Colette Magny eta hunkidura 50 urte geroago

Colette Magny eta hunkidura 50 urte geroago –

Apaizen Zamorako kartzela zabaldu zenetik 50 urte bete diren honetan, orain egun batzuk, urtarrilaren 17an, Pierre Prouveze marseillarrak Camarade curé izeneko filma estreinatu zuen Donibane Lohizunen. Filma egiteko arrazoi nagusia, 68ko maiatzeko Colette Magny kantariak Gogor diskoan bildutako Julen Lekuonaren “Ez, ez dut nahi” kantua urtetan frantsesez kantatu izana, Euskal Herrian kontu horren berririk ez zela.

Colette Magny eta hunkidura 50 urte geroago

Prouvezek, Magnyren jarraitzaileak, kantuaren jatorria ezagutu zuenean ikertu eta aurkitu zuen historiaren ingurukoa da dokumental hau. Gogor diskoan bildu zituzten abade errepresaliatuek hainbat protesta-kantu, horien artean Lekuonarena, eta “Iltzalle bat bezela”, “Egun da Santi Mamiña” eta “Sinisten dot” bezalako beste batzuk.

‘Ez, ez dut nahi’ abestia frantsesez ezagun egin zuen Colette Magny abeslari komunistak. Ikusi hemen:

Kasualitaterik bada, orain egun batzuk, urtarrilaren 14an, hil da Agorila diskoetxeko burua, Pierre Meyzenc, Gogor diskoa argitaratzeko erabakia hartu zuena Luis Mari Retolazak, Klaudio Gallastegik eta Xabier Amurizak berak masterra mugaz gaindi eraman ostean. Luis Mari Retozalazaren baserrian aurkitu berri dituzte Gogor diskoaren 600 kopia LP formatuan. Kasualitateak eta kointzidentziak, gauza asko batera 50 urte beranduago.

Mikel Epaltza zeremonia-antolatzaile zela, Donibane Lohizuneko emanaldira bildu ziren Zamorako kartzelan egondako Xabier Amuriza eta Juan Mari Zulaika, eta Juan Mari Arregi apaiz ohiak, Julen Lekuonaren seme-alabak eta dokumentalaren inguruan Prouvezek ezagututako beste hainbat euskaltzale eta lagun. Emanaldi bakarra izan zen, eta aretoa guztiz bete zen. 300 bat lagun Lohizunen, eta Hego Euskal Herrian orain 50 urte gertatutako historia baten haritik sortu zen kantu baten aitzakian bilduta.

Prouveze zuzendariaren filmak lortu zuen bere helburua, emozioa eragitea, eta aretoan bildutako protagonistek eta ikusleek, denek batera kantatu zuten zutik “Ez, ez dut nahi”, eta une zirraragarria izan zen protagonista guztientzat 50 urte beranduago. Gertakari harrigarria izan zen filmak eta kantuak eragindako hunkidura kolektiboa.

Martxoan emanaldi gehiago izango dira Ipar Euskal Herrian eta asmoa Bilbora ere eramatea da.

Colette Magny eta hunkidura 50 urte geroago