COVID-19: Baserritarron Azokak berriz ere arriskuan
COVID-19: Baserritarron Azokak berriz ere arriskuan –
Urteroko hitzordua da Zarauzko azoka ekologikoa, Gipuzkoako Biolur elkarteak eta Zarauzko Udalak antolatuta, aurten abuztuaren 21ean. Egun berezia izaten da, lehendabizikoa delako, gehienbat. Neguan zehar ikusi ez dituzun lagunekin –baserritarrak eta kaletarrak– topo egiteko aukera da, bakoitzak zer bizi izan duen etxean, baserriko martxa nolakoa izan den… Hori lehena da, ondoren Donostia, Errenteria, Zerain, Aretxabaleta, Eibar eta, bukatzeko, Leintz Gatzaga. Abuztuan hasi, eta ia astebururo, urrira arte, azoka bat daukagu. Ekoizle txikiontzat oso garrantzitsua da garai hori baita salmentari begira ere, bultzadatxo bat ematen dio; guztiontzako da garrantzitsua, izan gaztagile, okin, oliogile, ardogile, pastagile, baratxurizale., marmelada ekoizle… eta zer esanik ez baratzazainentzat. Bertaratzeko ohitura dutenek, honezkero jarrita diote aurpegia ekoizpen mota bakoitzari, ziur.
Ekologikoan ari garen baserritar txikiontzat zuzeneko salmenta ezinbestekoa da, beti; eta hor du berebiziko pisua Biolur Gipuzkoa Elkarteak eta Udalek egiten duen lanak azoka horiek guztiak aurrera ateratzeko. Eta halako batean, COVID-19 dela eta, heltzen da lehen albiste txarra: Zarauzko azoka ekologikoa kolokan dago, datorren astean bilduko omen dira Osasun sailarekin. Eta astea bukatzeko, beste bat, bigarrena: Leintz Gatzagako azoka ekologikoa ez da egingo, bertan behera utzi dute; hor zalantzarik ez.
Lehena eta azkena, Zarautz eta Leintz Gatzaga, biak ala biak. Eta tartean daudenak, zer gertatuko da tartean daudenekin? Beldurgarria da panorama, oso. Eroriko ote dira besteak ere?
Asteroko azokak bertan behera utzi zituztenean, jende asko haserretu zen, ez baserritarrok bakarrik, baita kaletarrak ere. Izan ere, haiek ere ulertu zuten euren elikaduraren gaineko erabakiak lapurtu egin zizkietela, debekatzen zietela baserritarroi zuzenean erostea, behartzen zituztela bestelako bideak erabiltzera elikatzeko –zenbait bidek Eusko Jaurlaritzaren diru-ekarpena jasota. Aldi berean, etorri zen baratzeetara joateko debekua; eta, berriz ere, norberak bere janaria lortzeko/ekoizteko eskubidearen urraketa. Jendartearen erantzuna erabatekoa izan zen, eta ondoren etorri ziren berriz ere azoka plazen irekiera –batzuk izan ziren, halere, mantendu zituzten Udalak, segurtasun neurriak hartuta, beti ere–.
Hilabete gutxi batzuk baino ez dira pasatu, eta hementxe gaude, berriz ere azoken itxieren mehatxupean. Eta gaude esaten dudanean, neure burua ere hortxe dago, baserritarra eta eroslea naizen aldetik; mehatxupean dago gure etxeko diru-sarrera garrantzitsu bat, eta mehatxupean dago geure etxerako janaria eskuratzeko aukera, zuzenean beste baserritar txiki ekologikoei erosita.
Zer edo zer argi geratu bada denbora tarte honetan izan da garbitasun neurriak eta distantziak mantenduz gero –eta mantentzen dira–, baserritarron azokak seguruak direla. Nik ez dut kasu bat bera ere ezagutzen espazio hauekin lotuta, bat bera ere ez. Inon segurtasun neurriak errespetatu badira, herrietako azoketan izan da, baserritarrok are zorrotzago jokatu dugu. Geure kasuan, adibidez, etxetik atera den gazta zati bakoitza hutsean ontziratuta atera da, eta plastiko hori alkoholez garbituta; berdin egin dugu arkume pakete bakoitzarekin –beste alde bat badu kontuak: plastikoaren erabilera oso zalantzagarria–. Eta gainontzeko baserrietan halaxe izan dela ez dut dudarik.
Beharbada, batek baino gehiagok pentsatuko du azokek ez dutela inongo funtziorik betetzen gaur egun, folklorikoa ez bada, aisialdiarekin lotuta ez bada. Axaleko irakurketa dela esango nuke. Ezer egiten badugu denok eta egunero jatea da, denok –zorionekoak bagara– eta egunero-egunero. Nola geratu daitezke bizitzarako bideak direnak hain unibertso friboloan?
