Desarmea

Desarmea

Politika ez da izaten geure kuadrilako, lagun arteko edo laneko ohiko gaia. Orain are gutxiago. Inolaz ere, ez da duela urte batzuk zen bezala. Orduan hitz egiten genuen hontaz eta hartaz, ahoan bilorik gabe. Ezjakinaren eferbeszentzian akaso. Eta iritziak eman, eta eztabaidatu, eta ZuZeun idatzi (erruz espekulatu). Maiz Estrategia independentistaz, biolentziaz eta bakeaz, erabakitze eskubideaz eta subjetu politikoaz. Muturren aurrean genuenaz, eta ez genuenaz aritzen ginen. Ibarretxeren hordagoaren garaian, ETA aktibo zenean, bake prozesu amaigabean, Patxi Lopezen arora arte-edo. Ugazabak esan ohi zidan lasaituko nintzela, utziko niola zaldi basatia izateari.

Desarmea
Eta gaur da otzandu naizen garaia. Ez dakit ordea, nere kontua den ala ez ote garen denok otzanago orain. Alta, armak oraindik entregatu ez badira ere, desarmatuta sentitzen naiz azken aldi luze honetan. Ez baitut hitz egokirik topatzen ezeren alde konbentzimenduz eta sinesgarri agertzeko. Sedukzioa gakoa omen den garaiotan, nik ezin inor limurtu, ez baitzait gezirik geratzen saskian. Podemosek Gure Esku Dagok baino askoz hobe azaltzen ditu erabakitze eskubidearen onurak eta ElDiario.es egunkarian argitaratu María Eugenia R. Palop irakaslearen zutabeak dio erabakitze eskubidea dela PSOE-ren irtenbide bakarra, nik inoiz azalduko ez nukeen eran. Independentzia katalunieraz ahoskatzen da eta Ibarretxek hitzaldiak ematen ditu areto txikietan.

Espainiako Kongresuan erabakitze eskubidearen aldeko inoizko diputatu gehien dagoen unean. Nafarrek aldaketa gauzatu duten honetan eta Eusko legebiltzarrean gehiengo subiranista zabala dagoenean. Kataluniarren deskonexioaren garaian. Niri ez zait begira egon eta noizean behin txalo egiteko indarra baino geratzen. Otzandu garela izango da, ugazabak arrazoi.

Desarmea – Oier Aranzabal
Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzioko koordinatzailea. Ekaitza bainuontzi batean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude