Determinazioaren kuraia

Determinazioaren kuraia –

Determinazioaren kuraia

Enbata Hilabetekariko Sar Hitza

Joan den martxoan, Frantziako Poliziak 6 euskal militante gazte atxilotu zituen, bi Hendaian, bi Urruñan, bat Kanbon eta azkena Baionan, 19 eta 28 urte artekoak. Leporatzen zieten Donibane Lohizunen gertatu andeatzeak, non zazpi etxe agentziak tindu gorrizko pintadak jaso zituzten. Leporatzen zieten ere 2023ko uztailaren 12an Hendaiako tren turistiko batean turisten aurkako inskripzioak idatzi izana. Eta beste ikerketa baten arabera, 2023ko martxoan, erretreten erreformaren kontrako manifestaldi batean izan ziren poliziaren aurkako gertakariak. U14 taldeak ekintzak aldarrikatu zituen eta bere gain hartu. Berriki, 6 pertsona horietatik 5 Baionako auzitegian agertu ziren akusazio horiei erantzuteko. Bost gazteek audientzia osoan zehar isilik egoteko eskubidea erabiltzea erabaki zuten. Jarrera horrek prokuradorearen erreakzio bat sortu zuen, eta defentsa-gabezia egotzi zien: « Sinesteak izateko eskubidea dago, baina ez da oso ausarta ez defendatzea« , erran zien, gertakarien larritasuna azpimarratu aitzin. Prokuradoreak hamar eta hamabost hilabeteko presondegi zigorrak eskatu ditu, 9 hilabete baldintzapean eta isunak barne. Harriturik nago gertakari horien aitzinean. Horrek zerikusia du, dudarik gabe, nire adin handiarekin, belaunaldien arteko hozka bat agian, baina baita ere gaurko eta geroko belaunaldiek egoera sano eta baketsu bat ezagutu dezaten nahikeriarekin. Erabat ulertzen ditut gazte horien aldarrikapenak eta ekintzak higiezinen saileko arazoak salatzeko, orohar Euskal Herriko turismo politikak sortuak.

Hala ere, gutiago ulertzen ditut uztailaren 14aren inguruan burutu ekintzak, zatitzaileak, bortitzak eta herritar guzien ganik gaizki ulertuak. Are gutiago ulertzen dut Frantziako podereak ekintza horiei kontrajarri nahi dien neurriz kanpoko errepresioa. Ez bada, berriz ere, olioa sutara botatzeko borondatea, arazo horiei konponbideak ekartzeko ordez, Euskal Herriko eragile politiko gehienek eta bertako biztanleek galdegiten duten bezala. Prokuradoreak nolabaiteko koldarkeria ikusi nahi duela dirudien lekuan, nik, aldiz, nolabaiteko kuraia ikusten dut. Auzitegi eta justizia frantsesari hitzik erran gabe aurre egiteak nolabaiteko determinazioa erakuts dezake. Euskal Herriko higiezinen saileko egoeraren aurkako ekintzak justifikatu behar ote ditugu? Gertakariek beraiei buruz hitz egiten dute. Lastima izango litzateke berriro ere ekintza/errepresio-logika berri batean sartzea. Damugarria eta nazkagarria. Tranpak eskuarki luzatuak zaizkio mugimendu abertzaleari, iritzi publikoaren aitzinean baztertzeko borondatearekin. Gure indarra logika erasokor horiek ezabatzen jakitea da, determinazio azkar bat erakusten dugun bitartean. Jarrai dezagun alde horretatik.

Determinazioaren kuraia

Abertzaleen Batasuneko eta Baterako kidea. Ezpeletako hautetsia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude