Dantza laguna
Dantza laguna –
Aitortu behar dut. Nik ere zalantza handiak nituen aldaketaren etorkizunaz Barkosen gobernua abiatu eta urtebetera. Hanka-sartze gehiegi, moteltasun handiegia, duda-muda nabarmenegiak etorri berriek. Ikasi egin dute, ordea, edo guk ikasi.
Erauntsia nahi genuen, eta langarra eman digute. Batzuetan, tantaz tantako ureztapena. Beharbada, hala behar zuen. Beharbada, hala behar du. Gobernu jarduerak sendotu du Barkosen kabinetea, eta oposizioarenak, higatu beharrean, seguru aski indartu. Aldaketaren gobernua sinesgarriagoa da gaur duela hiru urte baino. Haren jarraipena, posibleagoa. Eta oposizioa –UPN, PP- gero eta urduriago. Azken asteetan Madrilen izan den itzulipurdiak berretu die kezka. Kontatzen dakienak badaki PSNrik gabe nekez osatuko dutela gobernu alternatiborik. Eta Geroa Baik –gobernuaren sostengu nagusiak- ezin bere poza ezkutatu, 2019an PSN dantza lagun izan lezakeela ikusita.
Galai ederra, ongi jantzia, profiden irribarrekoa, hiriburu handian ongi kokatua. Ez dadila itsutu, hala ere. Ongi dago norberaren autoestimua elikatzea. Eta politikan ere komeni da beti aukera bat baino gehiago izatea. Oroimenak ez diezaiola huts egin, ordea, Geroa Bairi. PSNren historiala, gizon batzuena bezalakoa da. Ez dago nork zuzendua. Aukera izanez gero, egin eginen du berriz. Beharbada oraingo dantza laguna ez da munduko mutikorik ederrena. Puntu zakarra ezin ukatua du. Premiatsuegia izaten da maiz. Haren iragan beti ere deserosoaz ahantzi gabe. Eta hala ere, fideletan fidelena azken hiru urteetan.
PSNk aunitz demostratu behar du oraindik aldaketan parte hartzeko. Segi dezala, faborez, pentsatzeko zokoan.
[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2018ko ekainaren 13koa]