Demokrazia Bai plataformak apirilean aurkeztutako manifestuari iruzkina

Demokrazia Bai plataformak 2018ko apirilean aurkeztutako manifestuari buruzko iruzkina –

Demokrazia Bai plataformak 2018ko apirilean aurkeztutako manifestuari buruzko iruzkina

Larrialdi demokratikoa edo Urgencia democrática da manifestuaren izenburua, eta, Gara egunkariak hilaren 14an ateratako editorialaren arabera, «demokraziaren aldeko manifestu emankor eta plural bat» da («un manifiesto fecundo y plural por la democracia»).

Niri, berriz, eskasa iruditzen zait, batere indarrik gabea, ahula, etorkor agertu nahi bat, denen gustua egin nahian; ez dakit noren ekimena den, baina sinatzaileen maila eskasa salatzen du, ekimena janzteko haiek dituzten tituluak dituztela ere.

Beharbada, aterako dute zarata pixka bat, baina esango nuke ekimena ez dela urruti iritsiko. Nire aburuz, estrategiarik ez duen eta iparra galdu duen jendearen noraezaren beste adibide bat baino ez da.

Azken batean, jakinaren gainean edo oharkabean, lortu nahi denetik baino kontzesioetatik gehiago duen ekimen batekin ekarri nahi dute ilusioa, Gure Esku Dago mugimenduak bezala. Tristea bada ere, gure herriaren parte handi bat nola dagoen erakusten duen sintoma bat da.

Ikuspuntua, ikusmoldea, terminoak eta kategoriak arrastoan sartutakoenak dira, nagusi den egoerak ezartzen dituen mugen barruan errenditzen direnak guztiak ere, kaiolatik irteteko eta aireratzeko gauza ez direnak. Beraz, inplizituki, eta are esplizituki ere, ezin onartuzko kontzesioak egiten dituzte.

Zer-nolako ezjakintasuna eta zer-nolako ezintasuna, haiena, nagusi den sistemaren egiazko izaerari antzemateko! Eta, berez –ez baitakit haien borondatea zein den–, jendea mugiarazi eta errebeldiara bultzatu beharrean, integraziora eta mendekotasunera bideratzen dute azkenean.

Bide horretatik, nire aburuz, nagusi diren estatuetako eskualde huts-hutsak izatera kondenatuta gaude, non eta mirariren bat ez den gertatzen.

Bide batez, beste iritzi batzuk gehitzeko baliatu nahi dut aukera hau. Soziolinguistikan aditua den lagun bati behin entzun nion esaten elebitasun sozialari ezin zitzaiola eutsi, guztiak elebakartasunera bultzatzen duelako, halako eran non hizkuntzetako bat herren egiten hasten bada besteak haren lekua hartzen baitu, hizkuntza bakarra izan arte.

Bada, printzipio berbera aplika dakieke botereei eta subiranotasunei: sendoenak beti izaten du besteari lekua kentzeko joera, hura deuseztatu arte.

Zer esaten ote dute orain, Kataluniaren auziaren argitan, Altsasuko epaiketaren argitan… (zerrenda ezin luzeagoa da),  frankismoa iraganeko kontua zela uste zuten askok?

Era berean, gaitz guztien iturria Franco izan dela uste dutenei ohartarazi nahi diet erne ibil daitezela, ez uzteko berriro ere engaina gaitzaten. Izan ere, frankistek berek ere Franco hartu dute pagaburutzat –«hil bada mandoa, ahitu da errabia»–.

Gure herriaren arazoa Franco baino askoz lehenagokoa da, eta oraindik ez da konpondu. Ez dezagun gal oroimen historikoa: gure ikuspegiak hainbat mende hartu behar ditu, gaurko egunera arte.

Independentziarik ez badago, alferrik da bakeaz eta demokraziaz hitz egitea.

Kanboko gertakizunen harira, erne! Kontakizun edo errelato inperialista sartu nahi digute kosta ahala kosta, eta gure herriko jende askok ez dauka hura gezurtatzeko tresnarik, eta utzi egiten die zapal dezaten. Geure kontakizuna eratu behar dugu, eta gizarteratu, bitarteko eta baliabide gutxi izan arren.

Demokrazia Bai plataformak 2018ko apirilean aurkeztutako manifestuari buruzko iruzkina

7 pentsamendu “Demokrazia Bai plataformak apirilean aurkeztutako manifestuari iruzkina”-ri buruz

  • euskaldun bat 2018-05-30 14:41

    Ezin da hobeto azaldu.

  • Hauteskundeak datoz eta beharrezkoa zen ezker abertzalearentzat plataforma bat EAJ izorratu al izateko. Betiko proposamen maltzurra, okerra eta nazkantea.

  • Bentazar, Ibarretxe dago tartean. Hortxe ikus dezakegu zuen alderdikideekiko begirune eza. Gogoratu sekula inork ez duela Ibarretxeren emaitza elektoralik lortu.
    Zu ez zara abertzalea. Zure asmo bakarra alderdian irautea da. Kontziente zarenez orain EAJn agintzen dutenek Ibarretxek ordezkatzen duen sentsibilitate politikoaren aurkakoak direla neurrigabeko terminoak erabiltzen dituzu berak sustengatzen duena deskalifikatzeko. Esango nuke soldatapekoa zarela eta zeure burutxoei erakutsi nahi diezuela eurekiko leialtasuna.
    Unean zeurean agintzen dutenekin puntutxo batzuk lortzeko berdin zaizu edozer eta edonor egurtzea.
    Bufff

  • Ibarretxe Lehendakari zenean eta lidergoa eramaten zuenean orduan ezker abertzaleak ondo erasotzen zuen. Orain, Lehendakaritzarik gabe, ezker abertzaleak lortu du bere posizioetara mugitzea, EAJren posturaren kontra jarriz. Alderdikeririk zikoitzena horixe da, beste alderdiaren kontraesanak astindu nahi izatea modu hain maltzurrez. Zuek ezker abertzaleko akolitoak horretan zabiltza beti. Baina susmoa dut oraingoan, beste askotan bezala, inor gutxi eramango duzuela zuen lerroetara eta etekin eskasa hutsala ez bada lortuko duzuela.
    Ene Zet, zu ez zara inor abertzale medallitak jartzeko edo kentzeko. Joku maltzurrez EAJ zatitu nahi duzu ezker abertzalearen estrtategia derrotatuaren ondotik eramateko. Eta gainera soldatapekoa naizela esan behar duzu… Argudio ezaren aurrean erabateko deskalifikazioak erabili behar dituzu. Ez naiz hasiko nire burua justifikatzen horrelako pelaje bateko baten aurrean. Euskaldun nortasunaz oso flako zabiltzala esango nizuke. Zu bai ezker abertzaleko komisario ederra zarela, jendea seinalatzen eta deskalifikatzen. Baina gaur egun hiltzaileen koberturarik gabe patetiko xamarrak dira zue kirakoak.

  • Ja, ja, ja…! Gauza bat daukazu zuk ona, Bentazar, gaur gutxi ikusten dena: zintzotasuna. Egibar eta enparauek urteetan egindako lana ezker abertzalea limurtzeko, PNV ere independentista dela eta ipuin hoiek sinestarazteko, zuk hamar lerrotan jartzen duzu hankaz gora, argi eta garbi erakutsiz zelako ideologia den benetan peneuvistena. PNV Ardanza eta Atutxa da, bai lehen eta bai orain, eta norbaitek zalantzak bazeuzkan zuk argitu dizkiozu. Lan ordainezina. Mila esker txapeldun!

  • Ene Antton, independentista izatea ezin liteke izan pankarta batzuetan letra batzuk jartzea eta ahotan hitza erabiltzea eta azkenean hamarkada luzeak pasata emaitzen kontua etortzen denean kontadoreak zero erakustea, ezker abertzaleari gertatu zaion bezala. Atutxa eta Ardantza abertzale tinkoak dira, Egibar bezainbeste eta bere abertzaletasuna euskal erakundeak defenditzearen ohorean dago eta ez urrutikointxaurrismo antzu batean, Arnaldo Otegi eta bestelako ezker abertzaleko buruei gertatu bezala.
    Goiko manifestu horretan agertzen diren hainbat gauzekin ere ez nator batere ados. Errelatoa kontatu behar baldin bada EAJ eta Ezker Abertzalea mutur desberdinetan dira eta errelato kontrajarriak dauzkate, dudarik gabe. Gure herriaren burujabetzaren oinarria EAJk beste partido eta jende batekin eraiki duelako. Ezker abertzaleak bazterrak nazkatu eta hilerriak potoldu besterik ez du egin eta hori da bere errelato egitazkoa.

  • Manifestuaren kritikarekin erabat ados, abertzale jendearen noraeza erakusten du argi eta garbi, eta Herriaren osasun politikoaren lagin negargarria da. Ez dakit zer gehiago behar duten abertzale zintzoek zentzugabekeria honen aurka ahotsa altxatzeko.

    Alderdi ustez abertzaleek iada ez dute independentzia eskatzen, zuzenean ukatua izango den autonomia zaharberritu bat baizik; eta honen gaineko kritika oro “erradikaltzat” eta “zatitzailetzat” hartua da, ahots disidente oro isilaraziz.

    Zuzeuko polemikez azken iruzkintxo bat: neu behintzat (eta beste asko ere, oker ez banago) nazka-nazka eginda nago betiko bi familia politikoen arteko ika-mika zentzugabeez. Ez zarete inoiz nekatuko ala? Ikuspegi ezberdinak eduki arren ez al duzue gizalegez eztabaidatzeko fuldamenturik? Iritzi trukaketarako leku izan beharko lukeena eguna joan eta eguna etorri kakazten ari zarete, badirudi ez dagoela beste ezertarako lekurik. Erantzukizunez jokatzera deitzen zaituztet, gutxi baitira honelako txokoak euskaldunontzat. Zain ditzagun!