Dakienak badaki
Dakienak badaki –
Azaroaren 23an Iñigo Ansolak EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidentetza hartu zuen bere gain, eta, Itxaso Atutxaren bidetik, ez du denborarik galdu Guggenheim Urdaibai proiektua goraipatzeko. Abenduaren 11n, ETBko Egun On saioan entzuteko aukera izan genuen.
Harritzekoa da BBBren ardura-postu horretara heldu berri denak proiektuaren inguruan duen informazioa. Iraila eta urria bitartean, gure plataforma honako hauekin bildu da: Etxanobe (Bizkaiko ahaldun nagusia), Andueza (Euskadiko Alderdi Sozialistako idazkari nagusia eta Eusko Jaurlaritzaren bihotz erdia) eta Bengoetxea (Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea eta Kultura sailburua). Bilera luze bezain antzuak. Hainbat administraziotatik proiektua bultzatzen dabiltzan arren, ez zuten horren inguruko informaziorik zabaldu nahi; izan ere, ez dute proiektua ezagutzen, edo, bestela, egitasmoa definitu barik dago.
Ansolak, baina, gainerakoek baino informazio gehiago omen du, eta hara zertzuk esan zituen, aho zabalka esan ere:
- «Zalantza barik, proiektu hau kulturala da, eta Bilboko Guggenheimen osagarria izango da». Proiektu kulturala izateko, programa kultural bat izan beharko luke, eta ez da horrela. Zer diote kulturaren munduko lagunek proiektu horren inguruan? Gauza gutxi, ez baitute ezagutzen; inork ez die kontsultarik egin, ezta iritzirik eskatu ere. Guggenheim Urdaibai proiektuak beren egoera jada prekarioa okertu dezakeela esan dute, eta Euskal Herriko museoen sarean inbertitzeko eskatu. Bilboko museoak 1,9 miloi euro ordaintzen dizkio urtero Guggenheim Fundazioari, frankiziaren izena erabiltzearen truk. Dirutza hori gure kulturgileen eskuetan balego, zer ez ote lukete sortuko!
- «Ingurumena berreskuratzeko proiektu garrantzitsu bat ere bada (…) Murueta ontziolak 42.000 m2 okupatzen ditu, eta museoak 8.000 m2-ko azalera izango du». Zorionekoak gu! Baina aizu, Ansola jauna, zergatik jarraitzen du ontziolak azalera hori okupatzen, emakida 2018an iraungi bazitzaion? Zergatik administrazioak ez dio enpresari exijitu eremu horretan egiten duen jarduera ere Erandioko ontziolara eramateko? Borondate faltagatik eta interes politiko argiengatik. Bestalde, Ansola jauna, zer momentutan aipatuko dituzu 8.000 m2-ko museotxo hori bisitatuko duten 140.000 bisitariak, biosfera-erreserbaren eremu zaurgarrienean eta babes figura zorrotzenak dituenean, paseoan ibiliko direnak? Zelan lagunduko dio jarduera horrek bertako espezie eta habitaten kontserbazioari, eta zelan lagunduko du horrek dagoeneko gainezka eginda dagoen estuarioaren egoera hobetzen? Esan zuen bai lehendakariak: «Ez da oso inbaditzailea…».
- «Nekazaritza-ustiapenei dagokienez, padura batzuk desagerrarazi egin ziren, eta proiektu honek berreskuratu egingo lituzke». Proiektuak ez, Europako Natura Leheneratzeko Legeak ahalbidetuko du lan hori, nahitaez. Guggenheim Fundazioak ez du euro bakar bat ere inbertituko proiektu honetan, eta dirua beste leku batzuetatik etorriko da: Europako Next Generationen laguntzetatik eta Espainiako Gobernuaren Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministeriotik, osotasuna eta Urdaibaiko estuarioaren errestaurazioa bultzatzeko. Bestalde, Ansola jauna, zergatik ez dituzu aipatzen Muruetako Ontziolak 1970eko hamarkadatik 2003. urtera bitartean egindako dragatuak? Lan horiek estuarioaren %4 sikatu dute, 50 futbol-zelairen pareko azalera. Nor da horren arduraduna?
- «Euskadiko URA Agentziako zuzendaria izan naiz. Guretzat kezkagarria izan da beti ur azpiko uren kutsadura, eta horiek berreskuratzeari buruz ere ari gara. Bestalde, Daliak okupatzen dituen 21.000 m2-tik 7.000 m2-ko proiektu batera pasatuko ginateke». Ostera ere, zorionekoak gu! Baina Dalia 1980ko hamarkadan zarratu zuten, eta aldundiaren esku egon da 40 urtez. Beraz, lurrok eta azpiko urak orain presaz garbitzeko lanek helburu bakarra dute: partzela horretan museo bat eraikitzea. Eta bai, ongi etorriak lanok, herritarron osasunak eskertuko du! Baina, Ansola jauna: URA agentzia zuzendu zenuen bitartean ez zenuen keinu bakar bat egin akuiferoa deskutsatzeko; jakina, orduan ez zegoen museo bat eraikitzeko proiekturik.
- «Zalantza barik, inguruko gizarteari entzun behar zaio, herritarrei entzun behar zaie, eta uste dut lan garrantzitsua egin behar dela parte-hartzean, ahalik eta proiekturik onena egin ahal izateko». Gu ere bat gatoz horrekin. Martxan jarri behar dira aspalditik lau haizeetara zabaltzen zabiltzaten entzute aktiboa eta foro partizipatiboa. Baina, mesedez, museo berria inauguratu aurretik izan dadila. Momentuz, eskualderako plan sozioekonomiko estrategiko instituzionala martxan jarri duzue, baina, hara non, Guggenheim Urdaibai proiektu estrategikoa plan horretatik kanpo utzita. Zelan ulertu behar dugu hori?
Guk instituzioen eta agintarien zain jarraitzen dugu. Herritarrei kasu egitea eta proiektuaren inguruko informazioa ematea erabakitzen dutenean, hantxe izango gara. Baina, bitartean, badirudi Ansola jaunak Etxanobek, Anduezak eta Bengoetxeak baino informazio gehiago duela. Hurrengo bilera berari eskatu behar genioke? Administraziorik ordezkatzen ez duenarengana jo behar genuke informazio eske? Edo, beharbada, batzokiren batetik pasatu?