Cruising Bilbao ilunenean? Hirian sexu jorrarik ez!
Aire zabalean bi lagunen (edo gehiagoren!) arteko sexu harreman bat-batekoari esaten ei jako cruising, jeneralean gizonen artekoari, eta Bilbaon Santo Domingo Gainea ei da horretarako gune aproposa (eta ez bakarra).
Sexu grinaz danak badaki bertaratu eta harremanetarako laguna topatu daikela, zehatz horretara jotzen baidabe gay-ek bertara; baina pasa dan martxoan ezohiko begirada jokoa izan eban Santo Domingora jo eban homosexualak, Partido Popularreko zinegotzi Luis Hermosarena.
Auzokoak kexu zirala-eta jo eban Santo Domingora Hermosak (EAJ-ko segurtasun zinegotzi Tomás Del Hierrok baitabere), eta total asaldatuta egin ei eben ospa, bateren batek eurokaz harremanetan hasi nahi izan ebala-eta. Begirada (ustez) lizunen batek gizona artega paratu eban, antza; azalpenak emon ezinik egoan Del Hierro udalbatzan.
Ikuspuntu aurrerakoi eta ireki batetik begiratuta pasadizoa barregarri samarra litzateke (udalbatzan ez zan txantxa eta barre urduririk falta izan), baina segurtasun zinegotziak udalbatzara eraman eban kontua, eta udal arautegia (zorrotza eta eskubideen murriztailea) bete daiten eskatu, segurtasun neurriak areagotuaz, “gizalegerik bako jardun sexualak” zirala-eta.
Halandaze, inguruan bizi diran bilbotarrak babestea ei dau helburua Partido Popularraren eskariak –“sexu harremanak jendaurrean egitean dago arazoa”, dio Hermosak-; udalbatzan ez eban inork jardun sexuala (edo gehiago, homosexuala) gaitzetsi nahi izan badaezpada bere, homofobotzat jo ez daiezan. Baina PP-ren eskaerea, urrun eta ilun dagoen Santo Domingo gaineko basoa hobeto zaintzekoa -ez zoaz bertara cruising-era ez bada- aurrera atera eben, Partido Socialista eta EAJ-ren babesari esker. PSE-ren aldetik, Alfonso Gil-ek, “cruising-a ez da betidanik Bilbon egin izan doguna” adierazpen mamitsua egin eban, “eta eskubide indibidualetatik urrutiago doa”; Ibon Areso alkateak, bere aldetik, “ezin dogu bozkatu udal ordenantza betearaztearen kontra” ihardetsi eban EAJ-ren izenean, gaiari garrantzia kenduta.
Udalbatzan, sexu jarduera ez gizalegezkoak (kontuz, jendaurrean egiten diralako baino ez gero!) dirala kausa cruising eremuan segurtasuna zorrozteko eskaereari aurre egin eutsan alderdi bakarra; Bildu. Bi helduk, eta bien oneritziagaz, ezkutuan dagoan artadi batean sexu-jorran ibiltzeari normala begitanduta: “PP-k egin dabezan debeku guztiak eta gero, ematen dau orain larrutan egitea bere galarazi nahi dabela” esan eban Aitziber Ibaibarriagak.
Santo Domingon cruising-erako erabiltzen dan eremuan, eta segurtasun zinegotziak berak udalbatzan onartu ebanez, “ez da piperrik ere ikusten”; zurbeltz basoa da-eta. Baina badira hiriburuan cruising-erako txoko gehiago bere, hara!
* Cruising zeri deitzen deutsen hobeto ulertzeko, Alain Guiraudie-ren “L’inconnu du lac” (Lakuko ezezaguna) film frantziar bikaina ikusi ahal dozue (bertatik hartu dogu argazkia). Cahiers du cinéma aldizkariaren esanetan 2013ko filmik onena Bilboko Zinegoak jaialdiak proiektatu eban.
* Bilboko udalbatzak emon ebana ikusteak, zinegotzien berbetea, jarrera… merezi dau benetan bere (entzun Del Hierro 9.35 minututik 11.35 minutura!).