Denboraren balioa

Denboraren balioa –

Amatiño, bere blogean.


Urtebete urtebete da. Hemen eta Kontxintxinan. Iaz, aurten eta datorren urtean, umetan nahiz zahartzaroan. Baina, hala ere, bizitzak aurrera egin ahala denbora laburtzen ote doan hauteman ohi dugu. Nork daki benetan zientzia ote den, baina nolabaiteko zentzuari zor zaion logika bai, behintzat.

Zentzuzko logika dirudi, bai, ia-ia proportzio matematiko hutsa. Hogei urteko gaztearentzat, hamar urte bere bizitzaren erdia dira (%50). Laurogei urteko agurearentzat, ostera, bizitza erdiaren laurdena besterik ez (%12,5).

Esperientziak, eskarmentuak, bizi izanak edo dena delakoak guztia baretzen dute. Eta denbora ez da barealdiaren aje horretatik libro. Umetan dena da ezezagun, jakiteke eta ikastear. Zahartzaroan, ordea, dena da lehengo lepotik burua, dena ekandu, ohitura eta aztura (ahaztura?).

Ordenagailu berrian, oinarrizko zereginetakoa izan ohi da artxibo eta karpeta berriak irekitzea, zein baino zein aproposago, zehatzago eta deigarriago. Disko adintsuaren memoria edozein bitxikeriaren biltegi sakabanatu bilakatzen denean, aldiz, beti da karpeta zaharren bat non bart gaueko azkena pilatu, berririk irekitzeko denbora alferrik galtzerik merezi ez duelakoan.

Ez al zuen bada Einsteinek-edo esan, dena erlatiboa dela? Ba, horixe, baita denbora ere… Einsteinek-edo esan izan ez balu ere.

Denboraren balioa
Oñati, 1952

Mundu huntan ez ahal da, hain gaizki beiraturik;

nola bai dago denbora, edozein aldetarik.

Batzuek hil nahi dute, zaielakotz luzegi,

bertzek gaitz nahi diote, doalakotz fitegi.

 

Batzuk bertzek bezain gaizki, dute arrazoinatzen;

ez baidakite zuhurki, denboraz baliatzen.

Ez lezakete banoki, enplega hainbat oren;

pentsatzen balute ongi, zenbat balio duen.

Salvat Monho Laborde

Izturitze 1749 – Bardoze, 1821

Denboraren balioa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude