eta, bidebatez, inondik ez baitut esan orain eroso nagoenik. Esan dut auzi politikoa dela curriculuma egokitzea, aldatzea, zuzentzea, egokitzea (nahi duzun aditza jarri).
Publikotasuna zer den (eta zer ez den) esan dut besterik gabe. Eta, noski, publikotasuna EZ da “nik errosarioa errezatzen den hezkuntza bat nahi dut, beraz nire herriko elizazaleekin eskola pribatu bat egingo dut hori bermatzeko, eta, herritar-ekimena denez, beraz publikoa da… orain izan dadila doan, ze hezkuntza publikoa ez zait gustatzen… “.
Publikotasuna estatala da. Oso erraza da ulertzea.Eta eskola “publikoa” ez da herriarena estatuarena baizik, española beraz.
Eskola publikoa eskola konstituzionalaren itzulpen hutsa den bitartean, ez du ezertarako balio. Ez behintzat Euskal Herriok, sei-zazpiok, behar dugun ezertarako…
Eskola publikoa denean, eta beste iniziatibarik ez dagoenean, ea epaileek zer dioten atezain euskalduna kontratatu behar denean…
“Errosarioa españolez errezatzen dutenek” badute euren eskola publikoa, antza, eta besteoi hori irentsi besterik ez omen zaigu geratzen.
Bada, ez. “Publikotasun” espainiarra / frantsesa ez da gurea.
Oso bestelako publikotasuna behar dugu, eta ez estatu zapaltzaileek inposatzen digutena.
mikel, eskola publikoak ez du balio Euskal Heriok behar dugun ezertarako. Konforme. Beraz, nik diodan bezala, auzi politiko baten aurrean gaude. Bestalde, hainbat sententziaren erruak epaileei etengabe eman ordez (eta badute, jakina), jar dezagun fokua “euskal” agintariek landutako legeriak epaile horiei ematen dizkien aukerez. Oso erraza baita dena “españolei” leporatzea. Azken urteotan EAEko gobernuko agintari askok bere egin duten diskurtsoaren (ezin dira lurralde guztietan eskakizun berak eskatu, eta abar) isla dira lege-arau askok epaile horiei eskaintzen dizkieten argudioak… Eta, kontxo, ez duela zertan esan nahi ni ados nagoenik egoera honekin.
Beraz, BERRIRO (ERE) DIOT: auzia politikoa da… Eta politika-agintariek ezarritako gidalerroekin ados ez egoteak, ez du justifikatzen edozein ekimen “herrikoi” publiko egin behar denik derrigorrean. Ze nire intereseko zerbait publiko egin behar bada, beste haren eta beste horren interekoak ere bai. Eta Troiako zaldia izaten ari da “euskal” hezkuntza bermatzeko argudioa, beste gauza batzuentzat diru iturria emateko.
Harri Tutti, ““Errosarioa españolez errezatzen dutenek” ez dute eskola publikorik, ez. Baina egongo da diru publikoz finantzatutako horrelako eskola kontzertaturen bat akaso.
Begira, zuzen esango dizut. Esaten duzunean ” bestelako publikotasuna behar dugu”, GUZTIZ ADOS NAGO ZUREKIN. Hemen, eta hezkuntza ez den publikotasun arlo gehiagotan ere bai. Eta, beste publikotasun bat nahi izateak plazaratzen du AUZI POLITIKO BAT,. Ze beste batek nahiko luke “errosarioa euskaraz” egin nahi dutenen ekimen herrikoi bat publiko egitea, besterik gabe, “zergatik bai”. Eta ez.
“Publiko/pribatu” eztabaidan ertz oso garrantzitsuak falta dira.
Estatu espainiarrak / frantsesak inposatzen duen eredurik ez dut nahi, ez publiko eta are gutxiago pribatu.
Eskuinak inposatutakorik ere ez, ez eta woke-ezkerrak kudeatutakoa ere.
Eskola euskaldun, doako eta berdinzalearen alde nago, oro har egungoa baino gizatiarragoa, irekiagoa, partehartzaileagoa eta desmilitarizatuagoa, aukeran, egungo gaztelu gotor diruditen ikastetxe gehientsuenen aldean.
Euskal eskola. Ongi da. Dohakoa? Zergatik? Telefono mugikorra 1.000 eurokoa erosteko eta edozein aste hondarretan bidaia egiteko. Baina jantokia oso garestia da. Zoazte apapa!
Publikoa gaur eta hemen espainola da.
Abiapuntu berera garamatzaten gai periferikoen inguruan denbora galduz igaroko dugu bizitza. Ez dugu soldadura-puntuari aurre egiteko behar den determinaziorik, herri gisa bizirauteko aukera emango ligukeen zentraltasun propioa lortzeko. Estatu paraleloa, estatalitate ofizialaren aurrerapena, abian jartzeko estrategia bideratuko duen proiektu baten inguruan herrialdeko indar biziak biltzeko gai ez garen bitartean, egungo egoeran bizi duguna baino are hondatze sakonagoa eragingo duten loturarik gabeko borroketan agortuko gara. Kontzientzia nazionala berpiztu behar dugu ideologikoki indartuko gaituzten elementu politiko berrituekin gure aktibo guztiak tokian bertan zabaltzeko.