Deskolonizatzeaz

Deskolonizatzeaz –

Enbata Hilabetekariko Sar Hitza 

Artikulu honen helburua ez da jakitea edo eztabaida sakon honen trenkatzea: Euskal Herria kolonizatua izan den ala ez… Badu aspaldi galdera airean dela. Manex Goienetxek 1979an pausatu zuen “Pays Basque Nord: un peuple colonisé” liburuan; geroztik erran zuen ez zuela zenbait urte berantago problematika hola pausatuko baina elementu franko eztabaidatzen ahal dira. Kolonizazioaren definizioa klasikoa da, herri batetaz kolonia bat egitea, metropoli (kanpoko botere bat beraz) baten menpe egonez. Euskal Herriaren kasuan, eztabaida luzatzen ahal da; batzuek, argumentu zehatzekin, frogatuko dute kolonialismo bat ezagutu edo ezagutzen dugula. Beste batzuek, beste argumentu zehatz zenbaitekin, lortuko dute erakustea Euskal Herria ez dela sartzen kolonizatuak izan diren herrien zerrendan edo definizioan. Irakurleari uzten diot parada gogoetak segitzeko, udako oporretako lan gisa. Iritzi honetan deskolonizatzeaz ariko naiz gehiago. Aspaldidanik, kolonialismoa ikertua eta noski kritikatua izan da baina azken denboretan beste maila batetara heldu gira. Unibertsitateetan baita karrikan ere garatu dira gogoeta sakonak bi ardatzetan oinarrituz eta deskolonizatzea aspektu orokor batean hartuz. Alde batetik, gaur egun oraindik atzematen den ideologia koloniala salatzea da helburua eta beste aldetik, hainbat eremutan edo sailetan (kultura, hizkuntza, lotura sozialak, ekonomikoak edo harreman politikoak) botere harreman desorekatuen edo zuzengabekoen salatzea eta haien kontra borrokatzea. Amerikako Estatu Batuetan 2013an sortu zen Black lives Matter mugimenduak eragin ederra ukan zuen prozesu hau bultzatzeko. Geroztik, mundu mailan, iniziatiba interesgarriak abiatu dira duela bultaño bat. Esperientzia interesgarri bat iragaiten ari da Suitzan. Ez da estatu hau ezaguna indar kolonial handi bat izateko baina ikerketa batzuen ondotik, ohartu dira Suitzak edo bederen suitzatar batzuek diruztatu zutela komertzio triangularra edo kolonietan kafe edo kotoi landak erosi zituztela adibidez. “Sorpresa” bat izan da herri horretan eta gogoeta sakon bat ireki dute erabakitzeko nola konpontzen ahal zituzten desmasiak edo ondorioak. Suitzako museo batzuk deskolonizazio prozesu batean sartu dira; ikerketa baten ondotik, ateratu dute Afrikako Benin herritik zituzten objektuen %40a kolonialismo garaikoak zirela. Erabaki dute itzultze mugimendu baten abiatzea; joan den urtean, Genebako museo etnografikoak maska bat itzuli zuen ospakizun bat antolatuz eta baldintza zorrotzak antolatuz objektuaren alde sakratua errespetatzeko. Batzuk urrunago joaten dira eta aipatzen dute holako museoak behar direla hetsi ere garai kolonialari lotuak baitira. Euskal Herrira itzuliz, eta kolonialismoaren eztabaida trenkatu gabe, deskolonizazioaz aritzen ahal gira. Suitzan eta beste herri batzuetan eramaten dutena azken finean errespetua da. Pentsatzekoa da Espainiak eta Frantziak errespetua ere erakusten ahal diotela Euskal Herriari; nola ez pentsa Picassoren Gernika eskuratzeari edo Parisen diren literatura saileko altxor batzuen itzultzeari. Horrez gain, eta egoera politiko orokorra aipatuz, hainbat arlotan, harreman orekatuagoak eta zuzenak gauzatzen ahal dira, deskolonizatze prozesu bat beraz…

Deskolonizatzeaz

Bigarren Hezkuntzako irakaslea

3 pentsamendu “Deskolonizatzeaz”-ri buruz

  • Paragrafoekin errazago irakurtzen ta ulertzen da

  • Benat Castorene 2023-08-08 11:25

    Egun on Peio
    Euskal Herriaren kolonizazioari buruz, hitza zentzu tradizionalean hartuta, iduritzen zait erlatibismo jakin batean laketzen zarela. Eta desbideratzen zarela koloniizazio zentzu eta arazo light batera, museo eta guzi.
    Errealitatea da badela bederen berrehun eta berrogoi urte pasa pairatzen dugula asimilazio behartutako prozezu gupidagabe bat eta orai egiazko inbasio bat.
    Hau da nahi duzun bezala deitzen ahal duzun datu gordina.
    Adeitasunez

  • Benat Castorene 2023-08-08 11:35

    https://zuzeu.eus/euskara/gaztelania-eta-frantsesa/
    Zuzeuk ezagutarazten digun Argiako artikulu honek nik baino hobeki esplikatzen dizu errealitate gordina, eta artetik erraiteko makur ez baniz kolonizazio hitza behin ere baliatu gabe.