COVITE-k armagabetzea salatu du
COVITE-k armagabetzea salatu du –
Aurrekoan entzun nuen Alfonso Alonso telebistan: “terroristen lagunek kontakizun faltsu bat inposatu nahi dute, hau ez gatazka bat izan, hau terrorismoa izan da, biktimak alde bakarrekoak dira…”. “Ur Handitan” programan agertu zen Etxarriko PP-ko zinegotziaren alderdi eta maila bereko arrazoiketa, Alonsorena.
Itsuena ikusi nahi ez duena omen da.
COVITE elkarteak Txetx Etcheverry eta Mixel Berhokoirigoin salatu ditu: kolaborazioa, estalketa eta armak legez kanpoko edukitzeagatik. Hori, noski, da erran behar dena, salaketa ofiziala; itzalekoa aski ongi baitakigu zein den.
Etxerat elkarteak horrela definitzen du bere burua: “Euskal preso eta iheslari politikoen senideak eta lagunak gara. Senide izatea ez da hautazko egoera, espetxeak eta erbesteak inposaturiko egoera baizik… Eskubideen urraketak salatzen ditugu… Asistentzia, aholkularitza eta laguntza. Egoera mingarri honek sortutako samina txikitu eta leuntzeko…”
Ikusi al duzue inoiz Etxerat elkartea norbait salatzen eskuin muturreko jarrerengatik? Adibidez, izen bat esatearren, Alberto Ruiz Gallardon? Etxerat norbait salatzen esateagatik Guardia Zibilak Euskal Herrian egon behar dutela eta gainera, gehiago behar direla? Eraildako, torturatutako, bahitutako euskal independentista guztiei egin zaien irain bakoitzari salaketa bat jartzen?
Niri ezetz iruditzen zait. Agian estatuak ez duelako horretarako esparrurik eskaintzen; beharbada, hori ez delako haien lan esparrua. Ziurrenik, Etxeraten lana senide eta lagunei sustengua ematea delako. Batzuei espetxean edo erbestean, eta besteei etxean zain, egoera latzak bizitzea egokitzen zaielako, eta ataka horretatik pertsonak ahalik eta hobekien atera daitezen saiatzen den elkartea delako.
COVITE-k Bakearen Artisauak salatzea badu halako elementu surrealista bat; saiatu atzerritar bati azaltzen.
– Ba ETAren biktimen elkarte batek bi lagun salatu ditu.
– A bai, zer dala eta?
– Esfortzu handia egin dute ETA erakundeak armak entregatu ditzan, eta azkenean lortu dute.
– Orduan, ETAren biktimek osatzen duten elkarte batek ETA armagabetzen lagundu duten bi lagun salatu ditu.
– Hori da.
– Azaldu berriz, otoi.