David Beriain
David Beriain –
Neu ere hunkitu eta ukitu nau David Beriain eta Roberto Fraile kazetarien hilketaren albisteak. Pentsatzen dut zuei ere gauza bera gertatu zaizuela.
David Beriainekin unibertsitatean kointziditu nuen. Ez nuen, ordea, berarekin batere harremanik izan eta, beraz, ez ninduen bere kazetari senarekin kutsatu. Hori, bai, atzo arte, Beriain telebistan edo paperetan ikusten nuen bakoitzean beti irudi bera etortzen zitzaidan burura, Kazetaritza fakultatean bizi izandako pasarte batena. Uste dut Iritzi Publikoa izeneko ikasgaiko saio batean izan zela, hauteskunde batzuen ostean, eta irakasleak proposatu zuela emaitzen azterketa ozen egitea. Eta hara non Beriain ikasle gazteak bere mintzaldia halaxe hasi zuen: “Geuk Ezker Batuan pentsatzen dugu…”.
Badakit, bai, anekdota horrek apenas duela graziarik, kasik ezin dugula ‘anekdota’ deitu, eta ez duela Beriainek gerora eginen zuen lan on eta ausartaren pistarik ematen. Baina nik halaxe gogoratzen nuen Beriain, oroitzapen ergel horrekin, eta orain amorratuta nago, gogorapen horrek ez didalako berriz irri zirkinik ere sorraraziko.
Beriain eta Fraile. Lurra arin bekizue, kazetariok.
[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2021ko apirilaren 28koa]
Beriainen kazetaritza egiteko modua ez dut batere gustuko. Nik uste dut Beriainek berak bere buruaz sortu zuen pertsonaiak irentsita hil dela. Narkotrafikoari buruzko dokumentalak egin zituen eta Sinaloa kartelean sartu zen. Zer behar zegoen irudi guzti horiek erakusteko? Hori informazioa ala morboa da? Horrela hasiz gero, Alquaedari atentatuaren prestaketa eta atentatua grabatzen uzteko eskatuko diogu dokumental bat egiteko. Alquaedak ziuraski utziko digu, agian sekulako propaganda egingo diogu eta jada minutu bateko arreta eskaintzea zaila egiten zaion ikuslegoaren arreta betea lortuko dugu, emozio berriak behar ditu eta. Beriainek berak esaten zuen kazetariak hor egon behar dutela bestela jendeak ez dakiela zer gertatzen den. Bai eta ez. Nik ez daukat narkoen eguneroko bizia ikusi beharrik narkoen txarkeriaz jabetzeko. Den-den-dena ez dago ikusi eta entzun beharrik. Narkoa komunera joan eta kaka egiteko unea ez dago erakutsi beharrik narkoak ere kaka egiten duela jakiteko. DMAXentzat egiten zituen dokumentalak, serie formatuan gainera… garbi dago zeren zerbitzura lan egiten zuen: morboa, espektakuloa eta DMAX bezalako kate sentsazionalista eta agresibo batentzat. Helburua informatzea? Ikuslegoa inpaktatzea eta kopurua handitzea esango nuke. Eta zurrunbilo horretan, azkenean heriotza aurkitu du. Ikuslegoa gustura utziko zuen agian baina bere bizitza izorratu du tamalez. Zerbait gehiago merezi zuen.