Deskolonizatu EH
Deskolonizatu EH –
Aurreko astean Bergarako Olaso Dorrean izan nintzen, sinboloez jabetzearen gaineko hitzaldi batean.
Sinboloen atzean kontakizun bat dago, eta bistan da: bistan dauzkagun sinboloek –armarri, bandera, monolito, kale-izen…–, inperioari komeni zaion kontakizuna kontatzen dute.
Herri zapalduen kontakizunik ez zaio komeni inperioari: bere zimenduak arrakalatzen ditu. Herri zapalduak, berriz, ezinbesteko du bere kontakizun propioa, duintasunez aurrera egingo badu. Deskolonizatu beharra dauka.
Non ginen euskaldunok, konkista prozesuan? Inperioarekin, ala herri erresistente gisa? Bada, bietan. Nafarroatik konkistaz erauziak izan ondoren, euskaldun askok hartu zuen parte Espainiaren proiektu inperialean. Amerikan batzuk, eta Nafarroan bertan, besteek. Nafarroaren barruan, berriz, konkistatzaileekin beaumondarrak, eta erresistentzian, agramondarrak.
Badakigu Belateko kanoiek edo eta San Martzialeko ospakizunak min egiten dietela Nafarroa Garaikoei? Badakigu konkistatuak izan garela? Bagabiltza gure kontakizuna eraikitzen?
Guk ez, baina inperioko herri zapaldu gehienek berreskuratu dute independentzia, eta beren bidea eta kontakizuna egiten ari dira. Gurera etortzean, min ematen die inperioaren sinboloek, Iralarenak kasu. Garbi daukate konkistaren afera.
Eta guk? Badakigu Belateko kanoiek edo eta San Martzialeko ospakizunak min egiten dietela Nafarroa Garaikoei? Badakigu konkistatuak izan garela? Bagabiltza gure kontakizuna eraikitzen?
Zorionez, argi printza batzuk badira Antzuolan –armarria–, Arrasaten –kalea– eta Oñatin –bandera– emandako eraldaketetan, esaterako.
Amerikako konkistak eragindako minak leuntzen ere gure ekarpena egin behar dugu, beti ere geure kontakizun propioaren baitan. Euskaldun askok bai, baina euskaldunok hartu al genuen parte? Gure estatuaren proiektua al zen? Gu, Espainia al ginen (gara) ba? Ala, Espainiak (eta Frantziak) menpean hartuta gaude?
Horrela gaude. Asko daukagu ikasteko geurekotu diren ahaldundutako amerikarrengandik. Jabetuko al gara kontakizun propioaren beharraz!