Zoritxarrez, uste dut azokak antolatzen dituzten batzuek buruan axaleko alde hori dagoela; erreparatu, bestela, zein departamenduk antolatzen dituen azokak. Askotan Turismok edota Kulturak. Esanguratsua. Batzuek ikusten dituzte azokak eta ikusten gaituzte baserritarrok turistak entretenitzeko pertsonala, euren oporretako argazkia osatuko duen benetakotasunaren isla, sustrai kulturala duen herriaren aurpegiak gara gu, lurrari lotuak, arbasoei kateatuta.
Bai, benetakoak gara, hemen gara, janari osasungarria eta osasuntsua sortzen, animaliak eta lurra zaintzen; jakin badakigulako jasoko badugu, mimatu egin behar ditugula, haiek gabe gu ez garela. Prozesu horretan gaudela ez ditugu turistak buruan, baizik eta gure herrikideak, gure komunitatea. Horrek ez du esan nahi gurea ezagutzera etortzen denari ez zaionik jaten emango , ez horixe; baina gure ardura hemen dago.
Bai, kultura ere bagara, ez gara izango bada! Dena den, susmoa dut, kulturaren egoera ikusita –are gehiago euskal kulturarena– Kultura sailetan bukatzen dugula garrantzi gabekook, inon lekurik ez dugunok, eta hori denon kalterako dela esango nuke, helburua, hasiera hasieratik, kamutsa denez, estrategia eta emaitza hala moduzkoak izaten dira, eta geratzen den neurgailu bakarra azoka horretara joan den jende kopurua da. Pobrea, oso pobrea.
Ulertzen ditut beldurrak, neuk ere baditut; baina beldurrak ezin gaitu azpiratu, zentzua erabili behar dugu, jakinda hartzen ditugun erabakiak besteengan dutela eragina. Ulertzen dut ardura publikoa zama izan daitekeela, eta pentsatzen dut ardura hori hartzen denerako, norberaren beldurrek ez dutela aginduko ziurtatu dugula, bai, ordea, gure zentzu onak.
Horregatik guztiagatik eskatzen dut azoka ekologikoak eta baserritarron edozein azoka bertan behera ez uzteko; are gehiago, animatu nahi ditut Euskal Herriko Udalak azokak antolatzera, komunitatea egiten dutelako, landa eremuko eta kaleko errealitateak gerturatzen dituelako, erosleek euren elikaduraren ardura hartzen dutelako informazio zuzenaren bitartez, gertuko ekonomia erreala bultzatzen delako, azoka horietan egiten diren erosketekin lurralde antolaketa eredu jakin bat babesten delako.
Hori eta askoz gehiago lortzen da azoken bitartez, baita COVID-19a gure artean dagoela; ez gaitzala beldurrak jan, ezin ditugu azokak itxi.
Tira ba, gai honek irakurketa erreza dauka eta arazoaren konponketa aise topa daiteke, baina ikusita nora begira dauden gure agintariek, nekeza ikusten dut.
EAEn jaten ditugun elikagaien % 5a ekoizten da soilik gure lurraldean. Hau da, kontsumitzen ditugun elikagaien % 95a “atzerrikoa” da. Hori dela eta, landa eremua dagoeneko ez dugu elikagaien sorleku bezela ikusten. Gure despentsak eta hozkailuak beteta ditugu…kanpotik datozkigun elikagai “merkeekin”!! Tamalgarria benetan!!
Landa eremua hor dagoela ohartzen gara zabortegiak, erraustegiak, golf-zelaiak edo lurzorua zementuz estaliko duten azpiegiturak egin behar direnean. Landa eremua hiriko biztanleen apetak eta premiak (zaborrak, aisaldia, lana…) asetzeko izango da, eta bertako herritarrak bigarren mailako “hiritar” izango dira.
Edozein errialdetan elikagaien ekoizpena gai estrategikoa da. Gainontzeko sektoreak bezela zaindu eta babestu beharko zen, eta akaso gehiago, egunero jan behar dugulako eta jaki horiek kalitatezkoak, gertukoak eta garaikoak izatea komeni delako. Hortxe kokatzen ditut gure baserriarrak eta abeltzainak, eskala txikiko janari-ekoizleak. Beraien lanari esker kalitatezko jakiak eskuratzen ditugu.
Energia merkea izatera ohitu gara eta atzerriko jaki “merkeak” jatera ohitu gara baina nekazaritza industriala, monolaborantzan eta fitosanitaroen erabilpen masiboan oinarritzen da. ingurumenak eta sektore horretan lan egiten dutenak “garesti” ordaintzen dute.
Ikuskera- edo paradigma-aldaketa behar dugu.
Niretzat gozamena izaten da zapatuko baserritarren azoka bistatzea eta bertan erostea. Kaitatezkoa eta gertukoa. Gora zuek, baserrritarrok!!