Decathlon, pozik

 http://alteretaego.wordpress.com

16_korri, korri!
Argazkia: Korri, korri!
Egilea: Mr. Chopski
Artxibo mota: JPEG
Neurria: 4288×2848 px (3:2)
Sortze data: 2012/11/25
Latitudea: 43º 18,713´ N
Longitudea: 2º 00,474´ W
Kamera: Nikon D90
Objektiboa: Nikkor VR 18-55 f/3.5-5.6G
Distantzia fokala: 44mm
Irekidura: f5,6
Esposizio denbora: 1/200?
Sentikortasun eskala: 640 ISO
Flasha:

Alter dixit.

Datua ez dago inongo makroinkestatik aterata eta, hortaz, ez da batere fidagarria. Baina lasai asko esan nezake Euskal Herria izango dela, biztanleko zein metro koadroko, 2013an kirol-oinetako gehien salduko duen munduko lurraldea.

Erosi, neuk ere erosi nituen behin baina, egia aitortu behar badut, ez dakit non gorde nituen.

Gure herri txiki honek duen arazorik larrienetako bat da gertatzen den guztia -eta, zenbaitetan, gertatu ez dena ere- politizatzeko dugun erraztasuna. Ez naiz ni, beraz, horretan salbuespen bat izango, eta aipatu dudan ranking horretan Euskal Herria punta-puntan aurkitzearen arrazoia azaltzeko politika erabiliko dut.

Zabala da, zerbait bada, gure herri honetako espektro politikoa, ezker-ezkerretik hasi eta eskuin-eskuinera. Baina, neurri batean edo bestean, denek dute 2013an kirol-oinetakoak erosteko nahikoa arrazoi.

  • Presoek, hasteko, euren egunerokotasun aspergarria aurrera ateratzeko arduran egin dezaketen hauturik onena delako. Dela barlako ibililaldietan, dela sakabanatzearen ondorioz bete behar dituzten kilometro-andanan, beharko dituzte.
  • Iheslariek, bigarrenez, leku batean finkatzeko ezintasunean beti prestu egon behar dutelako. Euren hurrengo ihesaldia ahalik eta azkarren gauzatzeko bitarteko guztiak soinean behar dituzte eta, berandu baino lehen, eman beharreko pausu berrietarako ere oinetako sendoak beharko dituzte.
  • Ezker abertzale tradizionala bezala ezagutzen denak, jarraitzeko, garai berriek hala eskatuta egitea erabaki duen bide berrian oinetako erosoak beharko dituelako.
  • Kolore desberdinetako sentsibilitateak uztartzen dituen koalizioko gainontzeko kideek, aipatu berri den bide horretan, eroriko den euritik babestuko dituen mendiko bota onak beharko dituztelako. Gore-Tex eta guzti.
  • Boterea berreskuratu berri dutenek, orain, batzuek eta besteek bidean jarriko dizkieten tupustarritxoak kaudimenez ekiditeko oinetako sendo baina, era berean, malguen beharra sumatuko dutelako.
  • Boterea galdu berri dutenek, aldiz, biziko duten egoeran laprastada ikaragarririk ez egiten lagunduko dieten azken teknologiako takodun oinetakoak ezinbesteko izango zaizkielako.
  • Boterera inoiz iristerik komeni ez direnek, bukatzen joateko, hemen jarraitu beharreko ildoak zeintzuk izango diren jakiteko Madrilera egingo dituzten bidaia ugarietarako, ezinbestean, hobe dutelako eurek ere oinetako erosoak erabili. Eta herri honek eskatzen dituen pausuetarako ere hobe dutelako aurrez prestatuta egon.
  • Legebiltzarreko 75. parlamentariak, bukatzen jarraitzeko, benetako batasunak, aurrerabideak eta demokraziak eskatzen dituen parametroetan ez delako oso gomendagarria kanforra darien antezko zapata marroi zaharrekin ibiltzea.
  • Eta, azkenik, igande batean bozkatzera joatea baino mendira joatea edo korrika eginez larunbateko gehiegikeriak botatzea nahiago dutenek, horiek bai, berez behar dituztelako kirol-oinetakoak.

Nik, neureak aurkituz gero, Ebay-en jarriko ditut salgai, lortzen ditudan sosekin datozen neguko arratsalde hotz eta luzeak samurtuko dizkidan artilezko burusi lodi bat erosteko. Izan ere, norbaitek hartu beharko du batzuen eta besteen mugimenduak estu-estu jarraitzeko lana…

Ego dixi.