Covi-Diktaduraren aurka
Covi-Diktaduraren aurka –
Emergentzia egoeran bizi gara, bai, baina ez da birus berri batengatik, baizik eta birus horren kontra borrokatzeko ezarri diguten diktaduragatik. Orden berri bat inposatu nahi digute eta koronabirusa izan da aukeratu duten aitzakia. Ondo ateratzen ari zaie momentuz, oso ondo.
Egia esan, ezkor nago aspaldi honetan; ezkerreko jende asko koronabirusaren inguruan eraiki duten zirko honetan gogotsu parte hartzen ikusten dudalako. Arduragatik egiten dutela diote baina jendartearen oinarrien kontra ari dira, erlazio sozialen kontra ari dira. Sozialak gara, beste pertsonen beharra dugu, komunitatean bizi behar gara, guztion artean sistema madarikatu hau suntsitu eta eraldatu behar dugu… bestela hilda gaude.
Distantzia sozialarekin sozialismoa ezinezkoa da, kaleak, zelaiak, mendiak zapaldu gabe naturarekin lotura galtzen dugu. Ez bagara naturaren parte sentitzen ez dugu defendatuko eta ez badugu amalurra defendatzen ez dago etorkizunik. Saihesten ez badugu, kapitalismo estraktibistak denarekin bukatuko du eta etxean sartuta nekez lortuko dugu.
Koronabirusa agertu eta gutxira Munduko Foro Ekonomikoak, botere ekonomikoaren eta politikoaren bilguneak, “The Great Reset” aurkeztu zuen. Iberdrolako web-orrian begiratzen badugu operazioaren nondik norakoak azaltzen dizkigute eta hiru hitzekin laburbiltzen dute: berreraikitze ekonomiko jasangarria.
Aurten Davosen bilduta digitalizazioan eta garapen jasangarrian jarri dute fokua eta Europa berreraikitzeko funtsek kapitalismo berdea edo Green New Deal eta digitalizazioa dute helburu. Aldaketa klimatikoa aitzaki hartuta, diktadura globala sakondu eta estraktibismoa bultzatu nahi dute.
Euskal Herrira etorrita, aldaketa klimatikoa saihesteko Green New Deal deituriko horren izenean gure mendiak eta gure lurrak okupatu eta deuseztatu nahi dituzte ehundaka haize-errota erraldoiez eta milioka plaka fotoboltaikoz beteta. Nafarroan eta Araban 30 proiektu inguru tramitatzen ari dira momentu honetan. Denak batera aurkezten ari dira ahalik eta gehien eraikitzeko.
Herriak hustu nahi dituzte, hirietan jendea bildu, etxebizitzako blokeetan giltzapetu, erlazio sozialak telefono batekin ordezkatu… teknologia eta digitalizazioa dena kontrolatzeko erabiltzen ari dira. Kaleak poliziaz bete dituzte eta balkoietan txibatoak; kontrol soziala itogarria da.
Teknologiak ez gaitu salbatuko, digitalizazioa jendartearen kontra doa. Ez badugu gaur egungo sistemarekin bukatzen ez daukagu ezer egiterik. Eta kapitalismoarekin amaitzeko covi-Diktaduraren aurka borrokatu behar dugu, ere bai. Hau ez da berez bukatuko, lortu duten botere guztia ez dutelako ihes egiten utziko. Kaleak berreskuratu behar ditugu, maskara kendu, jendearekin bildu… Lan asko dugu aurretik.
… oso ondo. Orain musukoa jarri eta neurriak bete.
Ados Iñigo Lezaren ikuspegiarekin eta bejondeiola esandakoak esateagatik. Pena bat, baina, iruzur kriminal honen jarraitzaileak gehiengoak izatea gure herrian. Estokolmoren sindromea izango da edo, baina itsu-itsuan onartu ditugu menperatzaileek eta horien soldatapeko “adituek” ezarririko ikuspegi eta neurriak. Pena diot, zeren azpiratu izateko moduak eta moduak daude, eta gurea da guztietatik higuingarriena eta lotsagarriena. Horren inozoak gara non poz-pozik goazen makina bat herrialdetan debekatua izan eta ezer onerako balio ez duen pozoin transgeniko bat txertatzera. Merezimendu osoz ordainduko dugu inozokeria.
Koronabirusak intzidentzia handia izan duen herri batean, asteburuetan, gauez, etxe bloke baten azpiko garaje batean gazteak elkartuta algara batean somatzen nituen. Egun batean, ertzaintzari deitu nion. Ertzainak etorri ziren eta egin beharrekoa egin zuten. Gazteak ez dira gehiago elkartu lokal horretan. Ertzaintzak eta nik ziuraski bizi asko salbatu ditugu elkarlan horrekin.