Defentsa

Defentsa –

Defentsa lanetan jokatu izan dut futbolean, urteetan. Bi hegaletan, erdian, orain anakronikoa den “libre” markan, defentsa-erdilaria… postu ezberdinetan, baina jokatutako  denbora luzean, defentsa lanak egiten gehienetan. Horrela hamar bat urtez.

Defentsa

Azken lerroa izateak (edo ia), badu bere ardura. Huts egiteak agerikoagoak dira, atzera ezinak bihurtzerainokoak, eta akatsak ordaintzen dira; asko gainera. Erasoko jokoaren oinarria  da; baloia egoki eta zentzuz ateratzeak (aspaldiko “mikasa” markakoekin hau ezinezkoa zen, kar, kar) taldearen arrisku maila areagotzen baitu. Ez duzu agian gol askorik sartuko, baina talde kirol batean aspektu guztiak zainduak egotea, ezinbestekoa da garaipen kolektiboa eskuratzeko.

Beste baterako utziko dut penaltien jaurtiketaren metafora. Batzuk bota ditut, dezente kanpora (kar, kar), baina beti botatzearen aldekoa. Beldurragatik, huts egiteari  ikara izategatik jaurtitzen ez den penaltia, aukera galdu bat delako beti. Horretarako, hobeto ez jokatu.

Beste arlo askoren defentsa lanak egitea egokitu zait ere. Oraindik, nolabait, horretan nagoela esan nezake. Sinplea da agian argudioa, baina erabateko zentzua du, berdin-berdin: defentsa lanak egitea dagokigu, erasotuak garelako. Kitto.

Defendatua izatea egokitu zait ere. Askotan. Gehiegitan. Beste garai batzuetan, bromak egiten nituen nire -eta gutako askoren- defentsa juridikoan, zenbat abokatu nituen adierazteko.  Ez bat, ez bi… hamarnaka abokatu onek defendatu nautelako, aizue! Pribilegiatua sentitzeraino,  defentsa lekua, erasoaren tamaina, ondorioen larritasuna hain bortitza ez balitz izango.  Pentsa, 2005. urteko otsailean entzutegi nazionaleko aulkietan “genozidio saiakeraren akusaziopean” jesarrarazi gintuzten gazte batzuk. Orain Hego Afrikak Hagako nazioarteko gortean Israelen aurka egindako genozidio salaketak  aurrera jotzeko  zenbateko  oztopo boteretsu dituen ikusita, orduko sub-realismoa areagotu baino ez da egiten. Baina eman zen. Aznarren gobernuak euskal auziko epaiketetan egotera baimenduta, akusazio partikularraren partetik jaso genuen eskaera, hain zuzen ere.

In-komunikazio epea eta geroko lehen gertuko aurpegia bilakatzea egokitu zaie sarri. Neu ere holakoren baten bila ibilitakoa naiz epaitegietako korridorean, epailearen salara sartu aurretiko begirada konplizearen bila. Norbera bere burua defendatzeko indarge dagoenean aupada eskaintzen dizuna. Otsailaren 13ko data zenbat euskal herritarrek iltzaturik daramagunaren lekuko bihurtu dituzte.

Zure defentsa abokatuak ondoren auzipetu-kideak izatea bizi izan dugu ere, duela ez hain asko. Gu atxilotu gintuztenean lehen arreta eskaini zigutenak, gerora haiek atxilotu, eta hamarkadetan defendatu duten zigor-aulki beroan jesarrarazi dituztelako. Defendatzaileak defendatuak izatera behartuak, horrela.

Orain gutxi defentsa lanetan urteak egindako batek erretiroa iragarri du: Jone Goirizelaiak, zehazki. Gure espedienteak bere eskuetatik pasatakoak dira, beste milaka (milaka, bai) euskal herritarrarenak bezala. Esker oneko berbak baino ez zaizkit ateratzen. Urteetan egindako lana aspektu ugariren defentsa izan delako. Beste askorekin batera egindakoa.

Letratu berriei lekukoa pasatakoa den belaunaldi batekoa da. Garairik latzenetan, gunerik arrotzenean, kasuak kausa ziren-diren ez-lekuan aritutakoak.  Gure kasuan, adibidez, haren seme abokatua da, gaur egun, gure defentsa ordezkaria. Izan ere, oraindik orain nor defendatu behar dugulako…

Esanguratsua da orain estatu espainiarrean lawfare ote dagoen ala ez eztabaidatzen egotea. Ariketa xume bat egizue, erantzuna jakiteko: jo internetera eta idatzi terminoa bilatzailean. “Guda legala” edo “guda juridikoa” agertuko zaizue. Galdera beraz, ez da dagoen edo ez dagoen. Galdera da ea Espainiako erreinuak nazio askapen prozesuentzat lawfare ez den beste zerbait egiten dakien/prest dagoen da.

Erantzun bitartean, eskerrak defentsa lagunak ditugun.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude